ATZEKOZ AURRERA. Felix Calvo. Argazkilaria

«Ideia bat eduki behar da buruan, eta, ostean, argazkian islatu»

Calvok haurtzarotik izan du interesa ornitologian. Asko ikasi zuen urte luzez eginiko landa lanean, eta hori guztia argazkilaritzara eramatea erabaki zuen. Haren lanak ikusgai daude Gasteizen.

MIGUEL ANGEL PEREZ HERRERO.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hezeguneetan dauden hegaztien argazkiak atera ohi ditu Felix Calvo argazkilariak (Ciudad Rodrigo, Espainia, 1957), eta, orain, horietako batzuk ikusgai daude Gasteizko Ataria Interpretazio Zentroan. Haren arabera, kalitatezko argazki bat lortzeko, lehenbizi, ideia bat eduki behar da buruan, eta, ostean, ingurua ere arakatu behar da zer dagoen ikusteko eta zer egin daitekeen pentsatzeko; islatzea da hurrengo urratsa. Hegaztiak, bizi zantzuak erakusketa urriaren 31ra arte bisitatu ahalko da.

Azken hamar urteotako lanak erakutsiko dituzu; halere, urteak daramatzazu jardunean.

Bai, erakusketako ia argazki guztiak azken bizpahiru urteetan ateratakoak dira, baina badira zaharragoak ere. Urteak daramatzat jardun honetan, 1980ko hamarkadaren hasieratik, gutxi gorabehera. Irun [Gipuzkoa] inguruan ateratzen ditut argazki gehienak; Plaiaundiko parkean horietako asko, Txingudin. Nafarroan eta Araban ere aritu izan naiz, eta baita kanporago ere, hala nola Gallocantako aintziran, Aragoin [Espainia].

Nola eta zergatik hasi zinen argazki horiek egiten?

Txorien gaiarekin urte asko daramatzat, haurtzarotik. 1970eko hamarkadaz ari naiz. Aranzadi elkarteak base bat zuen Jaizubian, eta haiekin hasi nintzen. Garai horietan ez zegoen kamerak erosteko dirurik, eta ez nintzen argazkigintzarekin hasi, baina balio izan zidan eskarmentu pixka bat lortzeko; landa lan horrek lagundu zidan gerora egin dudana gauzatzeko.

Beraz, lehenbizi hegaztiak izan zenituen zaletasun.

Bai, ornitologia. Lanean hasi nintzenean eta diru pixka bat irabazi nuenean erosi nuen lehen kamera.

Nolakoa da hegaztiei argazkiak ateratzeko prozesua?

Lasaitasun eta isiltasun handia behar dira. Jende gehienak uste du filosofia hor zehar ibiltzea dela, zerbait aurkituko dutenaren esperoan, baina horrela ez da ezer egiten. Hobe da buelta bat ematea eta ingurua arakatzea, benetan argazkiak non atera daitezkeen ikustea, eta baita denbora hartzea ere. Gutxi gorabehera buruan duzun argazkiaren bila joan behar da, edo, behintzat, hori da nire lan egiteko modua. Hau da, ideia bat eduki behar da buruan, eta, ondoren, islatu. Era horretan kalitatezko zerbait egin ahalko da.

Hegaztiak ere ezagutu beharko dira...

Bai, espezieen biologia eta portaera, besteak beste. Horregatik diot urte batzuk lehenago egindako landa lana primeran datorkidala, funtsezko ezagutzak eskuratu nituelako gerora argazkigintza garatu ahal izateko. Hala ere, garaiak aldatuz doaz, eta, egun, edozeinek eskura dezake horrelako argazki bat.

Nola?

Enpresa askok horretan dihardute; espezializatuta daude. Horietako batzuek jada eremu batzuk prest dituzte, eta hegaztiak erakartzen dituzte janariarekin. Hala ere, sormenik ez dago, argazki guztiak berdinak direlako: fotomatoi bat dirudi. Turismo ornitologikoaren parte da.

Zuk nola lortzen duzu hegaztiei protagonismoa ematea?

Buruan daukadan ideia praktikan jartzen dut, eta, horretarako, argiztapenarekin jolasten dut. Hori da kontrolatzen dudan gaietako bat, argiarena, argazkigintzan funtsezkoa baita: argirik gabe, kasu gehienetan, ez dago argazkirik.

Noiz egoten da argi hori?

Normalean, goizetan. Hala ere, zerua garbi dagoen egun bat behar da, eta hori, hemen, sarritan, ez da erraza izaten.

Materiala ere behar da. Nola aldatu da?

Kamera analogikoarekin hasi nintzen, eta aldaketa ikaragarria izan da kalitateari dagokionez. Egun aukera ugari daude. Lehen, esaterako, fokuratzea eskuz egin behar zen, eta zaila izaten zen hegaztien hegaldi bat harrapatzea; orain, automatikoki egiten da, eta botoia sakatzen egonez gero posible da argazki bat baino gehiago ateratzea segundo batean; era horretan, hegaldiko momenturen bat aukeratu dezakezu. Lehen ezin zen horrelakorik egin, eta, gainera, dirutza balio zuen, hiru karrete gastatzeko arriskua baitzegoen.

Milaka argazki izango dituzu! Ba al dakizu zenbat, zehazki?

Ez dakit zenbat argazki atera ditudan urte hauetan guztietan. Kontua da goiz batean pila bat atera ditzakezula, baina, gerora, dozena erdirekin baino ez zara gelditzen.

Hegaztien argazkiez gain, egiten al duzu bestelakorik?

Gehienak hegaztienak dira; inguruneko gaiekin lotutakoak, batez ere. Gaitzat hori dut, baina beste aukeraren bat suertatuz gero ere joaten naiz, eta ikusten dut ea zer egin dezakedan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.