ATZEKOZ AURRERA. Giovanni Cuocci. Sukaldaria

«Denok ekarpena egin dezakegu munduak zaporea eduki dezan»

Cuoccik adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten du Italiako La Lanterna di Diogene jatetxean. Gizarteak haiekiko daukan ikuspegia aldatzea da asmoa, baita gertuko sukaldaritza sustatzea ere.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

2003an, aniztasunean oinarritutako proiektu bat abiatu zuen Giovanni Cuocci sukaldariak (Bologna, Italia, 1972). Urritasun fisiko eta psikikoren bat duten pertsonekin janaria ekoizten hasi ziren Bologna eta Modena arteko herrixka batean, eta hiru urte geroago La Lanterna di Diogene jatetxe eta kooperatiba zabaldu zuten. Han lan egiten dutenek autismoa, Downen sindromea eta bestelako adimen urritasunak dituzte, «baina bazter batean ezer egin gabe egoteko baino gehiagorako balio dute». Hura da jatetxeko liderra, baina bertako kide guztiak berdinak direla dio Cuoccik. Donostiako Basque Culinary Centerren egiten ari diren Host kongresuan eman zuen esperientziaren berri, atzo.

La Lanterna di Diogene jatetxea daukazue martxan duela hamarkada batetik. Diogenes filosofo greziarra ezaguna zen esku-argi batekin ibiltzen zelako jende onaren bila. Zu zeren bila zabiltza?

Diogenesek bilatzen zuena bilatzen ari garelako jarri genion jatetxeari izen hori. Zortea izan nuen benetako pertsonak topatu nituelako, eta horiek egunero lankide ditudan pertsonak dira. Munduari begirada garbi batekin begiratzen diote, eta haiekin benetako gauzei buruz hitz egin dezakegu. Oinarrizkoa zer den ikusten lagundu didate.

Zer da oinarrizko ikuspegi hori?

Bakoitzak berea dauka, noski. Bilatu egin behar da, bakoitzaren zoriontasuna ezberdina baita. Dena den, pertsona hauek lan egiten dutenean jasotzen duten onarpena sekulakoa da, eta duintasun handia ematen die horrek guztiak. Hori oso garrantzitsua da, gizarteratzeko balio dielako.

Zure bidean urritasunak zituzten pertsonak topatu dituzula diozu. Zeren bila zenbiltzan?

Elbarrientzako integrazio zentro batean hazi nintzen ni. Haurrentzako eskola bat zen, eta urritasuna zuten ikasle askorekin batera ikasi nuen. Aniztasun horrekin hazi nintzenez, ez nuen mundu lau batean geratu nahi. Erabaki genuen adorea hartu eta urritasuna zuten pertsonekin proiektu bat abiatu behar genuela.

Adorea hartu?

Bai, gure inguruan proiektuan sinesten zuten pertsona asko zeuden, eta horiek bultzatu gintuzten adorea hartu eta egitasmoa martxan jartzera. Hasiera batean hasi ginen korta, baratze eta mahatsondo batekin. Landa eremua lantzen genuen bitartean, hartutako lursailean zegoen etxea berreraikitzen hasi ginen, eta 2006an taberna martxan jarri genuen. Dena kooperatiban. Hasieran oso gogorra izan zen, baina gustura gaude.

Pertsona horiek gizarteko bazterketatik ateratzeko neurri bat da?

Hori da, pertsona hauek baztertuta daude jendeak ikus ez ditzan. Askok uste dute elbarriek ezin dutela ezer egin, ez direla ezertarako gai. Egia da eurek egin ezin dutena egin dezakedala nik, baina, denekin batera lan egiten badugu eta bakoitzari osotasunaren zati bat ematen badiogu lan egiteko, osotasuna lortu dezakegu. Guk badakigu egiten dugunak zer zapore duen, nora doan, eta badakigu bezeroari gustatzen zaion ala ez. Taldeak egindako zerbait da.

Aberasgarria dela, alegia.

Izugarri. Ez da egia pertsona hauek bazter batean ezer egin gabe egon behar dutela. Zuk zure ekarpena egin dezakezu gizarteak zapore gehiago eduki dezan.

Askotan sukaldeetan ordena militarra egoten da. Kasu honetan ere horrela da?

Denok bazkideak gara, eta berdinak gara. Nora goazen denon artean erabakitzen dugu, eta gero lema niri ematen didate gertuko helmugetara iristeko. Denok gara jatetxearen jabeak. Hala ere, arau asko dauzkagu, eta denon artean erabakitzen ditugu horiek. Zerriaren haragia nahi badugu, norbaitek eman behar dio jaten egunero, edo garbitzera joan behar du. Ez da bakarrik txorizoa egitea, eta hori garbi daukagu guztiok. Lan guztiak elkarren artean banatzen ditugu.

Kooperatiba hau sortu zenuten urritasuna duten pertsonek hauen gizarteratzea bultzatzeko, baina baita gizarteak haiekiko duten irudia aldatzeko ere. Zuen inguruan helburua lortzen ari zarete?

Gure inguruan asko aldatu da, bai. La Lanterna di Diogene egin dugu munduan argi txiki bat sortzeko, eta gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusteko. Italiako elikagaien industriako parte txiki bat gara, eta gure txikitasunean gauzak beste modu batean egiten ari gara. Zerriak basoan aske dauzkagu, eta ekoizpenak slow food filosofiarekin bat egiten du. Hasieran erotzat hartzen gintuzten, baina orain jarraitzaile asko dauzkagu.

Iraultza bat sortzen ari zaretela esan daiteke?

Bai, pixkanaka horretara goaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.