ATZEKOZ AURRERA. Aiora Mujika. Youtuberra

«Sortu baino gehiago, kontatu egin dut»

Mortu zegoen esparrua; apenas zen inor Youtube euskaraz elikatzen zuenik. Aiora Mujika aitzindari izan zen; bost urte egin ditu bidean, ehun bideo utzi ditu sarean. Gero arte bat, agur bat baino gehiago.

JON URBE / FOKU.
gorka erostarbe leunda
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Aiora Mujika (Anoeta, Gipuzkoa, 1987) youtuberrak duela hilabete pasatxo sareratu zuen azken bideoa, Aiora Probatxoa sareko ezizen artistikoz. Ehun bideotako ondaretxoa utzi du, oraingoz...

 

Noiz esan zenion zeure buruari «youtuber izan nahi dut»?

Ez zein izan «youtuber izan nahi dut» bat, baizik eta «Youtube da gustatzen zaidan formatua, eta euskaraz ikusi nahiko nituzke gisakoak, baina ez daude». Neronek ere egin nezakeela erabaki nuen. 2017ko hasieran egin nuen lehen bideoa.

ETB2-ko El Conquistador saioaren ingurukoa, hain zuzen ere. Ikustaldi mordoa: birala bihurtu zen.

Susto galanta! Batu ziren saio hark eman zidala zerbait kontatzeko, haserretu egin bainintzen kontu batekin, eta justu grabatzeko aukera izatea hurrengo egunean, etxean bakarrik nengoelako. Bideoa egin nuen proba modura, jaurti eta... danba, biral egin! Eskerrak adintxo batekin harrapatu ninduen horrek, ze 17 bat urte izan banitu, sare sozialekin eta abar... Garbi izan nuen ekaitz perfektu bat izan zela, eta ez zela ohikoa izango aurreantzean.

Bost urte asko da esparru digitalean. Zer zen youtuber bat 2017an?

Ez dakit, bai baitago youtuber izatea lanbidetzat daukanik, eta hortik bizi dena influencer eta er horiek guztiak bezala. Eta beste alde bat badago: komunikatzeko tresna gisa erabiltzea kanal hori. Niretzat hori zen. Niretzat duela bost urte zena eta gaur egun dena berdina da.

Zure jardueraren bidez dirua irabazteko tentaziorik izan duzu?

Dirutxo bat ateratzeko aukera, izatekotan ere, lehenengo bideoarekin bakarrik izango nuen. Hortik dirua ateratzea oso-oso zaila da. Hortik bizi den jendea, gainera, markekin egiten dituzten kolaborazioekin eta abar bizi da. Ez da niri interesatzen zaidan zerbait. Egiten dudan guztia ez dut errentagarritasun ekonomikoarekin lotu nahi.

Sorkuntza eta komunikazioa bat doaz zure kasuan?

Nik komunikaziotik bizi izan dut gehiago, kazetaritzatik nentorren eta: zerbait kontatzeko eduki, eta hori kontatzeko bidea izatea, beste batzuetan txio bat edo artikulu bat izan litekeen bezala: sortzea baino gehiago, kontatzea izan da.

Umorea, gertutasuna, salaketa. Noiz zer?

Momentuan ateratzen zaidan bezala, kalkulatu gabe. Adibidez, zerbaitekin haserre baldin banago, ez zait aterako beste zerbaiten inguruko bideoa egitea haserre hori barruan daukadan bitartean. Zerbait baldin badut buruan bueltaka, ez naiz lasai geratzen hura askatu arte.

Boxeoan ere aritu zinen Kerman Lejarragarekin...

Hori bai ez nuela uste inoiz egingo nuenik. Oso esperientzia bitxia izan zen. Polita. Asko kostatzen zait gauza batzuk egitea, lotsa handia ematen dit, eta atzeraka egiten dut. Baina Youtubeko kanala ireki nuenean, neure buruari jarri nion arauetako bat izan zen zerbait proposatzen bazidaten, izan elkarrizketa, mahai inguru edo besterik, baietz esaten saiatu behar nuela. Bestela ikusten nuen proposamen bakoitza izango zela buruhauste bat, zer zilegitasun ote nuen nik hor egoteko eta abar... eta, halaxe, boxeoan amaitu nuen.

Gertukoenek zer esan dizute egin duzun bidearekin?

Lehenengo bideo harekin kezkatu egin ziren. Amak esan zidan: «Kontuz zer esaten duzun!». Beste askotan, kontsultaren bat egin dudanetan-eta, beti prest izan dut jendea. Asko eskertzen da babes hori sentitzea urteotan, aholkuak, iruzkinak, feedback hori.

Erakunde publikoetatik babestu beharko litzateke Youtubeko bideo sorkuntza?

Eremu hori estrategikotzat hartzen da bai euskararen sustapenerako, bai sorkuntzarako; horren araberako erabakiak hartu beharko lirateke. Apustu bat egin beharko litzateke erakunde publikoetatik, eta baldintza mugatzailerik gabekoa, bestela enpresak sar litezke, eta hor jada interes partikularrak eta abar.

Zer bideo utzi duzu egiteke?

Koaderno oso bat nuen erdizka utzitakoekin, baina zerbaitegatik utzi nituen erdizka. Horrez gain... Ehungarren bideoa despedidatxo gisa utzi dut, baina neure burua ezagututa, hemendik aurrera ere gogo izugarria pizten didan zerbait baldin badago kontatzeko, bada, egingo dut. Ez da dramarik egongo 101. bideoa egiteko.

Twich izan liteke 101.erako bide eta plataforma?

Euskarazko komunitate txiki zoragarri bat sortzen ari da Twichen bueltan; egunero sortzen dute euskarazko edukia, eta sekulakoa iruditzen zait. Inbidia sanoa ere ematen dit, Youtuben bakardade handiagoa baitago. Twitcheko euskal komunitateak beso zabalik hartu nau, baina niretzat ez da komunikaziorako bidea. Ez naiz eroso sentitzen, oraingoz behintzat: zuzenekoa da, eta ni gauzak asko pentsatzekoa naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.