ATZEKOZ AURRERA. Lolita Chavez. Maia kitxeen defendatzailea

«Nik hitz egin dezaket, adierazi, baina nire herrian hiltzen ari dira»

Euskal Herriko emakume talde batek 'Babesleak' ipuin ilustratua ondu du. Bertan, Chavezen eta erailak izateko arriskuagatik ihes egin behar dutenen istorioa kontatzen da. Argitaratzeko sostengua behar dute.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Erdialdeko Amerikan, beren lurraldean erauzte proiektuen aurka egiteagatik eraso egiten diete emakumeei, eta erail ere egiten dituzte. Asko, bizia salbatzeko, behartuta egoten dira proiektu horiek bertan behera uztera. Lolita Chavez (Quiche, Guatemala, 1972) da emakume horietako bat. Hainbat hilketa saiakeraren ondorioz ihes egin behar izan ostean, maia kitxeen defendatzaile hori Europan babestuta egon zen, Euskal Herrian, hain zuzen. Hemen, emakumeen borrokak babesten dituen talde baten lagun min egin zen, eta hala sortu zen Pro-Tejiendonos proiektu kolektiboa. Egun, helburu bat dute esku artean: Chavezenaren moduko bidegabekeriak jasaten dituzten emakumeen istorioa kontatzen duen ipuin ilustratu bat argitaratzea, Babesleak izenekoa. Horretarako, finantzaketa kolektibo bidez, dirua biltzen ari dira www.vkm.is/protectoras webgunean.

Duela hiru urte, Guatemalatik ihes egin behar izan zenuen. Nola zaude orain?

Tortura iraunkorra da. Nire eskubideen urraketa sakona pairatu dut; trauma handiekin bizi naiz orduztik. Sei aldiz saiatu ziren ni hiltzen, eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren kautelazko neurriak ditut: defendatzaile aitortua naiz. Hala ere, inork ez ninduen babestu. Justizia eskatzen dut, nire herrira itzuli ahal izatea.

Zerk harritu zintuen gehien Europara iritsi zinenean?

Kontsumismoak; energia nola erabiltzen duzuen ez jakiteak. Denetarako erabiltzen duzue energia, eta batzuetan ez dakizue nondik datorren ere. Gorputzak, lurraldeak ez ezagutzeak hunkitzen nau; ez zarete konektatzen zeuen buruarekin eta lurrarekin. Bestalde, indibidualismoak eta jatorrizko herriak ez ezagutzeak ere atentzioa ematen dit.

Etababesik aurkitu al zenuen?

Komunitate bat sortu genuen. Euskal kide feministek babestu ninduten, Ongi Etorri Errefuxiatuak bezala borrokara errotutako mugimenduek. Ongietorri egin zidan historiari lotuta dagoen jendeak. Ongietorri egin zidan Amalurrak. Euskal Herrian, lotura ez da banakoen adierazpenekin egiten, Mendebaldean egiten den bezala.

Egun babestua sentitzen zara?

Une batzuetan oso babestuta sentitzen naiz. Hortik dator Pro-Tejiendonos proiektua. Elkar babestu eta ehuntzen dugu. Baina, adibidez, nire lurraldera itzuli nahi dudanean eta ni hiltzen zeintzuk saiatu ziren ez argitzerakoan, babesik gabe sentitzen naiz.

Zer da zuretzat Babesleak ipuina?

Nik hitz egin dezaket, adierazi, baina, nire herrian, hiltzen ari dira. Adibidez, 2017. eta 2018. urteen artean 65 defendatzaile hil zituzten, 27k erailketa saiakerak jasan zituzten, eta 3.305i eraso egin zieten. Estatistika horiek oso gutxi entzuten dira, eta errealitatea oso gogorra da. Egoera honetan, Euskal Herriak bat egiten duela ikustea egia bihurtutako ametsa da. Ilusio handia egin zidan proiektuak. Ekinaldi hau sortu zenean, ez nuen uste lortuko zenik, hutsetik sortu baikinen. Eta, astebetean, behar genuena lortu genuen, baina gehiago laguntzeko dohaintza gehiago eskatzen jarraitzen dugu. Proiektuak hauspoa ematen dit bizitzen eta borrokan jarraitzeko. Defendatzaileok, lurraldetik irtetean, itxaropena behar dugu bizirik irauteko. Zortzi neska euskaldunek proiektu honekin bat egitea eta guri laguntzea oso itxaropentsua da.

Zer esango zenioke proiektuan ekarpena egin duen jendeari?

Hiru aldiz eskertuta nago. Lehena sostenguagatik, bigarrenik lurrari eta kosmosari. Eta eskerrik handiena, elkarrekikotasun eta erantzukizun adierazpenari. Belaunaldien arteko esker onagure ahotsa idazteagatik. Liburu hau geratuko da eta hala istorioa idatzita geratuko da.

Zertan lagunduko dizue proiektu honek zuei?

Ikusarazten, memoria berreskuratzen, kontzientzia sortzen eta Europa Abya Yalara begira jartzen. Elkarren beharra dugu. Europak beste mundu batzuetara begiratu behar du krisi pandemiko batean. Kapitalismoari eta patriarkatuari jaregin behar die. Hori da jatorrizko herriak eta lurraldeen defendatzaileak egiten ari gatzaizkion proposamena.

Beste mundu posible batekin amets egiten duzu?

Beste mundu posible batzuekin. Pluralean. Aniztasunarekin, mugak hautsiz, kapitalismorik gabe eta neoliberalismorik gabe, bizitza erdigunean jartzen duena.Beste mundu posible horiek iristen ari dira.

Ipuin hau Valientes (ausartak) bildumaren parte da. Ausarta al zara?

Ausarta eta gerlaria. Noizbait jakingo duzue nire herrian gerlaria zer den; ez da hitz beliko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.