TXAPELA BURUAN. Lain Satrustegi. Taiwanen bizi den agoiztarra

«Begetarianoen paradisua da Taiwan»

Denetariko eraikinak ikus daitezke Taiwanen, tartean Satrustegik diseinatutakoak. Han bizi da, eta uste du arkitekto gazteek aukera gutxiago dituztela Euskal Herrian, adiskidekeriarengatik.

IMO ARCHITECTURE&DESIGN.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Lain Satrustegi (Agoitz, Nafarroa, 1983) feng shuia ikastera joan zen Taipeira (Taiwan), baina orduz geroztik 11 urte igaro dira. Arkitektoa da, eta ikuspegia erabat aldatu dio oraingo bizilekuak. Proiektu anitz egin ditu han, tartean Xiafu gizarte etxea [irudian], Taipei Berrian. Eraikin horrekin, munduko arkitektura sari nagusietako bat jaso dute.

Nolatan joan zinen Taiwanera?

Madrilen lan egiten nuenean, egunero hango jatetxe begetarianorik zaharrenera joaten nintzen bazkaltzera. Emakume taiwandar bat zen jabea, feng shui irakaslea. Arkitekto ona izateko feng shuia ikasi behar nuela esaten zidan. Atentzioa eman zidan, eta ikastera etorri nintzen.

Ikastera joan, baina gelditu zinen.

Ikasturtea hasi baino bi hilabete lehenago etorri nintzen, txinera ikasi eta kultura ezagutzeko. 50 urtetan izandako tifoirik handiena etorri zen: jendea hil zen, eraikinak erori... Ikastaroa bertan behera geratu zen. Hala ere, hurrengo ikasturtera arte hemen gelditzea erabaki nuen.

Zer egin zenuen tarte horretan?

Madrilgo kideek proposatu zidaten hemengo lehiaketa batera aurkeztea, eta irabazi egin genuen. Ehun milioi euroko eraikuntza bat egiteko zen. Nire estudioa sortu nuen gero, eta lan gehiago egin genituen.

Feng shuia ikastera joan zinela esan duzu. Zer da hori, zehazki?

Mendebaldean, 2.000 urte daramagu arkitektura hiru oinarriren arabera egiten: venustas, firmitas, utilitas: estetika ederra, irmotasuna eta espazioaren funtzionaltasuna. Ekialdean, beste faktore bat ere hartzen dute kontuan: energia espazioan barrena nola barreiatzen den.

Arkitekto ona izateko feng shuia ikasi beharra dago?

Ezagutzen dugun etxeen arkitekturarekin lotuta daude kontzeptu asko. Euskal Herriko herrietan, etxeetako leihoak alde batera irekitzen dira, kontuan hartzen da haizea, eguzkia sartzen den, material jakin batzuk erabiltzen dira... badaude ezagutza batzuk. Kontua da Mendebaldeko pentsamenduaren arabera ezagutza guzia zientifikoki frogatu behar dela. Ekialdean, Konfuzioren eskolakoak dira: ezagutza maisuak ikasleari ematen dio; esperientzia oso garrantzitsua da. Feng shuiaren barruan halako asko dago. Gauza batzuk ez dira egia, baina oso kontzeptu interesgarriak dituzte.

Nola aldatu da zure ikuspegia?

Modu ikusgarrian. Arkitektura oso tokikoa da, eta Asia mundu erabat ezberdina da. Lehenbiziko proiektuetan adreiluzko murru bat egin nahi genuen; hori erokeria da hemen, oso garestia baita adreilua. Etxeen erabilera ere erabat ezberdina da: guk sekulako balioa ematen diogu eraikinaren kanpoko itxurari; hemen barnekoa da garrantzitsuena, hor bizi baitira; horregatik ikus daitezke kableak eta aire girotuak kanpoan. Etxe barnean, lurrean jartzen dira jateko, eta bidet japoniarra dute komunean.

Kaleko eraikinetan kontraste handiko hiria da Taipei?

Taiwan leku interesgarria da, hemendik pasatu direlako espainiarrak, britainiarrak, herbeheretarrak, portugaldarrak, japoniarrak eta, azken 50 urteetan, txinatarrak, Chiang Kai-shek erbesteratu zenean. Gainera, AEBekin duen harremanaren ondorioz, Asiako Silicon Valley modukoa da hau. Beraz, toki guzietako nahasketa dago.

Zerk harrapatu zaitu han?

Zenbait gauzak: jendea atsegina da, oso abegitsua, eta janaria sekulakoa da. Taiwan begetarianoen paradisua da; gainera, hiru euroan jan dezakezu etxetik kanpo; beraz, inor ez da sukaldean aritzen. Lan aukerengatik ere gelditu naiz. Han, arkitekturaren merkatua oso prekarioa da, eta ustelkeria handia dago. Askotan zeharka esaten dizute lehiaketa aurretik erabakita dagoela. Adiskidekeria da nagusi; beraz, gazteek ez dute aukerarik izaten. Hemen egiten ditugun lanak han ezinen genituzke egin.

Janaria aipatu duzu, eta ausartzen zara gaueko merkatuekin?

Hasieran exotikoa eta interesgarria da; pintxotan joatea bezala da, baina dena kalean. Orain ez naiz askotan joaten, janariaren kalitatea eta garbitasuna ez baitira egokienak.

Zopak dagoeneko zure egunerokoaren parte dira?

Urte baten buruan gorputza aldatu zitzaidan: klima oso beroa da, egun osoa izerditan pasatzen duzu, beraz, likidoa behar duzu. Orain zopak zoragarriak iruditzen zaizkit.

Txinera ongi ikasi duzu?

Egunerokoan, estudiotik kanpo, txineraz aritzen naiz, hemengo jende askok ez baitaki ingelesez ongi.

Zer moduz joan zen ikasketa?

Oso zaila da. Gure alfabetoak 27 karaktere ditu, eta haienak, 8.000. Ez dute gure egitura gramatikala; ez dituzte aditz denborak: konplexuagoa da, eta dena buruz ikasi behar da. Gero, ez da bakarrik hizkuntza bat ikasten: kultura ikasi behar da, haien jokabidea. Norbaitek esaten badizu atorra polita duzula, ezin diozu eskerrik eman; harroputza zarela pentsatuko du. «Zatarra da, zurea bai polita», esan behar diozu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.