ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Labaien. Argazkilaria

«Koloreek jendea despistatzen dute»

Itxialdiak eragindako emozioei tiraka 'Siluetak' argazki erakusketa sortu du Labaienek. Teknika berrien bidez, argazkigintza abstraktura egin du salto: «Ate berri bat ireki da, eta horretan nago oraindik».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Mugimenduarekin, desenfokatzearekin eta esposizio luzeekin jolastuz, argazkigintza abstraktuan dabil Iñigo Labaien argazkilaria (Iruñea, 1977). Siluetak erakusketa sortu du. 30 argazkik osatzen dute, eta bakoitzak emozio bat islatzen du. Maiatzaren 15era arte ikusgai dago, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian.

Itxialdiak argazkigintza abstraktura eraman zintuen?

Bai, gehienbat erretratuak egiten nituen, eta, itxialdian ezin nintzenez kalera atera, ezin nituen betiko argazkiak egin; hortaz, betaurrekoekin, ispilu batekin, urarekin eta kubatekin jolasten hasi nintzen; nahasketa pila bat egin nituen.

Esploratzeak zer eman dizu?

Beste begirada bat eta bestelako argazkiak egiteko aukera pila bat. Ez nuen inoiz pentsatu horrelako argazkiak egingo nituenik; beti egiten nituen argazki politak eta zoragarriak. Argazkigintza abstraktuarekin ate berri bat ireki da, eta horretan nago oraindik. Hau hasiera besterik ez da.

Erretratuetan esperimentaziorako tokirik bazegoen?

Soilik diruarendako. Hala ere, denak gehitzen du. Batez ere Youtuberekin ikasi dut; gaueko argazkiak egiten hasi nintzen; nire paranoiak. Dena esperimentazioa izan da; eman nituen bi edo hiru urte argazkirik egin gabe blokeatuta nengoelako, eta 2018an hasi nintzen berriz.

Zergatik jarri nahi izan duzu emozioetan arreta?

Ez nuen deus bilatzen; barruan neukana atera, eta sentimenduak islatu nahi nituen argazkien bidez. Abstraktua izatea nahi nuen jendea identifikatuta sentitu daitekeelako.

Zer etorri dira lehenago: emozioak edo argazkiak?

Emozioak; berez, biak. Emozioak etxean sortu ziren kazetariengandik jaso genuen informazio zaparradarekin. Hortaz, argazkiak egin nituen, eta, ostean, etxean argazki bakoitzari jarri nion izena sentitutako emozioekin.

Isiltasunarekin hasten da; horrela gogoratzen duzu hasiera?

Batez ere ateratzen hasi ginen momentua. Jendeak maskarekin gutxiago hitz egiten zuen, eta, gainera, distantzia agerikoa zen; ez ginen geratzen lagunekin, eta ez zen deus entzuten.

Dotoreziarekin amaitzen da.

Egin nuen lehenengo argazkia da. Argazkia egitean aurkitu nuena gustatu zitzaidan, eta jakin nuen bide horretatik jarraitu nahi nuela. Hortik sortu nuen gainerako guztia.

Argazki asko egiten dituzu?

Lehen egiten nituen asko; egunero joaten nintzen kamerarekin, eta etengabe gauza guztiei ateratzen nizkien argazkiak. Orain nahi dudan lekura joaten naiz: batez ere euria egiten duenean edo iluna dagoenean, aurretik argazkiak egiteko lekua bilatzen dut, eta gehienetan badakit zer erretratu nahi dudan.

Erakusketan agertzen den jendea kalean topatu duzu?

Ezezagunak dira guztiak, dotorezia argazkian ageri dena izan ezik. Argazkiak egiteko asko hurbildu behar dut, eta jendeak ikusten nau. Gehienak atzetik edo albo batetik eginak dira, baina, aurrez aurre ateratzen badut, gero esaten diet ez dela deus ikusten. Soilik behin gertatu zait gizon bat haserretzea eta muturrekoa emango zidala esatea.

Lehenengo aldia duzu esposizio luzeekin eta desenfokatzearekin?

Orain dela bost urte hasi nintzen mugimenduarekin jolasten, baina serie honekin serio landu dut. Teknika hori oso gaizki ikusia dago, eta esaten dute zatarra dela. Gustuko dut ez delako argazkigintza polita, baizik eta testuinguruan kokatzen zaituen argazkigintza.

Zuri-beltzean egin dituzu argazkiak. Bi kolore horietan ikusten dituzu emozioak?

Ez. Zuri-beltzean egin ditut enfokatu nahi dudana jendeak hobeto ikusteko; koloreek jendea despistatzen dute. Jendeak leku guztietara begiratzen duenez, zuri-beltzean egin ditut nik nahi dudan tokira begiratzeko.

Argazkietako zuriak erreta daude asko. Argazkigintzan gaizki ikusia dago?

Batzuei ez gustatu arren, oso pozik nago beste argazkilariekin hitz egin dudalako, eta denak flipatzen ari direlako, hala nola zuriengatik, mugimenduengatik eta pertsonen kokapenarengatik.

Ez dituzu sareetan argazkiak publikatu nahi. Argazki fisikoen garrantzia aldarrikatzen duzu?

Sare sozialengatik antzinako argazkigintza galtzen ari da, eta dena oso iragankorra da. Horregatik nahi izan dut argazki bereziak egin; horretarako Hahnemuhle papera erabili dut. Kotoia ere berezia da, 308 gramokoa. Kristala museoen kalitatekoa da, eta ez du erreflexurik egiten. Markoa ere berezia da. Obra bakarra da; ezin da kopiarik egin.

Dena sare sozialetan publikatzeko joera dago?

Bai. Segur aski, erakusketa amaitzean Instagramen jarriko ditut argazkiak. Gainera, jendeak argazkiak egin, eta sarera igo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.