ATZEKOZ AURRERA. Jorge Naur Mango. Mankanyera hiztuna

«Etnia bakoitzak bere hizkuntza du»

Ginea Bissaukoa da Naur Mango, baina Iruran bizi da. Euskara ikasi du, baina senideekin bere jatorrizko hizkuntzan aritzen da oraindik telefonoz. Seme-alabei ere mankayeraz hitz egin die tarteka.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
2010. urtean iritsi zen Jorge Naur Mango Barai (Ginea Bissau, 1980) Irurara (Gipuzkoa). Euskal Herrian daramatzan urteek euskara ikasteko balio izan diote, baina ez du bere jatorrizko hizkuntza ahaztu: mankanyera. Bere jatorrizko herrialdean kreolera nagusi den arren, mankany etniaren hizkuntza bizirik dago oraindik. Horren inguruan hitz egingo du gaur, 19:00etan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean izango den hitzaldian.

Zer lekutan hitz egiten da mankanyeraz?

Senegalen, Guinea Bissaun, Gambian... Batzuek diote Boli Kostan ere hitz egiten dela. Mundu osoan milioi bat pertsonatik gora hiztun dituela ere badiote beste batzuek, baina ez dakit egia den edo ez.

Nondik dator?

Joan den mendekoa izango dela uste dut. Printzesa bat etorri zen Egiptotik, eta Fula etniako errege batekin ezkondu zen, eta hortik sortu zen mankany etnia. Beraz, Egiptotik datorrela esan dezakegu, eta Ginea Bissaun egonkortu zen, hiriburuaren ondoan dagoen herri txiki batean: Bulan.

Etnia bakoitzak bere hizkuntza dauka?

Bai. Pixkanaka hizkuntzak galtzen ari gara orain, baina etnia asko daude, eta bakoitzak berea dauka. Ginea Bissaun, oro har, kreoleraz hitz egiten dugu, eta beste etnietakoekin hitz egiteko hizkuntza komuna ere kreolera da. Baina etnia berekoen artean, bakoitzak berea hitz egiten du. Ohikoa da, era berean, beste etnia batzuetako hizkuntzan zerbait esaten badakizu, beste etniako horrekin hitz horiek ere erabiltzea.

Etnia ezberdinetako hizkuntzak antzerakoak dira?

Ez, denak ezberdinak dira. Antza daukatenak hiru edo lau baino ez dira: mankanyera, manyakoa eta banlanta. Horiek dira gertuen daudenak. Besteetako batzuekin elkar ulertzen dugu, baina ez guztiekin.

Badago mankanyera erakusten den lekurik?

Ahoz aho igaro da orain arte. Ginea Bissaun ez dago eskolarik hizkuntza ikasteko. Etxean hitz egiten da, familiarekin edo lagunekin... etnia berekoa den inguruko jendearekin. Senegal, adibidez, Ginea Bissaurekin alderatuta, aurreratuta dago. Hango unibertsitatean badago sartuta hizkuntza moduan, eta orain ikusteko dago ea horren bidez hizkuntza gehiago zabaltzen den. Hala ere, Ginea Bissaun badago talderen bat erakusten duena, eta liburu bat atera dute mankanyerazko alfabetoa ikasteko.

Hizkuntza biziberritzeko egitasmoren bat badago martxan?

Bai, badago proiektu bat duela urte batzuk martxan jarri zena, eta urtean bi edo hiru aldiz bilera egiten dute. Senegaldik eta Gambiatik joaten dira, eta mankanyeraz hitz egiten dute. Hor aztertzen dute, besteak beste, hizkuntza zer egoeratan dagoen eta nola bultzatu daitekeen.

Antzik aurkitu al diozu hizkuntzari euskararekin?

Oso ezberdinak dira. Hala ere, hitz batzuk mankanyeraren antzekoak dira, baina esanahiak ez dauka zerikusirik. Adibidez: Naiara hemen izen bat da, baina mankanyeraz norbaiten bila zoazela esan nahi du.

Norekin erabiltzen duzu mankanyera orain?

Gurasoekin eta familiako batzuekin hitz egiten dut telefonoz. Hizkuntza gutxiago praktikatzen dudanez, jarioa galdu dudala ere igartzen dut, baina saiatzen naiz mantentzen. Nire umeei ere hitzen bat esaten diet noizbehinka, belarria egin dezaten.

Zer hizkuntza erabiltzen duzu umeekin normalean?

Nahastuta hitz egiten dugu. Amarekin euskaraz egiten dute, eta beren artean eta nirekin, kreoleraz, baina noizbehinka hitzen bat egiten dugu mankanyeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.