Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Egaña. Historialaria

«Beste bertsio batzuen berri izateko jakin-mina falta zaio jendeari»

Donostiako Gamazadaren inguruan datu gehiago biltzeko asmoz, Iñaki Egaña historialariak ikerketa historiko bat jarri zuen martxan. Orain arte ezagunak ez ziren hainbat datu lortu ditu.
MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko irailak 20 - Donostia

Joan den abuztuaren 27an 130 urte bete ziren Donostiako Gamazadatik. German Gamazo Espainiako ministroak foru sistemaren azken hondarrak deuseztatu ostean piztu zen Gamazada. Donostian, Praxedes Mateo Sagasta Espainiako gobernuburua hirian zegoela aprobetxatuz, herritarrek haren kontrako mutina abiatu zuten. Orain arte zegoen bertsioa alde batera uzteko asmoz, sarraskiaren inguruko lehen ikerketa historikoa hasi zuen Iñaki Egaña historialariak (Donostia, 1958). Bertsio ofizialak azaltzen zituen hildakoez gain hiru hildako gehiago egon zirela jakin du, besteak beste. Ateratako ondorioak azaltzeko hitzaldi bat eman zuen atzo, Donostiako udal liburutegian.

Zergatik uste duzu orain arte ez dela Gamazadaren inguruan ezer ikertu?

Mila arrazoi egon daitezke. Bere garaian idatzi zenaren inguruan jendeak zalantzarik egin ez izana, edo gehiago ez ikertu izana, adibidez. Bestalde, azken hamarkadetan Donostian ikerketarako ezkutuan egon dira hainbat auzi. 36ko gerrako fusilatuen izenak, esaterako. Hirugarren arrazoia, nire ustez, jendeak bertsio ofiziala itsu-itsuan sinetsi duela da. Beste bertsio batzuen berri izateko jakin-mina falta zaio jendeari. Jendeak ez dio garrantzirik ematen iraganari.

Zein izan zen ikerketaren abiapuntua?

Biktimak izan ziren abiapuntua. Hiru hildakoen izenak toki askotan agertu ziren, baina ohartu nintzen zaurituen zerrenda nahiko luzea zela. Sarraskiaren ondorengo egunetan, zentsura oso handia izan zen, eta ez zen zaurituen jarraipenik egin. Polloeko hilerriko artxiboan topatu nituen hiru izen berriak. Horietako bat emakume batena zen: Bernardina Garcia. Prentsan, zauritu guztien izenak agertzen ziren, emakume batena izan ezik. «Emakume bat ere zauritu da» agertzen zen, besterik gabe. Oso bitxia egin zait iturriak hor daudela ikustea, denen eskura, eta inork ikertzeko lana ez hartu izana.

Hildako gehiago egon zirela jakiteaz gain, zer-nolako ondorioak atera dituzu ikerketatik?

Beti egon da eztabaida, ea nork agindu zuen erasoa, indar polizial asko baitzeuden garai hartan hirian. Manuel Pavia jeneralak agindu zuen erasoa. Bestalde, Donostiako jauntxoak eta jende boteretsua Guardia Zibilaren alde joan zela ikusi dut. Manifestarien aurka joan ziren, oso bortitz. Manifestarien aurka joan zirenetako horien izenak dituzte gaur egun Donostiako kaleetako batzuek.

Adibidez?

Fermin Calbeton, Raimundo Sarriegi...

Azken finean, herritarren aurkako zapalkuntza izan zen Gamazada.

Bai, hala da. Hildakoen artean lau donostiarrak ziren; bosgarrena Beasaingoa zen [Gipuzkoa], eta tren geltokian egiten zuen lan. Zaurituen artean gehienak donostiarrak izan ziren, nahiz eta hedabideetan kanpotarrak izan zirela zabaldu zen.

Zuretzat garrantzitsua izan da ikerketan biktimak izen-abizenez ezagutaraztea.

Saiatu gara biktimen zuhaitz genealogikoa bilatzen, ea haien senitartekoren bat topatu genezakeen. Baina hildakoetako asko oso gazteak ziren, eta ezkongabeak; beraz, ez zuten ondorengorik izan. Nik betidanik izan dut jendea izen-abizenez identifikatzeko obsesio moduko hori. Donostian 36ko gerran eraildakoen zerrenda nik egindakoa da, adibidez. 1813ko sarraskiaren kasuan ere, emakume bortxatuen eta hildakoen izen-abizenak argitaratu genituen banan-banan. Fokua aldatzen saiatu gara, zor handia baikenuen haiekin.

Azkenaldian, Donostian bertan, historiaren bertsio ofiziala alde batera uzteko lanketak egiten ari dira herritarrak.

Herri ekimenak sortu dira, nahiz eta ekimen horiek bultzatzen ditugunok ez garen asko. Donostia Sutan 1813 ekimenari dagokionez, esaterako, alde batera utzi dute 200 urtez jarraitu zaion joera. Fokua biktimengan jarri da, behar den bezala. Oraindik beste garai batzuetako ospakizunak egiten ari dira, desfile militarrak tarteko, baina gaur arteko ikuspuntua irauli egin da.

Hiriko pasarte historikoak festarekin lotzen dira sarritan.

Donostia festari lotutako hiria da, eta Gamazada ere festarekin. Abuztuaren 27an Bulebarreko kioskoan jotzen ari zen musika bandari Gernikako arbola kanta eskatu eta ezezkoa jaso ondoren hasi zen dena, garai hartan zegoen zentsuraren seinale. Hori ez da arazoa. Niretzat arazoa da ospakizun horiek militarren presentziarekin lotzea. Donostia hiri harresitua izan da, eta normala da presentzia hori. Danborrada bera militarrekin lotuta dago.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Jimenez Larrea

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...