ATZEKOZ AURRERA. Stephane M. Grueso. 'Maldita.es' proiektuko kidea

«Whatsapp aplikazioa da desinformazioaren zulo beltzik handiena»

Gruesok dio Internetek eta sare sozialek indar handia dutela desinformazioa zabaltzeko, baita Whatsapp mezularitza aplikazioak ere. Zurrumurruen aurkako tailer bat emango du gaur Gasteizen.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Stephane M. Grueso film egileak (Sevilla, Espainia, 1973) desinformazioa izango du oinarri gaur Gasteizen emango duen lantegian: Rumores/bulos en Internet y redes sociales (Zurrumurruak/gezurrak Interneten eta sare sozialetan). Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatu dute. Film zuzendaria ez ezik, ekintzailea ere bada Grueso. Maldita.es proiektuko kide da, eta zurrumurruen aurka dihardute lanean; hain zuzen, egiazkotasunaren alde egin eta desinformazioa desegitea dute helburu.

Zer helburu du gaurko saioak?

Bi saio egingo ditugu: goizekoa kazetariei zuzendua izango da; arratsaldekoa, berriz, publiko orokorrari. Bietan antzerako gaiak landuko ditugu, baina garrantzia emango diogu desinformazioa zer den azaltzeari. Nahiz eta jendeak desinformazioa gauza txikia dela pentsatu, gero eta indar handiagoa hartzen ari den fenomeno bat da. Gainera, guztiok hartzen dugu parte desinformazio horiek hedatzen.

Zer da, bada, desinformazioa?

Egiazkoa ez den edukia da desinformazioa; gaizki azaldutako desinformazioa izan daiteke, akatsak dituena. Halere, azkenaldian nahita sortutako desinformazioak indar handia du, eta hainbat motiborengatik eraikitzen dira; esaterako, motibo politikoak. Telefonoak une oro ditugu gainean, baita Internet ere. Informazioa gero eta azkarrago mugitzen da, eta, ondorioz, zenbaitek egoera hori aprobetxatzen dute gezurrezko edukiak bidali eta gizartean eragina izateko.

Beharrezkoa da kazetariak desinformazioa identifikatzeko gai izatea?

Bai. Maldita.es atariko kideok horretan gabiltza lanean, besteak beste. Kazetariak gizarteari mezu bat helarazten dioten subjektuak dira, eta beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu haiek desinformazioa identifikatzeko baliabideak ezagutzea. Komunikabideetako profesional orok jakin beharko luke desinformazioa ikertzen eta egiaztatzen.

Haiek kontatzen dutenaren ondorioz, izaera kolektiboa hartzen duten diskurtsoak sor litezke...

Baina gero eta gutxiago; izan ere, komunikabideen indarra ere txikiagoa da. Izaera kolektiboa duten diskurtsoak sortzen, adibidez Whatsappek eragin handia du. Esaterako, proiektuan badugu Whatsapp zerbitzu bat; komunitateko kideek bertara bidaltzen dizkigute ez-fidagarriak izan litezkeen mezuak. Mezu horiek gehienbat migrazioarekin edota emakumeen egoerarekin egon ohi dira lotuta. Ondorioz, identitate kolektibo hori areagotzen gabiltza, zoritxarrez.

Izan ere, egun edozein izan daiteke informazio emaile, ezta?

Ezbairik gabe. Orain gutxira arte, indar mediatikoa eta ekonomikoa izan behar zenuen informatzeko edo desinformatzeko, norberaren mezua bidali ahal izateko eta besteek hura irakurtzeko. Egun, Internetekin eta bestelako testuinguruekin, edozein da gai mezu bat bidali eta jendearengana iristeko. Gogoeta egin beharra dago informazioarekin eta gailuekin daukagun harremanaz, azken horietatik jasotzen baitugu informazioa. Esate baterako, Instagram informatzeko bide ari da bilakatzen adin tarte batentzat: gazteentzat.

Zer rol dute sare sozialek?

Sare sozialak komunikatzeko bide garrantzitsuak dira, baita ikusgaitasuna bermatzeko edota informazioa momentu batetik bestera zabaltzeko ere. Halere, Whatsapp da arriskutsuena, proiektuko kideon ustetan. Whatsapp aplikazioa da desinformazioaren zulo beltzik handiena. Mugarik gabeko desinformazioaren haztegia da; gainera, pribatutasun legeak babesten du, eta beraz ezin daiteke jakin zer mezu bidaltzen diren.

Eta mezu horiek bizikidetzarako oztopo bilakatzen al dira?

Jakina. Sortzen diren diskurtso horietako asko gorrotoa sustatzeko erabiltzen dira, ezberdina denari zaion gorrotoa sustatzeko; askotan, etorkinekiko gorrotoa. Era antolatu batean lan egiten duten taldeak ere badaude; dirua ematen dute mezuak zabal daitezen. Horregatik, proiektuko kideok argi dugu: eduki faltsu bat ikustean, hura hartu, ikertu eta egiaztatzen saiatzen gara, datuekin eta gertakariekin. Egiaztatuz gero, argitaratu egiten dugu.

Beraz, desinformazioaren aurka borrokatu behar da?

Borroka baten moduan planteatu beharrean, hobe litzateke norbanako bakoitzak egiazko informazioa jasotzeko dugun eskubidea defendatzea. Gizartean bizi garen herritarrak gara, eta garrantzitsua da jakitea zer gertatzen den egunerokoan. Jasotzen dugun informazioa balantza batean jarri behar da, eta jasotako datuak egia diren ikertu beharra dago. Informazioa ikuspegi kritiko batetik aztertu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.