ATZEKOZ AURRERA. Jon Eiherabide. Musikaria

«Liluratu nau ipuin zaharretako magiak»

Milaka urteko ipuin magikoari rap mozorro modernoa beztitu dio Jon Eiherabidek 'Hamalau' disko-liburuan, Xabier Sagarzaren ilustrazioek lagundurik. Kondairak oroitarazten du hartza dela «gure» arbasoa.

Jon Eiherabide musikaria, bere disko-liburuaren atzean ezkutatuta. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Milaka urteko ipuina raparen atzaparretan harrapatu du Hamalau disko-liburuak (Gatuzain). Jon Eiherabidek (Ziburu, Lapurdi, 1978) laket izan du Barandiaranek bildu zuen ipuinaren magikotasuna eta pertsonaiari gertatzen zaion metamorfosia. Eta horrekin dantzan ezarri ditu hitzak eta silabak, ipuina rap moldera ekarri eta diskoan grabatu arte. Xabier Sagastaren 54 ilustrazioek diseinatu diote dekoratu mistikoa megalitoak orainaldiari oparitu dion kondairari.

Liburu-diskoa edo disko-liburua da Hamalau?

Liburu-diskoa, baina erranen nuke proiektua abiatu dela musikatik eta ipuinetik. Zoo taldean ari nintzen testu zahar batzuen ikerketan; metamorfosiaren gainekoen bila ari nintzela, Barandiaranek Ataunen idatzira pasatutako ipuina atzeman nuen, 1920 urte ingurukoa: Kanillo txiki eta Kanillo arrantzalea. Haur batek ukanen zuela ahalmen magiko batzuk abere batzuk lagunduta, metamorfosi istorio bat. Xedea ukan nuen hau sakontzeko. Ikertzen hasi nintzen, berridatzi nuen, pasarte batzuk errimetan. Gero musika eman nion, eta hortik ipuin liburua egiteko gogoa ukan nuen, eta Xabier Sagarzarengana joan nintzen ilustratzeko.

Ipuin horretan zerk zaitu lotu?

Hastapenean nahiko liluratu ninduen ipuin zaharretako magiak, eta metamorfosia egiteko gaitasunak... erakargarriak zaizkit. Tiratuz, ikerleen lanak ediren ditut, bertzeak bertze, Roslyn M. Frankena. Honek badu hipotesia seriosa: dio kondairako abereak ez direla hartu behar egiazko abereak bezala, baizik eta zeruan dauden konstelazioen irakurketa baten gisa. Eta behar dela ipuina ezagutarazi eta aitzinarazi. Sartu nintzen berarekin harremanetan, testuingurua ulertzeko.

Preseski, zein dira ipuinaren leku-denborazko koordenatuak?

Ez da errazki erraten ahal nongoa den, Europa guzian baititu hainbat bertsio. Denboran, aldiz, aisitagoa da kokatzea: Frankek baitio Mesolitokoa izan daitekeela. Hartza pertsonaia da ipuinaren erdigunean, eta berak planteatzen du gure arbasoak hartzak direla. Xiberoko ipuinetan ere agertzen dira, bada haien mistifikazioa.

Ihauterietan urte guziez agertzen den bezala.

Horixe. Frankek dio hori laborantzaren agerpena baino aitzinagokoa dela.

Harrigarria da.

Harrigarria dena da transmisioak nola iraun duen; batzuk aldatu badira ere, pasarte batzuk jatorrizkoak baitira.

Ura Isuririk bezala.

Arrunt! Irudi luke Orein bilakatu neska kondaira Europa Iparraldetik datorrela. Zoo taldean buru-belarri sartu ginen kondairako abereei kantuna idazteko!

Aita batek semea saltzen du.

Bizpahiru erakaspen daude Hamalau ipuinean. Alde batetik, diru etekinei kasu egitea, zeure arima saldu gabe; gehiago irabaztearen arriskuari kasu eman behar zaiola. Lehen partea berriagoa da. Berriz, bigarren parteak dio naturaren baitan gaudela gizakiok, animalien kate horren parte, hots.

Kate horretan bada elkarlaguntza.

Bai, noski; hortik abiatzen da ipuina: haurra jiten da, eta ordena dakar, hiliki baten inguruan kalapitan ari baitira animalia batzuk, eta haurrak; hilikia partekatuz, ordena dakarkie. Trukean, ahalmen magikoak ematen dizkiote.

Haur ipuina rapean kontatu eta kantatu: usaiaz kanpokoa da.

Haurra da protagonista, ipuina azalberrituz eta raparen bitartez, uste dut manera egokia dela oraingo haurrei helarazteko altxor hau.

Euskarazko lehen ipuina dea rap moldera ekarria?

Baietz uste dut.

Durangoko Azokan aurkeztuko duzue bihar, 11:30ean. Kantuz?

Zazpi kantu daude diskoan; zaila bada ere ateratzea haien testuingurutik, entseatuko naiz lagin batzuk rap moduan kantatzen eta bertze batzuk ipuin arrunt gisa aurkezten, abenturaren haria azaltzeko.

Vladimir Propp ikerlearen ipuinen Bururatze egoera aplikatzen dea hemen?

Ongi bukatzen da istorioa. Izarren eta konstelazioen inguruan bada pasarte bat, eta horretan dituzte hipotesi gehienak kokatzen. Borroka istorio bat bada, eta hori neguari dagokio, urte guzian ikusten ez diren konstelazioak ageri dira. Ipuinaren bitartez urte osoa zeharkatzen dugu. Udaberrian abiatzen da eta hala bukatzen.

Ilustrazioek badute Mononoke printzesaren animazio filmaren estetikatik zerbait, ez?

Badi badu horretatik, batzuetan irudi du arras pintura klasikoa, bertze batzuetan eskuz egindako arkatzezko zirriborro bat, bertze batzuetan Ipar Ameriketako indioen sinbolismoen marrazkiak...

Azpimarragarria da Xabierren lana, 54 obra dira. Asko laguntzen du irudikatzeko gertakizunen segida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.