ATZEKOZ AURRERA. Joseba Gotzon. Musikaria

«Diaspora da Euskal Herriko zortzigarren probintzia»

Musika munduan ibilbide luzea dauka Joseba Gotzonek, eta horren zati handi bat Hego Amerikan. Hango euskal diasporarekin lotura estua sortu du, eta hari eskainitako proiektu bat aurkeztu du orain.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
jone arruabarrena
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Duela 36 urte hasi zen kantatzen Joseba Gotzon (Portugalete, Bizkaia, 1962), eta datorren urtean hogei urte beteko dira Hego Amerikan lehen kontzertua jo zuenetik. Hango euskal diasporaz zeharo maitemindu zen orduan, eta hainbat aldiz bueltatu da geroztik. «Argentinara hamabi aldiz itzuli naiz». Uruguai, Txile, Brasil, Mexiko eta Kuba ere ikusi ditu oholtza gainetik. Han ezagututako euskal diasporari omenaldi bat egin nahi izan dio orain atera berri duen Urrundik kantuan, bai eta izen bera duen birarekin ere.

Nondik sortzen da Urrundik kantua?

Euskal Herriko musikagintzaren egoera ikusita, pentsatzen nuen gure ibilbidea kanporatzeko beharra zegoela. Argentinara 2001. urtean joan nintzen, lehen aldiz, Niko Etxarterekin, eta hortik aurrera hasi nintzen beste herrialde batzuetara eramaten, baina, batik bat, Ameriketara. Bidaia horietan ezagutu nuen euskal diaspora, eta zer lan egiten duen gure nortasuna han ezagutarazteko.

Nola ikusten dute Euskal Herria diasporako euskaldunek?

Argentinara egin nuen lehen bidaia hartan, duela hogei urte, ez zegoen Internetik. Diasporako pertsona askok Euskal Herriari nostalgiaz begiratzen zioten, eta irudi oso idealizatua zeukaten, aitona- amonek kontatzen zietena oroitzen zuten: txapela, kaikua, baserriak... Kuriosoa zen. Lehen bidaia horretan, besteak beste, Paranan eman genuen kontzertu bat, eta, Euskal Herrira itzuli behar genuenean, malko artean agurtu gintuzten. Kuriosoa zen hango inor ez zela inoiz Euskal Herrian izana, baina benetan lotura estu bat sentitzen zuten.

Sentimendu hori adierazi nahi izan duzu Urrundik abestiarekin?

Bai. Oso espazio gutxi dago abesti batean hainbeste sentimendu adierazteko, baina uste dut azkenean lortu nuela. Buruan neukan beharrezkoa zela abesti bat egitea diasporako pertsonek daukaten euskal sentimendua ezagutarazteko. Hori, alde batetik; eta, beste alde batetik, nik haiek nola ikusten ditudan ere erakutsi nahi nuen.

Eta nola ikusten dituzu?

Batzuetan, esaten da euskal diaspora Euskal Herriko zortzigarren probintzia dela, eta ni guztiz ados nago horrekin. Zortzigarren probintzia horretan, nire lanak hemen baino gehiago ezagutzen dituzte; kuriosoa da. Duela 36 urte hasi nintzen kantatzen, eta, orduz geroztik, gauzak asko aldatu dira.

Zertan, adibidez?

Uste dut lehen interes handiagoazegoela euskal kulturaren alde egiteko eta euskal kultura zabaltzeko. Orain, hemen kantatzean gustura sentitzen naiz, baina kanpora noanean baloratuago sentitzen naiz, han grina askorekin bizi baitute euskal kultura.

Kolektiboki egindako kantua da, gainera.

Bai. Niretzat oso garrantzitsua zen hogei urte hauetan ezagutu ditudan diasporako pertsona horiek proiektu honetan parte hartzea. Zerrenda bat egiten hasi nintzen euskaraz zekitenekin edo ikasten zebiltzanekin; azkenean, hogei pertsonak hartu dute parte.

Abestiaren izen bereko bira bat ere prestatzen ari zara.

Birak martxoan hasi behar zuen, baina bertan behera geratu zen. Oraingoz, Euskal Herrian eta Espainian hasiko naiz jotzen, urtarriletik aurrera. Udarako, Ameriketara joan nahiko nuke.

Eta zer kantatuko duzu bira honetan, Urrundik kantuaz gain?

Nortasuna izeneko disko bat atera nuen 1999. urtean, Gerra Zibileko Euskal Selekzioari buruz. Talde hartako jokalariek bira bat egin zuten Europan zehar, eta 1937ko urrian Mexikon erbesteratu zen ia-ia talde osoa. Haiek ere euskal diaspora izan ziren, eta gaur egun beraien seme-alaba eta biloba batzuek han segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.