ATZEKOZ AURRERA. Battittu Coyos. Euskaltzain osoa, idazlea eta ikerlaria.

«Zuberera landu zuen hoberena zen»

Allande Sokarros euskaltzain urgazle, kazetari, argazkilari, politikari, euskaltzale, abertzale, idazle eta mendizalea «ezagutarazteko» liburua paratu du Coyosek. «Landa intelektual jakintsua» zela zioen.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Allande Sokarrosen gaineko liburua paratu berri du Battittu Coyosek: Allande Socarros (1957-2021) Euskal Idazlan eta lekukotasun (Euskaltzaindia, Sü Azia, 2022). Hark idatzi liburu eta artikuluen zatiak hautatu ditu, bai ere Sokarrosi egin elkarrizketa zenbaitenak. Gainera, hamabi lekukori galdatu die Sokarros helburu duten testuak izkiriatzea. Euskaldunon Egunkarian aritu zen kazetari gisa lanean, itzultzailea izan zen, euskararen ikerlea eta bultzatzailea, kultur eragilea, politikaria... Hala, pertsonaiaren hitzezko 3D argazki polifazetikoa diseinatu dio Coyosek.

Paratzailea izan zara liburu honetan. Nondik abiatu da ideia?

Euskaltzaindian genuen ideia, euskaltzain urgazlea izan baitzen Allande, 2018an izendatua, eta adiskidea genuen. Sü Azia elkartean ere bai pentsatua genuen behar geniola zerbait egin. Mendian eta hiletxean egin izan zaizkion omenaldiak oroimenean egonen dira, baina hau garrantzitsua da, egonen baita eta iraunen du. Uste dut oro har aberasgarria dela. Badira Allanderi egin zaizkion hiru elkarrizketa ere: hor Allanderen beraren boza entzuten dugu.

Allandez zenuen irudia aldatu dizua liburuak?

Susmatzen nuena baieztatu dit lan honek: biziki trebe zen; abila buruarekin.

Batuaz atera duzu.

Bistan dena, ez zuen balio zubereraren gure mundu ttipi horretan egotea; nork irakurtzen du zuberera?

Aitzinsolasean azpimarratu duzu omenaldia dela liburu hau.

Liburuaren xedea da Allande ezagutaraztea. Gizon harrigarria zen. Mila bat Allande izan balira, Euskal Herria orain den baino euskaldunagoa eta abertzaleagoa zatekeen.

Idatzi duzu nortasun konplexu, nekaezin eta hunkigarria zuela.

Pentsatzen dute beharbada hil zela bere lanarengatik: denok lo geundenean, bera lanean ari zen.

«Militantziak bizitza hartu deit», erran zuen elkarrizketa batean.

Beti lanean Euskal Herriaren alde. Eta jende guti hola badugu.

«Ez ohikoa, saindu laikoa» zela dio Jean Louis Davantek; euskararen eta Euskal Herriaren zerbitzuko jarri zela osoki.

Bizitza osoa eman dio euskarari eta Euskal Herriari, hori argi da.

Sokarrosen zer argazki mota nahi diozu erakutsi irakurleari?

Arrailerianta zela, irri egitea maite zuela, beti trufatzen ari zela, bere buruaz lehenik. Beharbada, ez dut aski azpimarratu hori liburuan.

Uste duzua horri esker ere egin ahal izan duela politikan ukan duen ibilbidea?

Bai, bazituen dohain anitz. Landa intelektuala zen. Ez zituen ideiak ateratzen unibertsitatetik edo ikerketatik, baina bai lantzen zituen gauzetatik. Ausarta zen politikan, eta Beñat Espilek dio etsaiek ez dutela sekula bere bidetik atera.

Gizon libretzat definitzen du Xan Koskaratek.

Osoki. Nik maite nuen nola erraten zuen pertsonen biziak balioa zuela eta berak ez zuela nehor hil edo hilko.

Izpiritu kritikokoa izan zen hil arte.

Ausarta zen horretan ere, euskararekin, Euskal Herriarekin, abertzaleekin, politikariekin, hautetsiekin... Hamabost urtez egon da Zuberoako herri elkargoan, bere begiekin, baitzekien nor zuen parean.

Batuari «komunikaziozko euskara» deitzen zion.

Harendako izugarri inportantea zen euskalkia jakiteaz gain batua ere menperatzea. Zuberoako eta zubereraren enbaxadorea zela dio batek baino gehiagok; batuari esker. Enetzat, Sokarros zen zuberera landu duen lehena eta hoberena.

Erran zuen: «Berezitasunak ez du bereizkuntza erran nahi». Eta Davantek ere oroitarazi du Sokarrosen ikusmoldea: «Batua eta zuberera ez direla elkarren etsai».

Alderantziz baino. Uste dut emeki-emeki galtzen dela ideia batua euskalkien etsaia dela. Allandek frogatu du ez direla elkarren etsaiak, adiskide baizik. Euskara nahi badugu salbatu, biak beharrezkoak dira. Batua beharrezkoa delako sartu zen Euskaltzaindian.

Bazuen euskararen galtzearen arrangura ere, Zuberoako eta Ipar Euskal Herriko euskara «peko errekarat» doazelako.

Ausartzen zen erratera ikerketek gezurrak erraten dituztela. Egia da jendearen erdiak Zuberoan badakiela euskaraz, baina ez duzu entzuten.

Paradoxaz mintzo zen bera: euskara gero eta onartuagoa bada ere, erabilpena gero eta apalago.

Bai, orain pastoralak egiten dituzte erdaldunekin. Horretan gaude.

Elkarte anitzetan ibili zen.

Alde batetik, elkarte ezberdinetan parte hartzen zuen: Xiberoko Botzan, Sü Azian, Bortükariak... baina aldi berean bakartia eta berdingabekoa zen. Oztopo anitz izanik ere, beti segitzen zuen. Pertsonalitate konplexua zuen, aberatsa; biziki ausarta zen, aitzindaria. Jean Mixel Bedaxagarrek erraten zuen biziki xumeki bizi zela. Beñat Espilek ere zioen gaizki jaten zuela, guti, nolanahi, bere buruaren itxuraz futitzen zela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.