ATZEKOZ AURRERA. Haritz Ezeiza eta Ixiar Jauregi. Bitartean taldeko kideak

«Heldutasun bat lortu dugula uste dugu»

Euskal Herriko eta Argentinako folklorea uztartzen ditu Bitartean musika taldeak. 'Kreole' izeneko bigarren diskoa kaleratzearekin batera, 'Denak ez ziren indiano' ikuskizuna estreinatuko dute.

GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Bitartean musika taldeko kideak dira Ixiar Jauregi (Hernani, Gipuzkoa, 1986) eta Haritz Ezeiza (Hernani, Gipuzkoa, 1984). Folk musika egiten dute, eta Euskal Herriko eta Argentinako erritmoak eta doinuak uztartzen dituzte euren abestietan. Bigarren diskoa kaleratu berri dute: Kreole. Hala ere, musika proiektu hori ez da bere horretan geratu, eta Hernaniko Ttarla dantza taldeko kideekin elkarlanean Denak ez ziren indiano ikuskizuna jarri dute martxan. Datorren ostegunean izango da estreinaldia, Hernaniko Biteri kultur etxean.

Nolatan erabaki duzue ikuskizun bat egitea?

IXIAR JAUREGI: Bigarren diskoa kaleratzearekin batera, aukera ona iruditu zitzaigun Hernaniko dantza taldearekin elkarlanean ikuskizun bat sortzea. Era horretara, gure diskoak kontatzen duen istorioa modu bisualagoan edo erakargarriagoan transmititzea lortu nahi dugu.

Zer da bertan kontatuko dena?

HARITZ EZEIZA: XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran izandako Euskal Herriko migrazio mugimenduak kontatzen dira. Izan ere, asko eta asko izan ziren Euskal Herria utzi, eta Ameriketara bizimodu berri eta hobe baten bila alde egin zutenak.

Hala ere, horren zabalduta dagoen indianoen irudi positiboa baztertu, eta beste errealitate bat erakustea da zuen asmoa.

H.E.: Hori da, hemen entzun izan duguna da Ameriketara joan zirela, eta diru asko egin ondoren, hona itzuli zirela. Hortaz, guk, ikuskizun honen bitartez islatu nahi dugu denak ez zirela aberastu, eta horietako askok ez zutela bizimodu erraza izan. Antonio Zabalak 1984an kaleratutako Amerikanoak liburua hartu dugu oinarritzat, eta, horrez gainera, inguruan ditugun hainbat pertsonaren lekukotasuna ere inspirazio iturri izan da guretzat.

I.J.: Azken finean, beste errealitate bat erakustea da gure asmoa. Izan ere, denak ez ziren indiano, eta egoera latzak bizi izan zituztenak badaude. Hortaz, aukera ona iruditu zitzaigun ezkutuan geratu den alde hori jendeari erakustea eta horren berri izatea.

Hernaniko Ttarla dantza taldearekin elkarlanean sortu duzue ikuskizuna. Zein ekarpen egiten dio dantza taldeak emanaldiari?

H.E.: Dantzarien lanak kontakizuna biribiltzen eta osatzen du. Koreografiak lehenengoz ikusi genituenean, gu ere hunkituta geratu ginen. Sekulako lana egin dute.

I.J.: Esan behar dugu, pandemiaren ondorioz, haiek ere ez dutela urte erraza izan. Hala ere, entseguak aurrera ateratzeko gai izan dira, eta oso lan ona egin dute. Gainera, dantzarien dramatizazio puntu horrek kontakizunaren haria jarraitzen laguntzen du.

Euskal musika egiten duzue, Hego Ameriketako kutsuarekin, ez?

H.E.: Bai, bien arteko nahaste bat da. Hango harmoniak jotzen ditugu, baina euskal instrumentuekin.

I.J.: Herri musikan oinarritzen gara, Euskal Herriko eta Argentinako folklorea uztartuz.

Pandemiaren ondorioz, aurkezpena atzeratu behar izan zenuten. Nolako esperientzia izan da ikuskizuna prestatzea?

H.E.: Odisea bat. Gainera, tartean, pandemia izan dugunez, zailtasun ugari izan ditugu.

I.J.: Oso prozesu zelebrea izan da egia esanda. Hala ere, lan berria aurkezteko gogoz eta ilusioz gaude.

Horrez gainera, Kreole izeneko bigarren diskoa kaleratu duzue. Nondik dator hitz hori?

H.E.:Kreole hitzak nahasketa esan nahi du, eta guk, izenburu horrekin, kulturen arteko nahasketari egiten diogu erreferentzia.

I.J.: Gure musika deskribatzen duen hitz egokia da. Horixe garelako gu, kreoleak.

Lehenengo diskotik hona, bilakaera bat izan duzue?

I.J.: Nik baietz esango nuke. Lehenengo diskoan abestien moldaketak egiten genituen gehienbat, eta oraingo honetan, ia abesti guztiak guk egindakoak dira, propioak. Azken finean, zortzi urteren aldea dago disko batetik bestera, eta heldutasun bat lortu dugula uste dut.

H.E.: Bai, hori da. Beste patxada bat, beste lanketa bat, beste profesionaltasun bat dago lan berri honen atzean, eta hori nabaritu egiten da. Horrez gainera, argentinar kutsu handiagoa du lan honek.

Hernanin izango da estreinaldia. Nola zaudete?

I.J.: Oso pozik. Astelehenean jarri ziren salgai sarrerak, eta hamabost minutuan guztiak amaitu ziren. Egia da edukiera erdira mugatuta dagoela, baina jendea emanaldia ikusteko gogotsu dago.

Aurrera begira, baduzue kontzerturik esku artean?

I.J.: Bai, oraingoz, martxoaren 18an Zornotzan [Bizkaia] arituko gara. Gerora, ikusiko dugu lan berri honek zein bide hartzen duen.

H.E.: Orain, egindako lana saltzea egokitzen zaigu, baina pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.