ATZEKOZ AURRERA. Ricardo Saez de Heredia. Andre Maria Zuriaren Kofradiako kidea

«Bakoitzak bere egiten du Andre Maria Zuriaren irudia»

Kutsu erlijiosoa izanagatik ere, jaietan hainbat adin eta izaeratako herritar gehien biltzen dituzten ekitaldietako bat da Farolen Arrosarioko prozesioa.

aitor biain
Gasteiz
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Andre Maria Zuriaren kofradiak Gasteizko jaietako usadio zaharren ardura du, hark antolatzen baititu Farolen Arrosarioko prozesioa edota Egunsentiko arrosarioa. Horien prestaketa lanetan orduak ematen ditu Ricardo Saez de Heredia kofradiako kideak (Gasteiz, 1947). Aurten ere erakutsi nahi dute hainbat jai eredu uztar daitezkeela.

Hogei urteren ostean, aurten Dato kaletik igaro da Farolen prozesioa.

Hala da. Dato kalean jarri zituzten zuhaitzen ondorioz arazoak izaten genituen bertatik pasatzeko, zenbait elementu ez baitziren sartzen edo adaxkekin trabatzeko arriskua egoten baitzen. Aurten, aldiz, udalak egokitu egin ditu zuhaitzak, eta betiko ibilbidea berreskuratu dugu. Herritar askok eskatzen ziguten, eta guk ere behar hori nabaritzen genuen. Aproba egin genuen ekainean, eta, arazorik izan ez genuenez, aurrera egitea erabaki genuen.

Zer esan nahi du horrek kofradiarentzat?

Pozik gaude hogei urteren ondoren berriz ere erdigunetik igaro garelako. Azken urteetan foru kaletik igarotzen ginen, eta giroa hotza zen oso. Oinezkoen kale batera itzultzea garrantzitsua da guretzat.

Zer ekarpen egiten dio farolen prozesioak hiriko jaiei?

Andre Maria Zuria hiriaren ikurretako bat da, hiriko patroia baita. Sarri esan ohi da Gasteizen hiru ikur ditugula: Baskonia, Alaves eta Andre Maria Zuria. Haren omenezko prozesioa urte askotako ohitura da, eta hiriaren parte da. Halere, bakoitzak bere egiten ditu Andre Maria Zuriaren irudia eta esanahia, eta hori da politena. Ikuspuntu erlijiosoa izan dezake batek, kulturala beste batek, baina horrek elkartu egiten gaitu. Une bereziki ederra da, esaterako, Egunsentiko Arrosarioaren prozesioa, hiru kultura edo belaunaldi elkartzen baitira bertan: goiz esnatzen garenak, mezara joaten direnak eta oraindik etxeratu ez direnak.

Horrek erakusten du jai eredu ezberdinak uztar daitezkeela?

Bai, noski. Parranda egin daiteke goizeko ordu txikiak arte, txokolate bat hartu eta prozesioa ikustera joan ostean, arazorik gabe. Horrek izugarri hunkitzen nau.

Farolen prozesioa XIX. mendetik datorren ohitura bat da. Asko aldatu da ordutik?

Tira, kofradia 1613an sortu zen. Garai hartan, kandelekin egiten zuten patroiari omen egiteko prozesioa: 1895an hasi ziren egun ezagutzen dugun farolekin egiten. Urteek aurrera egin ahala, ohitura ere eguneratuz joan da pixkanaka. Egun, esaterako, LED bateriak erabiltzen ditugu. Kaleko argiteria ere nabarmen aldatu da, eta horrek izan du eraginik.

Zenbat lagunek parte hartzen dute prozesioan?

Prozesioan parte hartzen dugun guztiok kofradeak gara, eta egun 400 inguru ateratzen gara. Dena den, ahaleginak egiten ari gara gero eta jende gehiagok parte har dezan. Lehen bi joaten ziren lekuan egun lau lagun joaten dira, esate baterako.

Nola egiten duzue hautaketa?

Orotara, 30 arduradun ditugu kofradian, eta kide bakoitza haietako bati esleituta dago; talde txikitan banatuta gaude, nolabait esateko. Horren arabera egiten dugu.

Entsegu asko egiten dituzue egun handiaren aurretik?

Entsegu batzuk egiten ditugu, bai, baina urte guztian ekitaldi andana antolatzen ditugu, eta horien baitan txertatzen ditugu.

Nolakoak dira jaiak kofradiaren ikuspuntutik?

Erabat parte hartzaileak. Ekitaldi asko antolatzen ditugu jaietan, eta kofradia festetan txertatu nahi izaten dugu. Ekitaldi ezberdinak izaten ditugu egunero. Lana eta jaiak uztartzen ditugu, errespetuz beti. Jaietan irribarrea nabaritzen da kalean, eta guretzat ederra da sentimendu hori partekatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.