Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ion Fontenla. Atauniker elkarteko kidea

«Kobazuloetara joatea ondo dago, baina kontuz ibili behar da»

Atauniker elkarteak 'Leizeta' dokumentala sortu du, kontzientzia sortzeko koba eta leizeak mantentzearen eta horietan bizi diren animalien inguruan. Izen bereko kobazuloa du protagonista lanak.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko martxoak 17 - Ataun

Kobazuloz, leize-zuloz, piztien zuloz eta bestelako barrunbez beteta dago Ataun (Gipuzkoa). Horiek guztiak katalogatzeko lanetan ari ziren Atauniker elkarteko kideak Leizeta kobazuloa ezagutzeko aukera izan zutenean, eta txundituta geratu ziren. Hain iruditu zitzaien harrigarria Leizeta, non kobazuloaren inguruko ikus-entzunezko labur bat egitea pentsatu baitzuten, kobazuloaren izen bera duena. Ion Fontenla (Lazkao, Gipuzkoa, 1984) izan da proiektuan parte hartu duten kideetako bat.

Zer kontatzen du dokumentalak?

Zortzi minutu inguru irauten du, eta Leizeta leize-zuloaren ingurukoa da. Atauniker elkartekoak Ataungo koben eta barrunbeen inguruko ikerketa bat egiten ari gara, koben eta leizeen katalogo bat osatzen, hain zuzen. Atauniker elkarteko kideek bisita bat egin genuen Leizetara, eta handik irtetean txundituta geunden, adrenalinaz beteta. Beraz, kobazulo horrekin zerbait gehiago egitea pentsatu genuen; sentsibilizazio lan bat.

Zeren inguruan egin nahi izan duzue sentsibilizazio lan hori?

Kobazuloen kontserbaziorako mezu bat zabaldu nahi izan dugu dokumentalaren bidez. Biologiaren ikuspegitik, Leizeta saguzarren etxea ere bada. Neguan hibernazio fasean egoten dira, eta udaberrian umatze fasean daude. Arlo horri dagokionez, azaldu nahi izan duguna zera da, kobetara joan bai, baina kontuz joan behar dugula: bertako fauna errespetatu behar dugu.

Leizeta ez da herriko kobazulo bakarra; izan ere, Ataun kobazuloz beteta dago. Zergatik?

Eremu karstikoa da; Ataungo domoan daude koba eta barrunbe gehienak. Kalkulatzen dugu domoan hirurehun kobatik gora daudela, eta herrian askoz ere gehiago daude. Kareharrizko eremua izanda, urak, pixkanaka, eta denborak aurrera egin ahala, harria nolabait zizelkatu egin du. Harria zulatuz joan da, eta azkenean barrunbeak sortu dira.

Nolakoak dira barrunbe horiek?

Ataunen, batetik, kobak ditugu, sarrera horizontala dutenak; bestetik, leizeak, sarrera bertikalak dutenak; eta, horiez gain, piztien zulo txikiak ere katalogatzen ari gara. Meategi eta ur zuloak ere baditugu. Balio handiko lekua da, eta dokumental honetan koba bat erakutsi dugu, baina, azken finean, helburua da koba eta leize guztien inguruko sentsibilizazioa egitea.

Zertan da desberdina Leizeta, herriko beste leize eta koba batzuekin alderatuta?

Leizetak osotara 200-300 metroko garapena du. Sarrera guztiak bertikalak ditu, ezin du edozeinek joan; gutxieneko ezagutza bat izan behar da han sartzeko. Espeleologiaren ikuspegitik, oso interesgarria da. Formazio aldetik ere oso polita da, estalaktita eta estalagmita oso interesgarriak ditu. Eta saguzarrak egoten dira bertan urte osoan. Esan beharra dago saguzarrak lasai utzi behar direla, eta garrantzia handia eman nahi izan diogu horri. Sarrera ere ikusgarria da.

Zergatik?

Hemezortzi metroko sarrera bertikal bat da, eta argi pila bat sartzen da. Dokumentala ikusteko aukera dutenek ikusiko dute hori. Sarreraren irudi dezente hartu ditugu, eta gero, behin barruan geundela, formazioak filmatu ditugu gehien. Espeleologiako hainbat elementu ere sartu nahi izan ditugu.

Zenbatek hartu duzue parte proiektuan?

Dokumentalean hiru elkartek hartu dute parte: Atauniker elkarteak, Felix Ugarte espeleologia elkarteak eta Naturzaintza elkarteak; urte asko daramatza saguzarren inguruan lanean. Elkarte bakoitzeko emakume bati eman nahi izan diogu ahotsa. Hiru zientzialari dira, eta emakumeek urteetan zientzian egin duten lanari ere aitortza txiki bat egin nahi izan diogu. Grabaketa lanak On Produkzioak taldeak egin ditu. Lau grabaketa egun izan ziren guztira.

Zein izango da dokumentalaren ibilbidea hemendik aurrera?

Gure webgunean libre jarriko dugu. Bestalde, Landarlan ingurumen elkarteak Euskal Herri mailako hezkuntza webgune bat du, www.naturanhezten.eus, eta hor jarriko dugu. Euskal Herriko irakasle askok erabiltzen dute, eta eurentzako baliagarria izatea espero dugu.

Atauniker elkarteak badu beste proiekturik aurrera begira?

Oraintxe bertan, katalogoa amaitzea da gure lana. Lehenengo atala amaitzeko ez zaigu asko falta, eta bigarren ataltxo bat ere egingo dugu, eta urte batzuk emango ditugu horretan. Lehenengo atala amaitzen dugunen, agian argitalpen bat prestatu dezakegu. Ataunen dugun ondare naturala, arkeologikoa, paleontologikoa eta etnografikoa ezagutarazi nahi dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin»

Iker Tubia

Elebidun batek garun isuri bat duenean, hizkuntza bakarra erabili ohi da afasia tratatzeko. Hori aldatu nahi du Blanco-Elorrietak. Elebidunen burmuinaren funtzionamendua ikertzen dihardu.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan»

Itsaso Jauregi

Artista izatearen inguruan hitz egin du Intxustak, baita CG Arte dendaren bilakaeraz ere: «Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko; beti adi egon behar duzu».
Nahia Sillero eta Sua Enparantza. ©EITB

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Jimenez Larrea

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.