ATZEKOZ AURRERA. Brigitte Baptiste eta Unai Pascual. Zientzialariak

«Euskarak beste egiten gaitu naturak»

Munduko hainbat aditu bioaniztasunaren balioak eta abantailak aztertzen ari dira egunotan Gasteizen. Diziplina ugaritako ikuspegiak biltzen ari dira, politikan kontuan har ditzaten.
JUANAN RUIZ / FOKU

Iñigo Satrustegi -

2019ko urriak 24
Gasteizko Europa jauregian bilduta daramate aste osoa mundu osoko biodibertsitatearen arloko ehun adituk. Biodibertsitatearen balioak eta abantailak ari dira aztertzen, IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoak eskatuta. Osotara, 132 herrialdetako gobernuek osatzen dute plataforma, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen babesa dauka. Plataformak eskatuta ari dira adituak balorazio txosten bat prestatzen, neurri politikoak hartzerakoan kontuan hartu beharreko informazioarekin. Unai Pascual (Gasteiz, 1973) eta Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963) aditu taldearen zuzendaritzako kideak dira.

Zer ari zarete lantzen zehazki egunotan?

UNAI PASCUAL: Naturaren balioak. Balio hitza oso zabala da, eta natura bera, oso konplexua. Guk zehazten dugu zer den lehentasuna, zeri ematen diogun garrantzia eta zergatik, gizarte bakoitzean desberdina baita.

BRIGITTE BAPTISTE: Naturari dagokionez, balio hitzaren adiera guztiak hartzen ditugu kontuan, dela ekonomiaren alorrean, gizarteko bizi-estiloetan edo pertsonen adierazpen eta lehentasun sinbolikoetan.

Nola egiten duzue lan?

U.P.: Prozesu oso batean gaude murgildurik. Diziplina oso desberdinetako zientzialari askoren etengabeko interakzioa behar du lan honek. Horregatik, ezinbestekoa da urtean behin biltzea. Hauxe dugu txostenaren egileen bigarren biltzarra. Hala ere, bilkura sateliteak ere egiten ditugu, gai oso espezifikoen inguruan. Brigittek, adibidez, erlijioarekin eta sinesmenekin lotutako balioen bileretan parte hartuko du, eta, zientziako adituez gain, komunitate indigenetako adituak ere gonbidatuta daude.

B.B.: Lan handia egiten dugu, erabakiak hartzen dituztenek ahalik eta informazio xeheena izan dezaten. Gaiaren inguruko informazio guztia bildu nahi dugu. Komunitate indigenetako gonbidatuak ere izango ditugu, haiek naturarekiko duten balioen ezagutzaren parte bat behintzat egon dadin.

Zer harreman dago Euskal Herrian naturarekiko?

U.P.: Oso harreman estua dago kulturaren, identitatearen eta naturaren artean. Hori izan da hemen egiteko arrazoietako bat, mundu osoko ikerlariek ikus dezaten Europako herrialde garatu batean naturak zer-nolako garrantzia duen. Hemen, euskarak beste egiten gaitu naturak. Biak mundua ulertzeko modu bat dira. Hizkuntzaren eta naturaren arteko harremana lotura primitiboa da.

B.B.: Asko inspiratzen duen kasu bat da. Kulturaren sorkuntzan oso presente egon baita natura hain eremu zehatz honetan, eta beste herrialde batzuen arreta eman dezake. Hemen garrantzi handia ematen zaie paisaiari, elikadurari, itsasguneei... eta hala behar du. Hori ez da edonon gertatzen.

Euskal Herria hautatuta, zergatik egin duzue jardunaldia Gasteizen?

B.B.: Unairen erruz. Bera onenetako bat da mundu mailako bioaniztasunaren balorazioaren alorrean, eta lan handia egin du horretan.

U.P.: Gasteiztarra naizen aldetik, aukera ona iruditu zitzaidan hemen ere maila honetako ekitaldi bat egitea. Prentsaren bidez eta erakundeetako ordezkariak gonbidatzearekin eztabaida hori gizarteratu zitekeela uste genuen. Mundu mailako arazoa da ingurumenarena, eta, mundu osoan ari garenez egiten, Gasteizera ere ekarri nahi izan dugu.

Maiatzean txosten bat atera zenuten, eta esaten zuen milioi bat espezie galtzeko arriskuan zeudela. Zer etorriko da horren ondorioz?

U.P.: Ez dago argi eta garbi jakiterik, baina gizarteak ez daki zer-nolako kalteak sor ditzakeen horrek.

B.B.: Oso eremu arriskutsura gerturatzen ari gara. Espezie horien %90 intsektuak, ornogabeak edo mikroorganismoak izango dira, naturaren ongizatearen orekaz arduratzen direnak.

Atzeraezina da kaltea, beraz?

U.P.: Aniztasunaren galera, definizioz, atzeraezina da.

B.B.: Bai; azken finean, desagertzen dena betiko desagertzen da.

U.P.: Badakigu sistemak bioaniztasuna suntsitzen jarraituko duela; beraz, lehentasunak jarri behar ditugu. Premiazko ekosistemak ezarri behar dira, aldaketa klimatikoaren azelerazioa geldiarazten lagundu dezaketenak.

Zer egin daiteke orduan?

U.P.: Eremu jakin horiek mantentzeko inbertituz gero, nolabait geldituko genuke azelerazio hori. Naturak badauka bere kabuz birsortzeko gaitasuna, baina ez da aski.

B.B.: Bolivian, bost milioi hektarea baso suntsitu dira: inoizko zuhaitz galerarik handiena. Eremu hori birlandatuta ere, 200 urte beharko lukete gutxienez, eta berreskuratzea ez dago inolaz ere bermaturik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñigo Satrustegi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna