ATZEKOZ AURRERA. Garbiñe Larrea. Naturopata

«Sendabelarra B plana da jendearentzat»

Sendabelarrei buruzko interpretazio berria egin, eta haietako 45 aztertu ditu kaleratu berri duen liburuan. Belarrok erabiltzeko ikuspuntu didaktikoa azalduz eta jarrera kritikoa erakutsiz idatzi du liburua.

JON URBE / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Sendabelarrek asko dakite gutaz, baina guk haietaz ez hainbeste». Ezjakintasunak erabilera desegokia dakar, eta erabilera desegokiak, sarri, arazoak. Horiek saihesteko idatzi du Garbiñe Larreak (Urnieta, Gipuzkoa, 1976) Sendabelarrek dakitena liburua; Argia-ren babesarekin argitaratu berri du.

Zerk eten du etxe askotako sendatze sistemaren oinarri izan den sendabelarren erabilera?

Farmaziak osasungintzaren monopolioa hartu zuenean eten zen. Orduan, sendabelarrak ondare eta tradizio bihurtzen hasi ziren, medikuntzaren bide alopatikoaren gerizpean.

Baina badirudi elikadura osasungarriaren modaren gorakadak sendabelarrak berriz boladan jarri dituela, ezta?

Sendabelarra B plana da jendearentzat: medikuntzarekin asebetetasunik eta emaitzarik lortzen ez dutenek arlo horretara jotzen dute, etsita. Halaber, gorakadak badu estrategiatik ere: farmazietan, adibidez, ez dugu pilulen argazkirik aurkituko, baina bai, ordea, landareenak. Beraz, esan daiteke gai horrekin industria eta negozioa sortu direla. Ez da harritzekoa landareak langai dituzten enpresa farmazeutiko ugari burtsara atera izana, esaterako. Hori orain dela hogei urte ez zen inolaz ere gertatzen.

Medikuntza zientifikoarekin alderatuta, zer abantaila eskaintzen dute sendabelarrek?

Batetik, gauza arinen bidez sintoma arinak tratatzen dituzte. Horrek ez du esan nahi sendagai sintetikoak ordezkatu behar dituztenik. Bestetik, autonomia ematen digute haiek nola lantzen diren ikasteko eta, arduratik abiatuta, noiz eta nola aplikatu jakiteko. Horrez gain, medikuntza tradizionalak gordetzen duen herri ondarea aitortzea ere oso garrantzitsua delakoan nago. Nolanahi ere, ni bi medikuntza ereduen arteko bizikidetzaren alde nago, betiere bakoitza noiz eta zertarako baliatu behar den jakinda.

Badirudi gure osasun fisikoa eta mentala medikuntza profesionalaren eskuetan utzi dugula, gure bizi ohiturei erreparatu ordez.

Bai. Horrek isla garbia du, adibidez, elikaduraren kasuan. Bada jendea kolesterola edo hipertentsioa kontrolatzeko zein pilula hartu arduratuta dagoena, baina ez, aldiz, egoki elikatzeaz, kalitatezko atsedena edukitzeaz, estres egoeretatik ihes egiteaz eta egunero kirola egiteaz. Atalase gisa 40 urteak hartu izan dira: adin horretatik aurrera hasten omen gara ordura arte egindakoez jabetzen eta bizi estiloa aldatzen. Ordurako, baina, kontua ez da izaten osasun arazoak saihestea, jada baditugun arazoei adabakiak jartzea baizik. Egungo bizimoldea ere aurka dugu: produkziora eta kontsumitzera bideratuta egonik, tarte gutxi dago osasunarentzat. Esaterako, egunero lanetik berandu, estresatuta eta ezertarako denborarik gabe iristea ez da antsiolitikoekin konponduko den arazo bat, irtenbide soziala eta sistemikoa behar duen afera baizik.

Liburua publiko guztiei zuzenduta dago, baina emakumeentzat toki berezia gorde duzu, ezta?

Bai. Izan ere, landare askok eragin estrogeniko handia dute, eta hiperestrogenismoak emakumeei eragiten die. Jende eta, jakina, emakume mordoa dago ezjakintasun osoz sendabelarrak hartzen dituena, kaltegarria izan daitekeen arren. Espero dut, beraz, liburua sindrome metabolikoak eta fase hormonalak kontrolatzen laguntzeko baliagarria izatea, adibidez.

COVID-19ak utzitako ondorioek zer eragin izan dute sendabelarren erabileran?

Koronabirusarekin gertatu da inor ez zegoela hari aurre egiteko prest. Gaitza pasatu duen jendea artatzean, asterik aste, konponbide desberdinak proposatuz joan naiz. Puntu horretan, tratamendua ahalik eta modu espezifikoenean egin behar da, paziente bakoitzaren beharretara egokituta. Izan ere, pertsona batek tronboa izan badu, tiroideko arazoak pasatu baditu edo arnasketa arazoak baldin baditu, sendabelar jakin batzuek kalteak areagotu ditzakete. Beraz, erremedio naturalak izanagatik ere, ez dira beti lagungarriak. Bana-banako arreta, horrenbestez, giltza da.

«Osasunak ez du inpunitaterik», zioen Zhivago doktoreak.

Denborak arrazoia eman dio. Gorputzari nahi den besteko alkohol eta droga emanez gero, urteetan zabor janera joz gero eta, oro har, metabolismoa une oroko estres baten eraginpean edukiz gero, hark, gerora, kontuak eskatzen ditu. Ez dago esan beharrik edonork duela eskubidea norbere gorputzarekin nahi duena egiteko, baina jakin behar da gorputzak estres hori puntu bateraino jasan dezakeela. Gizartean, bidaltzen dizkiguten estimuluen esangura ere aipatu behar da, adibidez, zabor janaren edo muturreko kirol norgehiagokaren publizitatearena. Baina ez dago interesik produkzio hori osasunaren alde eteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.