ATZEKOZ AURRERA. Laura Restrepo. Idazlea eta kazetaria

«Sekretuek memoria higatzen dute»

Istorioetako asko galtzear daude, eta batzuei indarkeriak izoztu dizkie oroitzapenak: heldulekuoi tiraka, galderak eginez eta fikzioaz baliatuta ontzen du Restrepok literatura. «Memoria mugikorra da».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan, tresna eraginkorra izan daiteke literatura. Hala izan da Laura Restrepo idazle eta kazetariarentzat (Bogota, 1950). Gernika-Lumon (Bizkaia) egon zen joan den astean, bertoko udalak, Gernika Gogoratuz-ek eta Indepaz Kolonbiako Bakearen eta Garapenaren aldeko institutuak antolatutako 33. Kultura eta Bakearen jardunaldietan. «Asko interesatzen zait amildegi ertzean dauden eta erortzen ez diren horien duintasuna».

Literaturaren bidez, desberdin ikusten da egia kontzeptua?

Uste dut gehiago dela memoria joko bat: bai atzera begirako memoriari dagokionez, bai aurrera begirakoari. Deleuzek zioen literatura dela oraindik existitzen ez den herri baten historia; iraganetik eta orainalditik edaten du, proiektatzeko.

Nola garatzen da aurrera begirako memoria hori?

Nire kasuan, jendearengandik abiatuta. Kazetaria naiz, eta, aspalditik batik bat fikziozko eleberria idazten dudan arren, ez ditut galdu kazetaritzako tresnak: asko galdetzen dut, sartzen naiz sukaldeetan eta logeletan, ospitaleetan, gudu zelaietan...

Zer ekarpen egiten die fikzioak testigantzei?

Datuak kokatzeko erresonantzia kutxa bat eskaintzen dizu: poesia. Eta horrek muturrak lotzea ahalbidetzen du. Askotan, ez duzu argi izaten zein den testigantza edo gertakari batzuen arteko erlazioa, errealitateak ez baitizu ematen; baina fantasiak, bai. Agertoki bat moldatu dezakezu, eta han piezak ipini.

Idazleak zer leku du memoria berreskuratzeko prozesuan? Zer erantzukizun?

Literaturak errealitate paralelo bat sortzen du, baina osagarria ere badena, hein handi batean. Nire eleberriek errealitate oso gogorrak dituzte hizpide: erbestea, gerra... Kolonbiarra izanik, zaila da gai horiei buruz ez hitz egitea. Baina uste dut lengoaiaren tratu delikatuak eta fantasiazkoak gertakariok garbitzen dituela.

Forma poetikoaren sotiltasunak lagun dezake memoria osatzen, beraz?

Modu bat da barkatzeko eta adiskidetzeko. Garai biolentoak izan dituzten herrietako jendeak ezkutuan du memoria; indarkeriak eragina du oroitzeko ahalmenean. Baina galdetzen hasten zarenean, beren bizitza osoa kontatzen dizute: haien memoria izoztuta geratu da, baina entzuteko prest dagoen bati kontatzea modu bat da memoria hori leku seguruan uzteko. Hunkitzen nau prestasun horrek, istoriook kontatze hutsarekin haien bizitzaren zentzua berreskuratuko balute bezala. Behin liburua argitaratutakoan, saiatzen naiz haiengana itzultzen, erakusteko.

Nola erreakzionatzen dute?

Segun; batzuek ez dute beren burua islatuta ikusten. Baina urteekin, aldatu egiten da hori. Adibide bat jarriko dut: nobela bat idatzi nuen Barrancabermejako [Kolonbia] petrolio findegi inguruko prostituta batzuei buruz [La novia oscura (Neska lagun iluna; Anagrama, 1999)]. Toki sozial garrantzitsua izan zuten: petrolioa nazionalizatzeko grebetan parte hartu zuten, besteak beste. Urteekin, liburua herriaren istorioa bilakatu da: Sayonararen eta Payanesen omenez eskultura bat egin zuten, baina nik asmatutako pertsonaiak dira. Uste dut edozein eleberrirekin gertatzen dela, eta batik bat literatura oso onarekin, herri baten memoria eta garai baten esentzia harrapatzen dituztela.

Literatura memoria bizia da?

Hala izatea nahiko nuke. Bada memoria mugikor bat ere: zenbait ikuspuntutatik kontatzen duzu, hainbat pertsonaia erabiltzen dituzu —kontraesankorrak, sarri—, eta ez da estatikoa, interpretazioari bide ematen dio. Memoria berreskuratzean, jasotzen ari zara edozein momentutan desager litezkeen gauzak. Historia de un entusiasmo (Entusiasmo baten historia; Alfaguara, 1999) kronika bat da, Kolonbiako lehen bake prozesuaren ingurukoa [1984]; oso heroikoa izan zen, herri osoa ahalegindu zen bakea lortzen. Idazten bukatu nuenean, inor ez zen bizirik geratzen.

Delirio eleberrian (Eldarnioa; Alfaguara, 2004), pertsonaietako batek dio: «Zorotasunak ez du memoriarik». Memoria ezabatzea bizirik irauteko beste modu bat izan da?

Memoriak zerikusi handia du sekretuekin. Familiek alde eder bat dute —babesa, maitasuna—, baina baita alde gogor bat ere: sekretuz lepo daude, eta sekretuek memoria higatzen dute, hura desitxuratzen baitute. Sekretuak egia handiak dira, estali eta gezur bihurtu dituztenak. Kolonbiako gizartearen eta, seguruenik, beste gizarte askoren lau sekretu handiez mintzo naiz Delirio-n: familiaren jatorria, aberastasunaren jatorria, sexualitatea eta zorotasuna; zorotasuna ezkutatu egiten da, inork ez du aitortzen. Sekretuak azaleratzea ere memoria berreskuratzeko modu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.