ATZEKOZ AURRERA. Esti Markez. Abeslaria

«Aitaren izenak ez du beti laguntzen»

Esti Markez Mikel Markez aitarekin batera hasi zen abesten. Orain, aitarekin batera, lehenengo kantu propioak kaleratuko ditu, 'Azalberritzen' diskoan. Bi artisten bosna kantu bilduko ditu lanak.

JON URBE / FOKU.
Maialen Arteaga.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Abeslaria da Esti Markez (Aia, Gipuzkoa, 1999). Orain arte, Mikel Markez aitarekin aritu da kantuan, baina lehenengo bakarkako abestiak aterako ditu azaroan, Azalberritzen diskoan. Oroitzapenek esnatu naute singlea kaleratu du aurreko astean.

Nola sortu zitzaizun bakarka kantatzeko ideia?

Nik etxean beti entzun izan dut musika, txikitatik. Aitaren kontzertuetara joaten ginen, eta etxean ere asko abesten zuen. Etxean elkarrekin kantatzen hasi ginen, eta, zalantzak izan arren, bere kontzertuetan kolaborazioak egiteko saltoa eman nuen. Ikusi nuen kantatzea asko gustatzen zitzaidala, eta aitarekin abestea ere bai. Kontzertu batzuk eman genituenean, jendeak askotan galdetzen zidan: «Noizko zure diskoa?». Orduan ez nuen sentitzen disko bat atera behar nuenik, ez da gauza hain sinplea: zerbait esateko beharra izan behar duzu. Konfinamenduan etorri zitzaidan barrukoa esateko behar hori, eta etxean eman nuen denbora horretan abestiak egin nituen.

Aitarekin abestetik bakarka aritzera dagoen salto horretan aldaketa handia sumatu duzu? Hutsunerik?

Salto handia nabaritu dut, baina ez dut hutsune baten sentsaziorik izan. Aita beti daukat alboan laguntzeko. Orain modu ezberdin batean laguntzen dit, aholkuak ematen dizkit, baina kantak nireak dira; orain nirea da erabakia. Azken finean, konfiantza daukat neure buruarengan, baina ez dakit zer gertatuko den aterako ditudan abestiekin; jendeak entzungo dituen, gustatuko zaizkien... Norberari gustatu behar zaio, bai, baina polita da jendeak harrera ona egiten duela ikustea. Honetan jarraitu nahi baduzu, garrantzitsua da jendearen babesa. Arlo horretan urduri nago: jendeak gustuko du aitarena, baina hauek nik bakarrik egin ditut, eta ez dakit harrera bera izango duten. Aitaren izenak ez du beti laguntzen. Alde batetik, oso ondo dago, ezagutarazteko hasierako bultzadatxo horretan laguntzen du, baina albo kalte batzuk ere baditu. Lehenengo kanta honetan, esaterako, osorik nik egin dudan arren, letrak, doinua, gitarra... jendeak aitarekin lotzen du. «Zer polita aitarekin atera duzun abestia». Aitak koroak egiten dizkit, baina nirea da: nik ere badakit kantak egiten.

Esan daiteke elkarlanean egindako disko bat dela?

Diskoa bakarra da: Azalberritzen. Esti eta Mikel Markezena, baina bion lanak nahastuta daude. Nik bost kanta propio ditut, eta horietako batzuetan aitak ere kantatzen du, eta alderantziz: aitak ere bost kantu propio ditu, eta nik horietako batzuetan kantatzen dut. Liburuxkan ere kolore ezberdinez bereizita daude. Bakoitzak bosna kantu ditu, baina elkarri josita daude.

Oroitzapenek esnatu naute deitzen da zure lehenengo singlea. Zer kontatzen du?

Konfinamenduan konposatu nuen, diskoko besteak bezala. Pertsona batek bizitzan utzi duen hutsuneari buruz hitz egiten du, eta hainbat modutan interpreta daiteke: heriotza bat, bikote harremanen amaiera, lagun harremanen etetea... baina galera hori positiboa ere izan daiteke. Abesti hori egin nuenean, kantu triste bat zen: minez kantatzen nuen. Orain, gainditutako zerbait da; hitzak tristeak izan arren, alaiagoa bilakatu dut. Bideoklipean ere irudi hori eman diot, eta orain kantatzen dudanean ere, beste era batera kantatzen dut.

Garai zailak dira kulturarentzat, eta, hala ere, lehen diskoa kaleratzeko erabakiarekin aurrera jarraitu duzu. Zergatik?

Ez dakigu hau noiz arte luzatuko den. Diskoa labean edukitzea eta ez ateratzea erretzen uztea da. Uste dugu hobeto dela arriskatzea, eta diskoa kaleratzea. Uste dut diskoak harrera ona izango duela; azken batean, jendea kultur gose da. Musika entzuteko eta kontsumitzeko gogoa dago. Ezin ginen hurrengo urtera begira jarri, Durangoko Azokaren zain. Kultura elikatzen jarraitu behar dugu, eta artistok gelditzen bagara, kultura are gehiago geldituko da. Egoera honetan egonda ere, kultura elikatzen jarraitu behar dugu.

Neurriak horren aldakor dauden honetan, baduzue kontzertu edo disko aurkezpenik lotuta?

Urtarriletik aurrera lotu ditugu batzuk, baina ezjakintasun konstante batean gaude. Ez dakigu lotzen ari garen kontzertuak egin ahal izango ditugun, baina egingo ditugun esperantzaz ari gara kontzertuak lotzen, baikortasunez. Gu oso baikor gaude; agian, baikorregi. Baina gu jarrera horrekin ez bagaude, zer?

Etorkizuneko bide artistikoari dagokionez, bakarka jarraitzeko asmoa duzu?

Lehenengo proiektu honetan oso gustura nabil aitarekin. Laukotean arituko gara beste bi musikari handirekin. Hala ere, etorkizunera begira bakarka disko bat izatea gustatuko litzaidake, Esti Markez, abeslari moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.