ATZEKOZ AURRERA. Jon Gurrutxaga. Musikaria

«Atmosfera berezia sortzen saiatzen gara»

'Kateak' diskoa aurkezten ari da Jon Gurrutxaga. Gospela, bluesa, folka eta pop-rocka modu pertsonalean azaleratu ditu elgoibartarrak. Zuzeneko emanaldietan, Urbil Artolarekin batera ari da elkarlanean.

GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Bateria jotzaile gisa egin zen ezagun Jon Gurrutxaga (Elgoibar, Gipuzkoa, 1978), Arima Beltza taldean. Gerora, bakarkako ibilbideari ekin zion, eta orain, Urbil Artola gitarra jotzailearekin batera ari da zuzenean Kateak diskoa aurkezten. Edukiera mugatua, maskara derrigorrez erabili beharra eta elkarren arteko tartea gorde beharra ez dira oztopo Gurrutxagaren musika intimoaz gozatzeko. Asteburuan dituzte hurrengo emanaldiak: ostiralean, Orioko Arraunetxe aretoan (Gipuzkoa), eta larunbatean, Bermeoko Kafe Antzokian (Bizkaia).

Kateak diskoaren aurkezpen kontzertuak ematen ari zarete hainbat txokotan. Nolako harrera egiten dizue publikoak?

Egia esan, oso gustura gaude. Pandemia hasi zenean, kontzertuak eta ekintza kulturalak bertan behera geratu ziren, baina etxetik irten eta jotzeko aukera izan genuenetik dezente jo dugu. Egia da indarrean dauden neurrien ondorioz edukiera mugatuta dagoela eta jende kopurua ere murritzagoa dela, baina harrera ona izaten ari gara. Orioko eta Bermeoko kontzertuei begira ere oso jarrera baikorra dugu.

Urbil Artolarekin batera ari zara zuzeneko emanaldi horiek ematen. Zuen kontzertuetan atmosfera oso pertsonala sortzen duzuebion artean.

Urbilek eta biok harreman polita dugu. Oso ongi konpontzen gara, bai pertsonalki eta baita musikalki ere. Hortaz, ziurrenik, hori igarri egiten da taula gainean elkarrekin jotzen dugunean. Urbilek duen jotzeko modua oso ondo josten da nirearekin, eta saiatzen gara zuk esandako atmosfera berezi hori sortzen.

Nola deskribatuko zenuke zure musika?

Ez da erraza, musika estilo ezberdinetatik edan izan dudalako. Gaztetxotatik musika beltza asko entzun izan dut. Gerora, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran, bluesetik edan zuten musikari zuri britainiarren eta amerikarren musika entzuten hasi nintzen; orain, folk eskoziarra entzuten dut... Orokorrean, musika estilo asko entzuten ditut, eta orduan horietatik sortutako zerbait da nire musika. Hala ere, saiatzen naiz ni neu betetzen nauten kantuak sortzen. Batzuetan poperoagoak dira; beste batzuetan, blueseroagoak... Oreka horretan nabilela esan daiteke.

Bateria jotzaile gisa egin zinen ezagun, Arima Beltza taldean. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?

Oroitzapen oso politak ditut. Aitor Badiola gitarra jotzaileak eta nik egin genituen lehenengo urratsak talde gisa, eta, egia esan, hainbat arlotan asko ikasteko aukera izan genuen: talde gisa funtzionatzen, abestiak konposatzen... Gainera, Euskal Herrian barrena emanaldi asko izan genituen, eta, horri esker, txoko pila bat ezagutzeko aukera izan genuen.

Gerora, ordea, bakarkako ibilbidea hartu zenuen. Nolatan eman zenuen jauzi hori?

Ez da erraza talde bat mantentzea. Taldekide bakoitzak bere bizitza dauka, eta bakoitzak lehentasun maila bat edo beste ematen dio taldeari. Hortaz, bakarkako bidea hartzea modurik egokiena iruditu zitzaidan musikarekin nik nahi nuen moduan eta erritmoan lan egiteko. Dena dela, ibilbide horretan beti lagunez inguratuta egon izan naiz, eta hala izango ez balitz, kantuek ez lukete esanahi bera izango.

Aurrera begira, proiekturen bat duzu esku artean?

Oraingoz, aurkezpen kontzertuak egiten jarraitzen dugu. Bi urte igaro dira diskoa kaleratu genuenetik, baina Euskal Herriko hainbat txoko geratzen zaizkigu oraindik zapaltzeko, eta horretan gabiltza. Egia da ideia berriak edota kantu zirriborroak ditugula esku artean, eta horiei forma ematen ari garela. Kantu berriak grabatzea da asmoa, baina ez dakigu zer epetan eta zer erritmotan egingo dugun aurrera.

Musika arloari begira jarriz, pandemiak bereziki astindu du eremu hori. Zuk eraginik nabaritu al duzu?

Hasieran bai, emanaldiak eten egin zirelako, baina gerora, zentzu horretan, zortea izan dugu. Apurka-apurka formatu txikian jotzen hasi ginen, eta orduz geroztik emanaldi asko eman ditugu. Hala ere, egia da oso politak izan ahalko ziren emanaldi batzuk bertan behera geratu zirela, eta alde horretatik pena handia eman digula. Nolanahi ere, ezin gara kexatu: dezente jotzen ari gara, eta alde horretatik zortedunak gara.

Pertsonalki, nola ari zara aurre egiten pandemiari?

Nahiko ondo. Zorionez, ni eta nire ingurukoak osasuntsu gaude, eta hori da lehentasuna. Dena dela, psikologikoki eragina duen gaia da, eta alde horretatik pixka bat nekatuta nago, fase hau lehenbailehen amaitzeko gogoz. Lagunak eta familiakoak lasai besarkatu nahi ditut; gertutasun hori berriro sentitzeko beharra dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.