Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Xan Bidegain. Musikaria

«Maite dut Baiona festa giroan ikustea»

Bidegainentzat berezia da gaur Willis Drummondekin Baionako besten karietara emanen duen kontzertua, izugarri prezatzen baititu bestak, eta, gainera, bestetan gustukoen duen plazan baita, Patxan.
BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Nora Arbelbide Lete -

2018ko uztailak 26 - Baiona

Hamar bat aldiz emanak ditu kontzertuak Baionako bestetan Xan Bidegain baxu jotzaileak (Baiona, 1980). Willis Drummondekin aritua da behin, eta gaineratekoak beste taldeekin, dela Los Cojonudos, Eelan edo Berri Beltzak taldeekin. Kontzertu gehienak, ostatuetan. Baina gaurko kontzertuak badu zerbait berezia: lehen aldia da Willis Drummondek Patxa plazan jotzen duela. Baionako gaztetxeak gonbidatu ditu, besta alternatiboan; 22:00etan dute kontzertua. Eta Patxa plazak badu garrantzia taldearentzat. Funtsean, hor dituzte kideek besta ordu anitz iragaten. Aurten, gainera, kontzertu bakarra dute besten denboran, eta Baionan da. Beraz, bost egunak egiteko perspektiban dago Bidegain.

Nolako gogoarekin igoko zarete taula gainera?

Besta memento on bat sortzeko gogoarekin, gure lagun asko etorriko baitira, eta, agian, baita zale batzuk ere. Beti bezala, publikoarekin batzeko asmoa izango dugu, agertokiaren eta publikoaren arteko barrera hausteko.

Patxa plazak haustura horren lortzeko aukera emanen dizue?

Pentsatzen dut. Historikoki, plaza alternatibo bat da. Garai batean, Patxakoek lan handia egin zuten ez gehiago izateko droga salmenta toki bat. Eta lan hori egina izan da. Orain, gazteek hor berean besta alternatiboa antolatzeko aukera izatea bikaina da. Askatasun toki bat da, eta horrek laguntzen du giroa hobetzen.

Zer duzu gustukoen Baionako bestetan?

Hemengoa naiz, eta badu 38 urte egiten ditudala. Gutitan huts egiten ditut. Bereziki maite dudana giro orokorra da. Maite dut Baiona ikustea festa giroan. Urtean zehar, leku beretan egoten naiz, baina urtean zehar ez dagoen giro bat bada bestetan. Jende asko-asko gurutzatzen dut. Batzuetan, urtean behin ikusten dudan jendea da. Bada askatasun aire bat: ez zernahi egiteko, baina bada zerbait. Ordutegirik ez da, hitzorduak bakarrik besta egiteko hitzorduak dira. Ez da lan egiteko hitzordurik. Ez da sekula ez berantegi, ez goizegi, jendearekin topatzeko.

Zerk egiten du giro bat ona eta beste bat txarra?

Urte luzetan lan egin izan dut Sankara ostatuan Baionako besten garaian. Ematen genuen musika ez zen frantses musika triste hori, eta jende asko etortzen zen musika entzutera. Eskertzen gintuzten ezartzen genuen musika onagatik.

Musikak anitz eragiten du?

Ostatuan musika kontrolatzeko xede bat bagenuen. Musika ez dadin izan bortitzegia, edo ez dadin izan reggaeton itsusi bat, super sexuala, edo musika frantses triste hori. Sebastien Patochen La Cartouche kantua hedatu zen urte batez, adibidez. Afrusa zen. Jendea horrelako musikekin askaraztea ez da egokia, nire ustez. Oro har, kalitate pixka bat ematen bada, bai edaten den alkoholean, bai espazioan eta bai musikan, jendea beste giro batera pasatzen da. Inportantea da ere sentiaraztea hemen nortasun berezi bat badela. Kanpotarrei adieraztea ez direla nonahi; ez direla ondoko diskotekan edo kanpineko bestan. Badela beste proposamen bat, beste errealitate bat.

Baionako auzapeza bazina, zer proposatuko zenuke bestentzat?

Hasteko, komun gehiago eta nonahi, eta behartuko nituzke ostatuak komunak zabaltzera. Proposatuko nituzke kontzertu gehiago: bada aski plaza. Azkenik, kanpoko ostatuak debekatuko nituzke kale hertsietan, karrikak ahal bezain irekiak izateko. Non dira gehienik gertatzen tentsio momentuak? Jendea metatzen delarik. Eta non metatzen da? Karrika hertsietan, bi kanpoko ostatuen artean. Sexu erasoak ere hor badira anitz.

Zer gomendatuko zenioke lehen aldiz Baionara heldu den euskaldun bati?

Lehen aldi batentzat, egunez etortzea. Ez baldin baduzu herria ontsa kontrolatzen, galtzen ahal baitzara aski fite gauaz. Baina lasaiki etortzea. Eta segitzea besta alternatiboen egitaraua, euskarari lotu animazio guztiak: Baionako bestak euskaraz bizi daitezke.

Zer gomendatuko zenioke lehen aldiz Baionara heldu den ez-euskaldun bati?

Ez dezala pentsa zernahi egin dezakeela. Errespetatzea tokia, bere burua eta ondokoarena. Zure burua eta zure ondokoarena zainduz gero, gauzak hobeki pasatzen dira. Horrek behartzen zaituelako kontrol puntu bat atxikitzera.

Anekdota ezkor bat?

Gogoan dut beti Poliziak kargatu zuelarik igande gau batez Patxoki aitzinean. Biziki bortitza izan zen; zaurituak, jendea ikaran...

Oroitzapen goxo bat?

Manu Chaoren Baionako bestetako kontzertuarena. Garai hartan, txaranga bat bagenuen: gaua amaitu genuen Txiriboga ostatu zerratuan Manu Chao eta bere lagunekin musika jotzen berandu arte.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.