ATZEKOZ AURRERA. Olatz Aizpurua. Aranzadiko ornitologoa

«Hurbil ditugun gauzak ez ditugu ikusten»

Itzuli dira enarak eta sorbeltzak Euskal Herrira. Ohiko hegaldi akrobatikoak egiten ari dira eraikinen eta baserrien inguruan. Habien errolda egingo du Aranzadik, boluntarioen laguntzaz.

GORKA RUBIO / @FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Enarak dituzue Aranzadiko teilatuan», esan dio kazetariak Olatz Aizpuruari (Iruñea, 1980), hegaldi bizkor, eder eta jostalariak egiten dituzten txoriak ikusita. «Ez, horiek ez dira enarak, sorbeltzak baizik», zuzendu du ornitologoak kazetaria. Aranzadi zientzia elkarteak Enarak proiektua abiatu du, Kutxa fundazioaren laguntzarekin, enara arrunten (Hirundo rustica), enara azpizurien (Delichon urbicum) eta sorbeltzen (Apus apus) habiak erroldatzeko. Boluntarioak behar dituzte, kumatze garaian —ekainaren hasieratik uztailaren 15era arte— habiak aurkitzeko eta urtez urteko jarraipena egiteko. Datuak Ornitho.eus zientzia atarian bilduko dituzte. Gero, datuak bisore digital berri batean ikus ahal izango dira.

Nola bereiz daitezke enarak eta sorbeltzak?

Enarek sabelaldea zuria dute. Enara arruntak paparra gorrixka du, eta isatsa oso luzea, sarde itxurakoa; enara azpizuriak, ordea, isatsa laburra du. Sorbeltzak beltzak dira eta isatsa laburragoa dute.

Habiak ere ezberdinak dira.

Sorbeltzek arrailetan egiten dituzte habiak: harrietako zuloetan, teilen azpian... Enarek buztinezkoak egiten dituzte: enara arruntarenak ontzi ireki baten itxura izaten du; enara azpizuriarena, berriz, itxi-itxia izaten da, zulo txiki bat baino ez du sartzeko eta ateratzeko.

Herri eta hirietako espezie bihurtu dira?

Enara arrunta landa eremuetan bizitzen da; enara azpizuria eta sorbeltza, berriz, herri eta hirietan.

Sorbeltzak ez dira lurreratzen, lur hartuz gero ez dakitelako berriro hegan egiten.

Umaldian salbu, ez dira gelditzen. Beti egiten dute hegan, baita lo daudenean ere.

Lo daudenean ere bai?

Pixka bat gorago igotzen dira, metabolismoa lasaitzen dute, eta lo egiten dute hegan ari direla.

Zertarako erroldatu habiak?

Aurkitu nahi ditugu, urteetako jarraipena egiteko; udalek jakin dezaten zer eraikinetan dauden; eta, eraikinak edo teilatuak berritzeko orduan, hori ere aintzat hartzeko.

Legeak zigortu egiten du enaren habiak apurtzea.

Bai.

Arriskuan dauden txoriak dira?

Europan bai.

Zergatik?

Intsektujaleak dira, baina pestizida artifizialek intsektuak hiltzen dituzte; habiak puskatzen dizkiete; eraginkortasun energetikoa aintzat hartuta, eraikinak eta teilatuak isolatu egiten dira, eta ez da zirrikiturik uzten; enara arruntek gero eta baserri gutxiago dituzte habiak egiteko; lokatza ez da hain erraz itsasten eraikin berrietako materialetara; eta migratzeko bidaietan asko hiltzen dira. Milaka kilometro egiten dituzte Afrika erdira edo hegoaldera, eta hegazti txikiak dira, hamabost bat gramokoak.

Arruntak eta gertukoak direnez, gutxiago estimatzen ditugu?

Mendiarekin eta naturarekin lotzen dugu biodibertsitatea. Hurbil ditugun gauzak ez ditugu ikusten.

Haien historia ezagutuz gero, gehiago estimatuko genituzke? Enarek milaka kilometroko migrazioak egiten dituzte Afrika eta Europa artean.

Uste dut jendeak badakiela hori. Umatzera etortzen dira, beti habia berera eta beti bikote berarekin. Martxoaren erdian edo apirilean etortzen dira Afrikatik, eta abuztuaren bukaeran joaten dira.

Altxor bat da etxe hondoan habia bat izatea?

Bai, urtero bueltatzen dira, haien bizimodua ezagut dezakezu, oso erraza eta ederra da umeekin jarraipena egitea, eta sekulako hegaldiak egiten dituzte.

Kontrakoek esango dute kaka egiten duten altxorra direla.

Bai, zikindu egiten dituzte espaloiak, terrazak... Badaude neurriak. Apalak-eta jar daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.