ATZEKOZ AURRERA. Miguel Gutierrez. Historialaria eta esploratzailea

«Ziur nago lekuak balio arkeologiko handikoak direla: altxor bat»

Pakistanen egon da Gutierrez, eta orain arteko hipotesiak baieztatzen dabil: Alexandro Handiak eraikitako bi hiri eta hilobi bat aurkitu ditu, eta dokumentua adituen eskuetan dago. Erantzunaren «zain» dago.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Historialaria eta esploratzailea da Miguel Gutierrez (Galdakao, Bizkaia, 1977). Ustez Alexandro Handiak eraikitako bi hiri aurkitu ditu; baita Bucefalo zaldiaren hilobia ere, Pakistanen. Hipotesiak egiaztatuz gero, azpimarratu du «mundu mailako aurkikuntza bat» izan daitekeela. Hala ere, orain ikertutakoa baieztatu behar da, eta aitortu du arkeologiaren alorra «mantsoa» dela, besteak beste baimenak behar direlako indusketak egiteko.

Alexandria Nicaea eta Alexandria Bucefala. Nola iritsi zara bi hiri horietara?

Betidanik izan dut gogoko bidaiak egitea, eta baita geografia ere. Idazlea naiz, eta, beraz, bidaietan egindako esplorazioak idazten ditut. Baina, bestalde, Alexandro Handiaren irudiak ere interesa pizten dit; badira bi urte hark Indian eginiko ibilbideari buruz ikertzen nabilela.

Hidaspesko gudua ikertu duzu.

Alexandro Handiak Persia, Egipto eta Feniziako inperioak konkistatu zituen, eta, ondoren, Indiara iritsi zen, Kristo aurreko 326. urtean. Mitologia zuten jakintzaren ardatz, eta, haien ustez, soilik Dioniso jainkoa iritsi zen bertara; hor amaitzen zen mundua. Baina tropekin iritsi eta Indiako Poros erregea garaitu ostean, bi hiriak sortu zituen: Alexandria Nicaeak garaipena esan nahi du; Alexandria Bucefala, berriz, bere zaldiaren omenez jarri zuen.

Hain zuzen, Buzefalo zaldiaren ustezko hilobia ere aurkitu duzu.

15 urte zituela, bere aitak zaldi zakar bat erosi zuen, eta inork ezin zuen hezi. Sakrifikatu egin behar zuten, baina, Alexandrok menderatzea lortu, eta konkista guztiak harekin egin zituen. Bere burua jainko bizidun deklaratu zuen, eta zaldia ere jainkotiartzat zeukan, baina Indiara iristean, Hidaspes ibaian hil zen; ia 30 urte zituen. Alexandrorentzat errege bat bezain garrantzitsua zen Buzefalo, eta hilobi mazedoniar batean lurperatu zuen. 130 metroko diametroa du, adobezkoa da, eta zeramikaz betea; forma biribila du.

Eta bertakoek ba al dute aztarna horien berri?

Tumuluaren gaineko etxe batean bizi den nekazari batek esan zidan sikhismo erlijioarekin lotuta bazeudela uste batzuk, baina hipotesirako baliagarria izan zitekeen beste datu bat ere eman zidan: bertan daude eskualdeko lurrik emankorrenak, eta horrek bat egiten du hiriak eraikitzeko logikarekin.

Zer bide egin duzu zure hipotesirako?

Badakigu Nicaea azkar desagertu zela, eta Bucefalak sei mende inguru iraun zuela; bosgarren mendean suntsitu zuten huno zuriek. Britaniar inperioaren garaian, esploratzaile batzuk jardun zuten bertan, eta arrasto batzuk jaso zituzten. Unibertsitateetako ikerketak ere egin dira. Nik aurreko azterketa horietako ustezko akatsak aurkitu ditut, eta hipotesi bat planteatu dut, Alexandro Handiaren ibilbidean zentratuz. Konexio mistiko bat ere badut berarekin eta Buzefalorekin.

Beraz, ezustean egin al zenuten topo hiriekin?

Ez genuen espero. Soilik Hidaspesko gudu zelaiaren gaineko iritzia ematera joan nintzen, baina Bucefala herrixkarekin egin genuen topo. Hori mendebaldean dago, eta, beraz, ekialdera joatea falta zait, Nicaea legokeen eremura. Hala ere, badakit eremu horretan Sikander izeneko muino bat dagoela, eta horrek, Ekialde osoan, Alexandro esan nahi du. Hor bada heroi mitologiko baten omenezko monumentu bat duen santutegi bat ere; haien hitzetan, islamiarra da.

Orain hipotesia baieztatu beharko da.

Dokumentu bat osatu dut, eta gai hauetan adituak direnei bidali diet. Baita Pakistango Gobernuari ere. Hala ere, gai arkeologikoak mantsoak izan ohi dira. Lehenik, ikertutakoa ikusi behar da, eta, gero, baimenak behar dira indusketak egiteko; hori ez da egun batetik bestera egiten. Hala ere, uste dut azkar baloratu dezaketela landutako teoria posible den ala ez.

Zer esanahi du aurkikuntza honek?

Ziur nago lekuak balio arkeologiko handikoak direla; identifikazioan huts egin badezaket ere, pozik nago. Arkeologoentzat benetako altxor bat izan daiteke, eta, hipotesiak egiaztatuz gero, mundu mailako aurkikuntza arkeologiko bat izango litzateke. Urduri samar nago, eta zain.

Zer dira proiektu hauek guztiak zuretzat?

Nik batez ere dibulgazio historikoko lanak egiten ditut, hala nola artikuluak eta liburuak. Hori niretzat lan bat da, ordaindu gabea bada ere. Baina ni hori naiz, eta ez besterik; ezingo nuke definitu zer den hori zehazki, baina jardun honek ni naizen hori ematen dit. Barruan deabru bat daukat; hitz egiten dit, eta, kito, ez dut gehiago pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.