ATZEKOZ AURRERA. Miren Urbieta-Vega. Sopranoa

«Musika klasikoak eta lirikoak harrera ona du; hemen tradizioa dago»

Euskal konpositore klasikoak eta egungoak ezagutzeko aukera izango da igandean Gasteizen, ahotsaren eta pianoaren bitartez haien lanak interpretatuko baitituzte. Zabalpen lana egitea da helburuetako bat.

MICHAL NOVAC.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Testu poetikoak, ahots bakarra eta pianoa. Horiek izango dituzte lagun Miren Urbieta-Vega sopranoak (Donostia, 1983) eta Amaia Zipitria piano joleak igandean, ekainaren 6an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo duten Euskal hitzetatik soinu unibertsalerantz emanaldian, 19:00etan, Jalgi Voz jaialdian.

Hitzak eta soinuak. Baina zer jasoko duzue zehazki emanaldian?

Euskal lied kantuen inguruko errezitala izango da. Horretarako, XX. mendearen hasierako euskal konpositore garrantzitsu batzuen kantetatik abiatuko gara, euskal klasikoak deituko genituzkeenetatik: esate baterako, Jesus Guridi, Pablo Solozabal eta Tomas Garbizu. Bigarren zatian, berriz, egun bizirik dauden euskal konpositoreen euskal kantak interpretatuko ditugu.

Beraz, euskal herritarren lanak izango dira guztiak?

Ez dira den-denak euskal konpositoreak, salbuespen batzuk badaude-eta, baina kanta guztiak euskarazko testuekin eginikoak dira. Manuel Garcia Morante bartzelonarra, adibidez, ez da euskalduna, baina baditu euskal kanta askoren harmonizazioak eginak. Musikene goi ikastegian abesbatzen zuzendaritza ikasten dabilen Laida Otaduiren lan bat ere interpretatuko dugu, eta baita Mikel Chamizo euskal konpositorearen bat ere. Arabara goazenez gero, gainera, Francisco Ibañez konpositore arabarraren pieza bat ere eskainiko dugu. Horiek guztiak egungo konpositoreak dira, eta denak bizirik daude.

Hala ere, bada salbuespen bat: Anton Garcia Abril.

Haren obra bat interpretatu nahi genuen programa egin genuen unean bizirik zegoelako, baina, zoritxarrez, urte honetako martxoaren 17an hil zitzaigun. Hala ere, omenaldi txiki bat egingo diogu kontzertuaren amaieran, berak Bernardo Atxagaren testuez musikatutako Ainhoa kantarekin.

Euskal liedaren garapena ezagutzeko parada egongo da, orduan.

Euskal lied klasikoenetatik modernoetara abiatuko gara. Pixka bat ikusiko dugu nolako garapena eta nolako ekliptikotasuna izan duen euskal liedak; baita melodien eta harmonizazioen ugaritasuna eta testuen aniztasuna ere. Poeta alemaniar baten testuak dira, adibidez, Solozabalen kantak, baina, aldiz, interpretatuko ditugun Guridiren eta Garbizuren kantak jende askok ezagutzen dituen herri abestiak dira, baina pianoarekin eta harmonizazio jasoago batekin. Chamizo eta Otaduiren obren hitzak Joseba Sarrionandiarenak dira; Garcia Moranterena herri kanta batean dago oinarrituta; eta Francisco Ibañezenak Jon Arretxe poetarenak dira. Musikaren eta euskal poesiaren artean dagoen lotura ikusiko dugu.

Egun,nolako harrera du musika lirikoak eta klasikoak?

Harrera oso ona du, afizioa eta tradizioa dago eta. Euskal Herrian betidanik izan dugu koruetan kantatzeko joera handia, ahots lirikoetarakoa. Beraz, horrelako egitasmoek harrera ona izaten dute. Errezital honetarako sarrerak, adibidez, egun batean agortu ziren.

Eta lehen aldia al da emanaldi hau egiten duzuena?

Programa hau zehazki, bai, baina bertan interpretatuko ditugun abesti asko beste batzuetan ere interpretatu ditugu, aurreko errezital batzuetan. Beste batzuk nik aurreko urteetan grabatutako disko batean ere baditut. Beraz, lotu egin ditugu nik diskoan grabatuta neuzkan batzuk, abenduan egin genuen errezital batean interpretatutako beste batzuk, eta berriak.

Beraz, Amaiarekin ere lehenago egin dituzu emanaldiak.

Bai, aspalditik ezagutzen dut, eta azkeneko urteetan errezital franko egin ditugu elkarrekin. Egun, Musikeneko irakaslea da, eta, emanaldian, pianoa joko du. Nik, berriz, orain hamar urte inguru bukatu nituen Musikeneko kantu ikasketak; sopranoa naiz.

Zer helburu ezarri diozue errezitalari?

Lehenbiziko helburua jaialdiari bizitza ematea da, eta babestea. Garrantzitsua iruditzen zaigu hori, eta espero dezagun datorren urteetan ere finkatu ahal izatea Arabako jaialdi inportante bat lez. Horrez gain, eta hau beti presente dugu, ezagutzera eman nahi ditugu gure euskal kulturako obrak, konpositoreak eta poetak; izan ere, gure mundu klasiko eta liriko honetan, kanta alemaniar asko kantatzen ditugu, besteak beste; hau da, gehienak hizkuntza arrotzetan abestutakoak dira, eta, ondorioz, batzuetan, ahaztu egiten dugu gure ondarea ere badela. Azkenik, publikoa gozarazteko asmoa ere badugu, eta, era horretan, egungo konpositoreak ezagutarazi, eta jendea horrelako musika interpretatzera animatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.