ATZEKOZ AURRERA. Jone Auza eta Jesus Arrizabalaga. Donostia Sutan elkarteko kideak

«Benetan zer gertatu zen ez erakusteko interes ezkutuak daude»

Donostian 1813ko abuztuaren 31n zer gertatu zen erakusteko, zenbait ekintza antolatu dituzte gaurko, ostiralerako eta larunbaterako.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
210 urte beteko dira aurten 1813ko abuztuaren 31n Ingalaterrako tropek, Wellingtongo dukeak gidatuta, Donostia arpilatu zutenetik. Gertatutakoaren hainbat bertsio azaldu dira azken urte hauetan, baina Donostia Sutan kultur elkarteko kideek duela hamar bat urte beste bertsio bat kaleratu zuten. Jesus Arrizabalaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1947) eta Jone Auza (Donostia, 1960) dira elkarteko kideetako bi. Sarraskiaren gordintasuna erakutsi nahi dute, jendeakjakin dezan «benetan zer gertatu zen». Hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako; tartean, gaur 18:30ean egingo duten testigantza irakurketa.

Abuztuaren 31ko sarraskiaren inguruko ekintzak antolatzen dituzten elkarte bat baino gehiago dago hirian. Zer egiten du zuen elkarteak?

JESUS ARRIZABALAGA: Egun horretan desfile militarra egiten da, eta gu horren guztiz kontra gaude. Ez du islatzen gertatutakoa. Desfilean tropa ingelesak eta frantsesak elkarren aurka borrokatzen dira, eta sarraskiaren inguruan ez dute ezer adierazten. Guretzako garrantzitsua da sarraski hori erakustea, jendeak jakin dezan zer gertatu zen.

JONE AUZA: Horregatik jaio zen elkartea. Ikusten genuen hori erakusten zela nagusiki, eta jendeak ez zuela ideiarik benetan zer gertatu zen. Dokumentazioa agertzen joan zen heinean, iruditu zitzaigun bazela garaia jendeari kontatzeko hori ez zela horrela izan, eta ez dagoela ospatzeko ezer.

Horregatik esaten duzue «sarraski isildua» dela?

ARRIZABALAGA: Bai, nahiz eta historialari ofizialek, agian, jakingo duten zer gertatu zen benetan, ez dute erakutsi. Benetan zer gertatu zen ez erakusteko interes ezkutuak daude. Desfilea antolatzen duten horiek dute interesik handien benetan zer gertatu zen ez azaltzeko. Turistentzat, esaterako, oso erakargarria izaten da desfilea.

Hori horrela bada, mezua ez zaie ondo iritsiko ikusleei.

AUZA: Hori da. Hasteko, ezkutatu nahi dute espainiarrek ez zutela sarraskian parte hartu. Kontua ez zen izan Wellingtongo dukea eta tropa ingelesak eurak bakarrik sartu zirela hirian. Hemen aliatu bat zutelako burutu zuten sarraskia. Aliatu horiek Alava eta Castaños jeneralak izan ziren.

Elkarteak martxan daramatzan hamar urte hauetan ikusi duzuenaren arabera, zer daki jendeak sarraskiaren inguruan?

AUZA: Bakoitzak nahi duena. Elkartea sortu zen arte, baten batek interes berezirik bazuen, eta ikertzen bazuen, izango zuen detaile gehiagoren berri. Gainerakoek, kontatzen zieten bertsioa zekiten soilik. Azken hamar urteotan, elkarteak egin duen lanarekin, jendeak aukeratu dezake zein bertsio datorren bat bere ideiekin; gehien sinesten duten bertsioari jarraitu diote. Guk jakin dugun bertsioa, behintzat, kalean dago.

ARRIZABALAGA: Esan beharra dago gu ez ginela hutsetik hasi. Abuztuaren 31-ko kalean egiten zen eta oraindik egiten den ekintzetako bat da argi guztiak itzaltzea, eta balkoietan kandelak jartzea. Bizpahiru eszenatoki jartzen dira, eta bertan hiriko abesbatza batzuek garaiko bertso batzuk abesten dituzte. Oso ekintza duina da.

Gaur, testigantzen irakurketa egingo duzue. Nondik lortu dituzue testigantza horiek?

ARRIZABALAGA: Hala da, 18:30ean, Bulebarrean egingo dugu lehen irakurketa, eta Parte Zaharreko beste puntu batzuetan ere egingo ditugu. 79 testigantza dira guztira, eta hori da dugun altxorrik nagusiena. Udaletxeko artxiboetan aurkitu ziren. 1813an Donostian zer gertatu zen hobekien azaltzen duten dokumentuak dira. Testigantza horiek aurkitu baino lehen, batzuek ukatu egiten zuten hemen horrelako sarraskia egon zenik.

Testigantza horietatik, zer egiten zaizue deigarriena?

AUZA: Soldaduak zer-nolako amorruarekin sartu ziren hiria suntsitzera. Jendea nola akabatu zuten irakurtzea erabat lazgarria da. Testigantza batek dio nola ikusi zuen emakume bat, hilda, sablea ahotik ateratzen zitzaiola. Hori gutxi ez balitz bezala, hiriko emakumeak bortxatu zituzten.

Nolakoa zen sarraskiaren aurreko Donostia?

ARRIZABALAGA: Bizimoduari dagokionez, Toti Martinez de Lezeak idatzitako La Brecha liburuan, baita argitaratu diren beste nobela historiko batzuetan ere, ikusten da Donostia oso hiri aberatsa zela. Esaten dute hori izan zela ingelesek hiria suntsitzeko arrazoietako bat. Merkataritza ontzi asko ibiltzen ziren. Besteak beste, txokolatea ekartzen zuten ontzi horietan, eta txokolategi asko zeuden hirian. Leku garrantzitsua zen, merkatari aberatsak bizi zirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.