ATZEKOZ AURRERA. Oskar Estanga. Inprobisatzailea

«Inprobisazioa landu beharreko truko bat da»

Deitu bertsolari, musikari edo inprobisatzaile. Inondik ez gehiegi, baina denetatik da pixka bat. 'Gurerara' izeneko ikuskizuna ondu du Estangak: «Musikarekin eta hitzarekin jendartean jolasteko asmakizun bat».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Lekunberri
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bat-batekoa, eta aurretik prestatu, aztertu eta landu gabea. Hori da inprobisazioa, definizioz. Oskar Estanga (Gaintza, Nafarroa, 1978) ez da horrela ari definizioz, baina bai ofizioz. Gurerara izeneko ikuskizuna ondu du. Besteak beste, Pasaian (Gipuzkoa) ariko da hilaren 28an, eta Berriobeitin (Nafarroa) ekainaren 3an. Bat-batean bai, baina ez aurretik prestatu, aztertu eta landu gabe.

Ez da erraza zu definitzea. Bertsolaria, musikaria, inprobisatzailea...

Inondik ez gehiegi, baina denetatik pixka bat.

Zer jarriko dugu?

Inprobisatzailea jarri.

Zer da Gurerara?

Musikarekin eta hitzarekin jendartean jolasteko asmakizun bat. Azkenean, aitzakia bat da mundua gure erara eraikitzen jarraitzeko.

Alegia, zure erara zabiltza?

Bai, hori da nire bizitzako helburu nagusia: nire erara ibiltzea. Eta inprobisazioak uzten duen leiho ireki horrekin, jendeari erakustea denok dugula aukera gure erara eraikitzeko gure mundua eta gure kultura.

Dena egiten duzu inprobisatuz?

Ez, ez. Inprobisazioa truko handi bat da; inprobisazioa asko landu behar da. Zenbat eta gehiago landu, orduan eta inprobisatzeko aukera gehiago daude. Saiatzen naiz ongi orekatzen landuaren atala eta inprobisatuaren atala. Oraingoz, esango nuke, gehiegi lantzen dudala aukeran, eta gutxiegi inprobisatu.

Arriskutsua ere bada?

Bai, bada. Batzuetan mozorrorik gabe geldi zaitezkeelako. Jendaurrean zerbait sortzea da nahia, eta zerbait sortze horretan teknika hori pixka bat kontrolatzen jakin behar da. Ez baduzu kontrolatzen, hor arriskua dago. Beste arriskua da uneren batean nahi ez zenuen zerbait kanpora ateratzea, politikoki zuzena ez dena. Eta hor ere bada arriskua. Ez dakidana da arrisku hori onerako edo txarrerako den.

Izango du onurarik ere?

Ekaitz batek dakarren euriaren parekoa da onura: ez duzu bustitzera atera nahi, baina ederra da ikustea. Onura da bizitza bor-borka ateratzen dela inprobisazio lasai batean.

Zure ikuskizunaren oinarria «urbanoa» dela diozu. Gaintzako mutil bat eta urbanoa?

Gaintzako mutil horrentzat iraultza izan zen Negu Gorriak-ek Euskalduna naiz eta harro nago abestea. Lehen trikitia eta bertsoak bakarrik entzuten zituen ume hark ikusi zuen Arribeko bihurgunetik haratago bazegoela mundu bat, eta, euskalduna izanda, bazeukala hor leku bat, eta, gainera, modu ezberdin askotara adieraz zitekeela.

Norbaitek gogoratuko zaitu ilea morez tindatuta bertsotan?

Memoria ona izango du hori oroitzen duenak [barrez]. Momentuan beldurra ere ematen zidan irudi hark. Oso haur dudatsu bat zegoen han. Orain maitasun handiz gogoratzen dut haur suizida hura, haren balio guztien gainetik jauzi egin zuena, moda berrien aitzakian, baina moda berriak baino gehiago zen Gurerara-ren aurrekari bat.

Errebeldia garai bat?

Bai, batez ere, lehengo moldeetan enkajatzen ez nuelako. Berriak bilatzen hasteko garaia zen. Eta momentuan mingarri samarra izan bazen ere, orain ikusten dut bazuelazentzua. Bilaketak ekarri nau oso leku interesgarrietara.

Zurea bai bilaketa: bertso, rock, heavy, rap, DJ, batukada... Zer da «artista integrala» izatea?

Artea diziplina zehatz batetik haratago doa. Bada sentikortasun bat edo mundua ulertzeko modu bat. Artista izatea sentikortasun hori garatzea da. Bakoitzak daki zergatik aukeratzen duen diziplina bat edo bestea, eta artista integralaren kontzeptua neure burua justifikatzeko modu bat ere izan da, inoiz ez naizelako finkatu estilo batean. Uste dudalako musika lantzen dudan heinean, hitzak baduela garrantzia. Eta hitza lantzen dudan heinean, mugimenduak, eta agertokiak, eta teknikak... Espezializazioaren edo oso ona izatearen gizarte honetan asko enkajatzen ez duen ideia da hori: denetatik pixka bat. Hori litzateke artista integralaren ideia.

Lortzeko bidean zoaz?

Esango dut baietz [barrez]. Banoa bidean, ikusten ari naizelako sentikortasunari forma ematea badela lan bat, badela bizimodu bat.

Zer da contact inprobisazioa?

Dantza teknika bat da. Haren tresna nagusiak grabitatearekin harremana, besteekin kontaktua, eta inprobisazioa dira. Balio asko aldarrikatzen ditu: denok garela dantzariak, ez dagoela gorputz bat bestea baino hobea, dena ongi dagoela dagoen bezala eta bakoitzak ahal duena egiten duela, dantza mailak ez direla modu hierarkikoan banatu behar... Hori da neure buruarekin harremantzeko topatu dudan modu bat, gutxirekin asko sortzen duena. Askorekin gutxi eman didaten gauza asko probatu ondoren...

Eta hor ere inprobisazioa?

Bai, hor ere inprobisazioa. Espazio ireki baten aurrean irekitzen den mundu hori dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.