ATZEKOZ AURRERA. Jurgi Ekiza. Musikaria

«Ohiko kantuak dira, beste era batera»

Osasun neurrietara egokitu da Willis Drummond taldea. «Gure musika eta kontzertuak garai berrietara egokitzea lortu dugu», dio Ekizak. Estilo berria lantzeko asmoz, beste kide bat batu zaie taldera.

BOB EDME.
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslariarentzat (Baiona, 1980) garai «bereziak» izan dira azken urteko pandemiak utzi dituenak. Konfinamendurako bi hilabete eskas falta zirela hasi zuten taldearen azken diskoaren bira, eta bertan behera utzi behar izan dituzte kontzertu gehienak. Normalean izan ohi duten estilo elektrikoa ere moldatu behar izan dute, publikoak ezin baitu dantzatu orain. Estilo lasaiago bat landu dute, eta berriro hasi dira taula gainera igotzen. Sarrerak agortu dituzte iragarri dituzten emanaldi gehienetan, baita larunbat honetan Gasteizko Jimmy Jazz aretoan emango duten emanaldian ere.

Nola bizi izan zenuen konfinamendua sormen aldetik?

Ezohiko kantu batzuk sortzeko aukera eman zidan. Ez dakit gehio zer eguna den kantu kolektiboa sortu genuen, eta maiatzean mugimendu ekologistarekin beste abesti bat ere sortu nuen. Nire ustez, arriskuak hartzeko eta gauza berriak egiteko garai bat izan da, betiko gauzak ezin zirelako egin, eta horrek badu bere interesa; sorkuntza ederrak izan dira aurten. Hala ere, zinez konplikatua da etorkizuneko perspektibarik ezin edukitzea.

Berriro hasi duzue osasun neurrien ondorioz bertan behera utzi zenuten bira.

Bai, abenduan berriro jotzen hasi gara, ez genuelako denbora gehiago egon nahi jo gabe. Zugzwang diskoa atera genuen 2019ko azaroan, eta bira 2020ko urtarrilean hasi behar genuen. Bi aurkezpen egin genituen Euskal Herrian, Biarritzen eta Bilbon, eta sarrerak agortu ziren; beraz, oso pozik hasi ginen. Esan daiteke diskoak interesa sortu zuela. Gero, bira hasi genuen Japonian, Australian eta Tahitin barrena, eta konfinamenduko lehenengo egunean bueltatu ginen handik. Hortik aurrerako kontzertuak bertan behera geratu ziren, eta baliteke horren ondorioz diskoak sortu zuen hasierako interes hori galdu izana.

Nolakoa izan da egoera berrira moldatzeko prozesua?

Hasieran, lasaitzeko tarte bat bezala hartu genuen hau guztia, pentsatzen baikenuen irailean ohiko egoerara bueltatuko ginela. Hala ere, irailean ohartu ginen ez zela horrela izango, eta beste ikuspegi bat lantzen hasi ginen, kantak egokituz, garai berezientzako kontzertu berezi bat prestatzeko. Diskoko betiko kantak dira, baina beste era batera jotzen ditugu: bai akustikoan bai pianoarekin.

Ikuspegi aldaketa horrekin batera, Botibol taldeko Vincent Bestaven ere batu zaizue.

Bai. Diskoa aurkezteko lehenengo kontzertuak jo genituenean, sasi-akustikoa zen zerbait egin genuen, baina oso sinplea iruditzen zitzaigun, eta pentsatu genuen polita litzatekeela horri zerbait gehitzea. Hala ere, pentsatzen genuen ohiko bira bat izango zela, eta ideia hor geratu zen. Gerora, egoera berrira moldatzeko aldaketak egiten hasi ginenean, ikusi genuen formatua ahula zela, eta taldekide berri baten beharra genuela. Bestavenek oso ongi jotzen ditu teklatuak, gitarra elektrikoa eta akustikoa... Eta abestu ere egiten du.

Etorkizunean ere laukote izango zarete?

Ez dakigu, zaila baita etorkizunerako aurreikuspenak egitea. Betiko formatuan, elektrikoan eta agertoki gainean, oso pozik gaude. Hala ere, egia da orain, berriro lau taldekiderekin entseatzen hasi garenean, ohartu garela plazer handia dela, eta askoz hobeto moldatzen garela bi gitarra izanik...

Ane filmaren soinu bandan ere parte hartu duzue. Nolako esperientzia izan da?

Bikaina izan da, berezia. Hasieran, filmeko zuzendariak eta produkzioko arduradunak baimena eskatu ziguten gure kantu batzuk filmean erabiltzeko, eta baietz esan genien. Gero, ordea, galdegin ziguten ea interesik genuen filmarentzat kantu original bat egiteko; horri ere baiezkoa eman genion, eta harreman bat hasi genuen hortik aurrera. Hiru edo lau bertsio egin genituen, eta gero haiei bidali genizkien, bat aukeratu zezaten.

Ezberdina da film baterako kantu bat egitea, prozesuari dagokionez?

Bai. Asmoa zen pelikularekin zerikusia zeukan kantu bat egitea, bai letretan eta baita giroan ere, eta horrek musikalki eragin digu. Gainera, ez dauka zerikusirik disko oso bat egitearekin. Prozesua oso laburra da: bi astetan grabaketa hasi eta bukatu egiten duzu, eta horrek freskotasuna ematen dio. Oraindik sormenaren kitzikapena daukazu, eta jada hor bukatzen da kanta. Plazer handia izan da.

Zer momentutan zaudete orain?

Faltan botatzen dugu jendea dantzan ikustea, baina baikor izaten saiatzen gara. Espero dugu gauzek hobera egingo dutela, eta, bitartean, saiatuko gara moldatzen, kontzertuak ahal bezainbeste goza ditzagun bai guk bai publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.