Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Zuriñe Soto. Artista

«Industrializazioaz ez dago ezer kulturalki»

Kontatzeko grina dauka Zuriñe Sotok. Itxialdian bizi izan zituenak akuareletan jarri ditu, baina baliatu nahi luke Ezkerraldean industrializazioak izan duen eragina ere, belaunaldien talka gaindituz.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Naroa Torralba Rodriguez -

2023ko otsailak 16 - Getxo

Bere barne mundua aztertzea maite du Zuriñe Sotok (Portugalete, Bizkaia, 1979). Pintura Pandemikoak erakusketa dago ikusgai sorterriko Salazar Dorrean, otsailean zehar. Kezkatik abiatzen du sorkuntza, sentimenduak ulertu nahitik. Uste du zenbait gertakariren eragina «kolektibizatu» beharko litzatekeela: «Elkarri esan behar diogu zer gertatu zaigun».

Itxialdiak modu askotan eragin zuen artistengan. Batzuk blokeatu egin zituen; zuri, berriz, erantzuteko gogoa sortu zizun.

Bi aldeak izan nituen. Pandemia oso luzea izan da, eta, hasieran batez ere, blokeatuta sentitu nintzen. Baina, apurka-apurka zerbait egiten saiatu, eta gero eta gehiago sortu ahal izan nuen.

Lan intimoak dira. Sentimenduak islatu dituzu obretan. Emozioen gorabeherarik ekarri dizu horrek?

Oso bisuala naiz. Emozioak irudi bidez transmititzea gustatzen zait. Zerbait gertatzen zaidanean, ikasi dut barrura begiratzen, zer gertatzen zaidan ikusteko. Emozioak sentitzen ditudan aldi berean, irudiak sortzen ditut irudimenean. Eta irudikapen prozesu horrek ematen dio zentzua. Hori da nire zirriborroetako lehengaia. Irudimenean ikusi dudana islatzea lortzen dudan arte aritzen naiz lanean.

Pandemian bizi zenuena irudikatu, eta narratiba bat sortu diozu. Zer zeneukan kontatzeko?

Nola sentitu nuen beldurra hasieran, eta haserrea gero. Blokeatuta nengoeneko irudi bat ere badaukat. Une batean, irudimenean lehoi indartsu bat asmatu nuen, lagun ziezadan aurrera joaten. Gogoan dut, gainera, udaberrian aire premian geundela kalera irten ginenean, loreak zeudela leku guztietan.

Amaieran, badago argi horren antzekoa duen lan bat, ilunetik irteten ari nintzela sentitu nuenekoa.

Zergatik akuarela?

Praktikotasunarengatik. Etxean ezingo nuke akrilikoekin edo olio pinturarekin lan egin. Intoxikatu egingo nintzateke, eta guztia zikinduko nuke. Akuarelak, gainera, oso kolore biziak ematen dizkit; garai hartan neuzkan emozioak nahiko negatiboak ziren, eta kolore bizi horiek asko lagundu didate prozesuan.

Lehoiaren eta iluntasunaren irudi horiek izan litezke gizarteak, oro har, itxialdian bizi izandakoaren metafora bat. Uste duzu jendeak asimilatu duela gertatutakoa?

Ezin dut besteengatik hitz egin. Nik, zer gertatu den ulertzen dudanean bakarrik egin dezaket aurrera; behin arazoa nire eginda eta barneratuta, beste fase batera igarotzen naiz. Instagrameko kontuan inkesta bat egin nuen galdetuz ea gehiago hitz egin behar genuen. Gehienek ezetz erantzun zuten.

Batzuek nahiago dute gelditu, begiratu eta kontatu zer gertatu den, eta besteek, berriz, agian nahiago dute ahalik eta azkarren pasa.

Portugaletetik Getxora bizitzera joandakoan areagotu zitzaizun arbasoen inguruko kezka. Aparteko informaziorik lortu duzu?

Azken urteetan saiatu naiz asko ikertzen, haiei buruz jakiteko eta ulertzeko nondik natorren. Ezin dut jakin, baina ziur naiz haiek ere bizi izan zutela blokeoa, haserrea, beldurra.

Horiek bizitzaren parte baitira. Batzuetan, garai gogorrak etortzen dira, zerbait ikasten duzu, eta, asko kostata batzuetan, iluntasun hori desagertu egiten da.

Biolentzia handia egon den lekuetan, belaunaldi talka egon ohi da. Nabaritu duzu gazteagoen jakin-minak topo egin duela helduagoen ez kontatzeko nahiarekin?

Erantzun adierazgarria da isiltasuna. Baina beste mota bateko erantzunak ere topatu ditut bidetik, aurretik egindako galderei beste modu batean erantzun diotenak. Ari naiz gauza interesgarriak deskubritzen, eta ziur nago ez dela soilik gure familiaren kontua. Hemen, jende askok bizi izan zituen frankismoa eta gerra.

Aldaketa nabarmena dago orain ere itsasadarraren bi aldeetan.

Behin, Kubara joan nintzen, eta plantazioen arrastoak topatu nituen. Ustiaketa masiboaren ondoren, besterik gabe eten izanak eraman zuen toki hura abandonura. Hor ohartu nintzen Portugaleten ere gauza bera gertatu zela; kanpoan konturatzen zara etxekoaz.

Zer sorrarazi zizun Kuban egonda Portugalete ikusteak?

Garai bortitzen ondoren, aurrera egin dugu denok sistematikoki, eta horrek kalteak utz ditzake bidean. Hausnartu dudan horrekin zer egin falta zait orain. Industrializazio garaiari buruz ez dago gauza askorik kulturalki: doktore tesiak besterik ez dut topatu.

Kezkatzen zaitu kontakizunik ezak?

Aurreko belaunaldiak transmititu egin digu dena. Minak, zapalkuntzak sortu zien tristurak, eta irtenbiderik ezak. Gure belaunaldikook sentipen horiek denak jaso ditugu, eta, begiratzen ez badiegu, ez dugu ulertuko zergatik garen garena.

Harro egon behar genuke garenaz. Ezkerraldean, garaiak gogorrak izan dira; horrek egin gaitu gogorrak. Hori da gure inguruabarra.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Naroa Torralba Rodriguez

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...