«Espraiari esker naiz naizena». Besaurrea goratu du, esprai pote baten tatuajea erakutsiz. Marrazkilaritza hortxe darama, zainetan. Nerabezaroan erakarri zuen grafitiak, «guaia» zelako. Artista urbano edo muralgile hitzekin sentitzen da identifikatuen, eta Deltadec estudioaren sinadurapean aritzen da Jabi Landa Corte (Iruñea, 1984) beste lau lankiderekin. Denetariko paretak kolorez zipriztintzen dituzte. Azkena, Uharteko (Nafarroa) Ugarrandia kiroldegian egin duen horma irudia. Unai Beroiz fotokazetariak pandemiako itxialdian aitonari egindako argazki baten erreprodukzioa da. Munduari bira eman zion; The Washington Post egunkarian agertu zen, besteak beste.

Oihartzun handia izan zuen argazkiak.
Bai, hunkigarria da irudia.
Normalean egiten dituzu mural hain errealistak?
Ez; ez hain fin, bederen. Argazkiak konplexutasun handia du, Miguelen [muralaren protagonista da, Beroizen aitona] zimurrak, bizarra, eskularruak, beiraren isla…
Zein da zure estiloa?
Errealismo grafikoa dela esanen nuke. Tresna digitalekin collagea egiten dut.
Zer adierazi nahi duzu?
Nire muralek ez dute erantzun zehatzik; bilatzen dut ikuslea apur bat nahastea. Ikusten duenaz hausnar dezan, behintzat.
Adibidez?
Azkeneko horma irudian nire seme jaioberria irudikatu nuen. Hazia, landareak… baina arratoi bat ageri da alboan. Laguna ote? Familiako norbait akaso? Zer da? Nor da?
Astronautak ageri dira zure mural anitzetan. Zergatik?
Nire elementu grafikoetako bat da, bai. Amak beti irakurtzen zituen zientzia fikziozko nobelak, eta aitak margolanak egiten zituen. Gainera, zinema ikaragarri gustatzen zait. Hala, muraletan istorioak kontatzea erabaki nuen, zientzia fikzioaren kutsu horrekin.
Unibertsoa ere igartzen da, bakardadea irudikatuz edo.
Barrura begirako fase batean nagoela esan dezaket. Muraletan ere sumatzen da. Elementu gutxiago, baina landuagoak, sakonagoak.
Apur bat distopikoak batzuk.
Pandemiaren karira, apika. Nahasturik gaude, zalantza asko ditugu.
Hain pesimista zara?
Ez! Oso positiboa naiz, baina zalantza ikusten dut ortzi mugan.
Mural onak egiten dira?
Eta txarrak ere bai. Asko.
Zer da mural txar bat?
Kalitate gabekoa, baliabide desegokiekin egindakoa.
Zehatzago?
Kolore egokiak aukeratzea, konposizio eta material egokia izatea... garrantzitsuak dira gauza horiek.
Mural bat grafitia da?
Ezberdinak dira, baina osagarriak aldi berean.
Osagarriak?
Hau da: grafitiaren teknikak erabili daitezke ondoren mural bat eta abar egiteko, baina jada ez da grafitia izanen.
Zer da grafiti bat, orduan?
Bizitza estilo bat da, ez da artea. Grafitia da zure sinadura idaztea esprai batekin, klandestinoki. Zure egoa adieraztea da. Enkargu bat baldin bada, jada ez da grafiti bat izanen. Librea behar du izan. Kutsu ilegala du, zikina da, underground.
Espraia ezinbestekoa da?
Bai.
Idaztea erran duzu.
Bai, horretan datza grafitia. Helburua da zure izena erakustea. Grafiti writer-ak dira.
Izenik gabe ez dago grafitirik?
Ez, eta iritzi orokorra da hori gremioan.
Zer da mural bat, beraz?
Horma batean egindako pintaketa. Nahi bestera.
Tokia garrantzitsua da?
Horma irudiak testuingurua behar du berau ulertzeko. Hormaren inguruko bizitza kontuan hartzea gustatzen zait.
Nola?
Komunikazioa behar da izan bertako jendearekin. Grafititik gatozenok, halaber, ohiturik gaude bertakoekin harreman zuzena izatera. Ekintza ilegala da grafitia; horretan aritzen ginenean bertakoen sostengua beharrezkoa izaten genuen.
Non margotuko zenuke?
Hiri polit bateko erdigunean, zeozer berezia.
Iraunkorrak al dira muralak?
Bai, baina bideo zein argazkiak daude horiek betikotzeko.
Muralen adierazpen kritikoa apaldu da?
Ez, kontu pertsonala da hori, artistaren helburu kritikoaren araberakoa.
Urbanoa da muralgintza, baina herrietara zabaldu duzu.
Bai. Herrietan sumatzen da aldaketa nahi bat. Hirietan traba gehiago jartzen dizkigute. Iruñean, kasu.
Iruñean?
Iruñea puntu beltza da. Ez dago horma irudirik. Dauden gutxi horiek ez dira muralgileek egindakoak, gainera. Eta bada halakorik behar duen auzorik.