ATZEKOZ AURRERA. Elena Bezanilla. Aktorea

«Usaimena hizkuntza artistiko berria da»

Pantzart taldeak hizkuntza artistiko ugari biltzen ditu ikuskizunetan. 'Amilami' antzezlanean, hainbat diziplina erabiltzen dituzte, eta, lehen aldiz, usaimena uztartu dute irudiekin eta musikarekin.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Istorioak, musika, irudiak eta usaimena uztartzen dituen ikuskizun bat da Amilami. Juan Kruz Igerabideren eleberri batean oinarrituta dago, eta ipuin musikatuen bidez antzinako istorioak transmititzea du helburu Pantzart konpainiak. Elena Bezanilla (Bilbo, 1961) da hiru antzezleetako bat. Ikuskizuna egingo dute gaur Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 12:30ean.

Amilami ikuskizuna aurkeztuko duzue; urteetan gordetako istorioak izango dituzue oinarri.

Amilami Igerabidek 11 urteko haurrentzat idatzitako eleberri bat da, baina guk egokitu egin dugu 4 eta 7 urte arteko umeentzat. Igerabidek ikerketa lan handi bat egin zuen istorioak batzen eta eleberria osatzen. Sehaska kantak ere jaso zituen, antzinakoak eta hemengoak; gureak. Kantei kutsu poetiko propioa eman die autoreak. Asko miresten dugu.

Eleberri horretako gertaerak eraman al dituzue oholtza gainera?

Igerabidek Amilami laminaren istorioa du oinarri, eta guk ere hori kontatzen dugu. Denborak aurrera egingo du, eta gauza asko gertatuko zaizkio. Gainera, laminek formula magikoak eta aho korapiloak erabiltzen zituzten, baita landareak ere. Saiatzen gara hori haurrei erakusten eta transmititzen. Azken batean, zaintza dago ipuin baten erdigunean; haurrena ez ezik, zenbait tradizioren zaintza ere badago.

Laminak lagun izango al ditu beste pertsonaia mitologiko batzuk?

Kasu honetan, lamina gaiztoak eta onak daude. Gaiztoek haurrak osten dituzten, eta onek, berriz, zaindu. Lamina onak zaindariak izaten ziren, eta baliabide magiko ugari zituzten gaiztoenen aurka egiteko; esate baterako, landareak erabiltzen zituzten ezkutu gisa. Baina bada pertsona okerragorik ere: Sugoi, sugeen erregea. Istorioan onen eta txarren arteko gatazka dago.

Gainera, gertaera horiek gaurkotzen saiatu zarete, ezta?

Egileak eleberrian jasotako istorioak gaur egunera ekarri zituen. Guk gauza bera egin dugu. Eztabaida dago ea zer egiten dugun tradizioarekin, eta, beraz, ikuskizunean saiatu gara ipuinak gaurkotzen eta erakusten. Antzezlana transmisiorako baliabide bat dela esan daiteke.

Ipuinak gaurkotzeaz gain, egungo gizartea islatu nahi izan duzue.

Gure gizartea gaur egun nahasia da, mestizoa eta mistoa. Errealitateari galderak egin eta erantzunak eman behar zaizkio, eta, beraz, uste dugu kultura ere ireki behar dela. Ezin gara isolatuta bizi. Hala, Etoile Magikek ere parte hartzen du ikuskizunean, perkusioarekin. Duela urte eta erdi iritsi zen Boli Kostatik, eta kantaria eta musikaria da. Euskalduna da, eta tradizioaren parte.

Musikaz gain, uztartzen dituzue beste elementu batzuk ere.

Ilustrazioa, musika, ahozko narrazioa eta usaimena uztartzen ditugu, besteak beste. Pantzart konpainiaren poetikaren barnean sartzen da elementu ugariren uztarketa hori. Hainbat hizkuntza nahasten ditugu; esate baterako, egiten diren ikuskizunetan beti dago musika. Badaude txotxongiloak, irudiak eta ilustrazioak ere. Horrela ulertzen dugu arte eszenikoa.

Haien arteko loturak bermatzen al du istorioen esentzia?

Bai. Hasieran ez genituen horrenbeste baliabide, baina gertatu zitzaigun haurrek ez ziotela istorioaren hariari jarraitzen. Beharrezkotzat jo genuen ilustrazioa sartzea umeek istorioa hobeto uler zezaten.

Ulertzeaz gain, haurrek badute istorioan parte hartzeko aukera.

Aho korapiloak erakusten dizkiegu, eta kantatzeko aukera ere badute. Bada momentu bitxi bat ere: Sugoi eta laminaren arteko borroka batean, haurrei erramu hostoak banatzen dizkiegu. Landareen artean babesgarriena zen. Umeek erramu hostoak puskatzen dituzte, eta, haren usainarekin, Sugoi menperatzea lortzen dugu.

Beraz, landareek ere garrantzia dute ikuskizunean?

Usaina duten landareak garrantzitsuak dira. Ikerlan bat egin genuen; ezagutzen genituen landareak batu, eta ikuskizunetara eraman. Haurrei erakusten dizkiegu, eta esaten diegu zer egin daitekeen haiekin, garai batean zertarako erabiltzen zen haietako bakoitza. Gainera, amaieran etxera eraman ditzakete, eta izugarri gustatzen zaie.

Aldi berean, landareen gaineko transmisioa egin dezakezue...

Garrantzitsua da landareek eskaintzen dituzten baliabideak transmititzea. Artistikoki ere usaimena ikuskizunean sartzea erronka bat izan da. Orain arte sartu izan ditugu musika eta irudiak, baina usaimena hizkuntza artistiko berria izan da.

Egongo al da ikuskizuna beste leku batzuetan ikusteko aukera?

Oraingoz, ez daukagu emanaldi berririk, baina espero dugu beste data batzuk edukitzea. Hala ere, jada egin ditugu 50 emanaldi, eta erantzun oso ona eduki du. Haurrei ez ezik, edozein adinetako pertsonei gustatzeko moduko ikuskizuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.