Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Mbaye Gil Sanchez. Sunu Gaal GKEko kidea

«Beharrak nire herrian ase baditzaket, ez dut zertan bizitza arriskatu»

Basurtuko ospitaleko erizaina da Gil Sanchez. Senegaldarra da jaiotzez; 15 urte zituenetik bizi da kanpoan, baina lotura du sorlekuarekin: Sunu Gaal erakundearen bidez, oinarrizko zerbitzuak ematen dizkie hangoei.
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko irailak 14 - Bilbo

2003ko udan irten zen Senegaldik Mbaye Gil Sanchez (Dakar, 1987), bere familiari lagundu ahal izateko. Europan, topo egin zuen polizia jazarpenarekin, arrazismoarekin eta kalean lo egin beharrarekin. Urte batzuen ondoren, erizaintza ikasi zuen Gasteizen, eta Bilboko Basurtuko ospitalean egiten du lan orain. Berak bizitakoa beste inork «jasan» ez dezan, Sunu Gaal GKEa sortu zuen 2019an. Haur eta gazte senegaldarrei hezkuntza eta osasun zerbitzua ematen die erakunde horrek, eta, Osakidetzako zenbait ospitalerekin lankidetzan, urtean bitan joaten dira hara erizainak, medikuak eta fisioterapeutak, doako arta eskaintzera.

Senegaldik 15 urterekin joan zinen. Zein zen egoera?

Bost anai-arreba gara. Nire aita hil zenean, 7 urte nituen, eta garai oso konplikatua izan zen nire amarentzat. Baina ni umea nintzen, eta ezin nuen ezer egin laguntzeko. Egoerak ez zuen hobera egiten; gainera, hitz egiten ziguten Europara joan eta euren egoera asko hobetu zutenez, eta nik ere hori nahi nuen nire familiarentzat. Europara heltzeko modu bakarra patera zen, baina nik ezin nuen ordaindu, eta heldutakoan ordainduko niela promestu nien bidaiaren antolatzaileei.

Nolakoa izan zen bidaia?

11 egun izan ziren, luzeak eta gogorrak. 138 pertsona gindoazen pateran, zaila zen mugitzea, eta ez zegoen elikagai nahikorik: patera zeramatenek erabaki zuten eurak ondo elikatuko zirela, eta guk bi egunean behin jango genuela. Zortzigarren egunean, hainbat hildako ikusi genituen flotatzen, txalekoa soinean. Astebete lehenago atera ziren, eta olatuek patera hondatu zieten. Jendea beldurtu egin zen, eta esan ziguten oihuka hasten zena uretara botako zutela; ez zuten inor bota.

Zer egoeratan heldu zinen Tenerifera (Espainia)?

Ahul, gosez, deshidratatuta, baina pozik Europara heltzeagatik, uste bainuen ordutik aurrera nire bizitza hobetu egingo zela. Baina ez zen hala gertatu. 40 egunez egon nintzen Tenerifeko adingabeen zentro batean, eta Sevillako [Espainia] beste batetik joatea erabaki nuen, lehenbailehen lanean hasi nahi bainuen. Valentziara [Herrialde Katalanak] joan nintzen laranjak jasotzera, eta gero kalean saltzen hasi nintzen.

Noiz heldu zinen Bizkaira?

2005ean, jakin genuen uda oro jaiak egoten zirela herrietan, eta hurrengo urtean Iruñeko sanferminetara joan ginen saltzera, eta gero Bilboko Aste Nagusira. Paterako arduradunek jendea zuten Bilbon, eta zorra erreklamatzen hasi zitzaizkidan. Baina Bilbon geratzea erabaki nuen, polizia jazarpena Valentzian baino txikiagoa zelako; hirutan atxilotu ninduten han.

Noiz ordaindu zenien zorra paterakoei?

2011n. Momentuan ordaintzen bazenuen, 1.500 euro ziren; beranduago ordainduta, bikoitza. Baina nik 4.500 euro baino gehiago ordaindu nizkien, azkenean.

Erizaintza ikasi zenuen urte batzuk geroago. Nola?

Algortara [Bizkaia] joaten nintzen saltzera, eta taberna batean gizon bat egoten zen, ezer erosten ez zidana baina nirekin hitz egiten zuena beti. Konfiantza harreman bat sortu zen, eta etxeko obra batzuekin lagun niezaion eskaini zidan; obrak bukatutakoan, harekin bizitzen hasi nintzen, eta hark lagundu zidan unibertsitatean sartzen. Erizaintza ikasi nahi nuen, Espainiara heldu nintzenean Gurutze Gorriko boluntarioek emandako artagatik; tratu hori itzuli nahi nuen. Orain, gizon hori nire aita da legalki: haren abizenak daramatzat.

Eta zure jatorriko familiarekin nolakoa izan da harremana?

Lagun batek esaten du migratzen duzunean zaren guztia uzten duzula jatorrian. Eta egia da: ez zara pertsona bera, erabat aldatzen zara. Eta, gero, berriro jaiotzen zara. Ni ez naiz 15 urterekin alde egin zuen mutil hura, ez bainuen nire familia berriro ikusi hamabost urte pasatu ziren arte; 2017. urtera arte, nire egoera administratiboa jada erregularizatua zegoenean. Gainera, amari esan nion futbol partida bat jokatzera nindoala, eta bederatzi hilabetez egon nintzen harekin komunikatu gabe. Uste zuen itsasoan hil nintzela.

Zergatik sortu zenuen Sunu Gaal?

Sunu gaal-ek esan nahi du gure patera. Eta helburua da 15 urteko mutiko hori bere herrian gara dadin, patera bat hartu beharrean: nire beharrak nire herrian ase baditzaket, ez dut zertan bizitza arriskatu itsasoan. Eta ez da bakarrik patera, egokitze prozesua ere oso gogorra baita. Senegalen nengoen bitartean esan izan balidate Europan zer gertatzen den, ez nukeen sinistuko; orain, hango jende askok ez du sinisten. Etorkizunean gazte horiek Europara badatoz, nahi dugu beste modu batean etor daitezela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geu elkartearen herri bazkaria, atzo, Landatxon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Loratzen jarraitzeko

Edurne Begiristain

Geu elkartearen 30. urtemuga ospatzeko, egun osoko jaia egin dute Gasteizen. Elkarteko kideen ustez, «mugarri» bat ezarri da euskarak hiriburuan dituen erronkei heltzeko.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Dena dut gogoan: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen»

Amaia Igartua Aristondo

Ederto gogoratzen ditu Basabek 1936ko gerran eta frankismoan bizi izandakoak: hegazkin bonbardatzaileak, italiarrak, beldurra eta gosea; egur eta ikatz bila joan behar izatea txikitan, amari ezer ez faltatzeko. «Bizitza osoan eraman behar da hori».
 ©BERRIA

Hamaikak telebista adimendunetarako bere aplikazioa estreinatu du

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hamaikaren digitalizazioan «beste jauzi bat» da aplikazioa. Ostiralean jarri zuten eskuragarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Igartua Aristondo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.