Kamera atzean dauden askotariko ikuspuntuak aztertzen ditu Maria Castejon ikus-entzunezkoetan adituak (Lizarra, Nafarroa, 1975). Rebeldes y peligrosas del cine (Zinemako errebeldeak eta arriskutsuak) liburuan, emakumeen irudikapena arretaz ikertzen du. Orain, Iruñeko Emakumeak Begibistan tailerretan parte hartuko du irailaren 30era arte, emakumezko zuzendarien presentzia sustatzeko asmoz.
Gogoan duzu zinema areto batean sartu zinen lehendabiziko aldia?
Gogoan dut txikia nintzenean Batman [1989] ikusi nuela, baina gero berehala itxi zituzten Lizarrako aretoak. Liluratuta geratu nintzen aretoaren iluntasunarekin. Zinemak istorioak partekatzeko aukera eskaintzen du; komunitate baten parte sentitzen zara.
Kamera atzean dauden begirada feministak falta dira?
Begirada feminista asko ditugu kameren atzean. Duela hogei urte hori izatea nahiko zaila zen; orain, aukera asko ditugu.
Emakumeak Begibistan tailerretan horiek sustatu nahi dituzue?
Bai. Emakumeek beren historiak idaztea eta grabatzea nahi dugu.
Aldaketa handia egon da emakumeen irudikapenari dagokionez?
Bai. Gizarte patriarkalean bizi gara, baina sekulako iraultza egon da ikus-entzunezkoen arloan. Feminismoa istorioetara iritsi da; telesailetan eta filmetan ikus daiteke. Ez dut astirik nahi ditudan film feminista guztiak ikusteko. Oso garai interesgarrian gaude.
Filmeko heroia emakumea edo gizona izan, desberdintasuna sumatzen duzu?
Bai, nabaria da. Gizonezkoak diren heroiek inbasio estralurtar batetik salbatzen dute mundua, baina emakumezkoak diren heroiek beren zapalkuntzatik ihes egiten dute. Errealitatearen isla dira filmak. Alien [Ridley Scott] pelikulak, ordea, hori apurtu zuen.
Mae West aktoreak esan zuen emakume onak zerura doazela eta txarrak edonora. Gaiztoa izan behar al da apurtzailea izateko?
Bai. Patriarkatuak ezarritako mugetatik ateratzen zarenean, gaiztotzat hartzen zaituzte. Gaiztakeria geure egin behar dugu.
Femme fatale irudia muga horretatik ateratzen da?
Bai. Sexualitatearen gaia oso interesgarria da. Mae West, Sharon Stone eta Margot Robbie aktoreak beren gorputzaren jabe dira beren filmetan. Zinemako errebelde eta arriskutsu guztiek prezio bat ordaindu behar dute, baina hori aldatzen ari da.
Barbie filma: errebeldea edo arriskutsua?
Biak. Filma izugarria eta oso azkarra da. Greta Gerwig zuzendariak gidoi bat idatzi zuen, eta Mattelek eta Warnerrek ez zuten horretan parte hartu. Hori pentsaezina da.
Ahalduntze feminista entretenimendu gisa erabil daiteke?
Jakina. Ezin gara beti sufritzen egon. Zinema eta telesailak fikzioa dira, imajinatutako istorioak eta ametsak. Ezin diogu horri uko egin: gurea ere bada. Ezin gara geratu emakumeok biktima garen edo ahalduntzen ari garen filmekin bakarrik. Hori baino askoz gehiago gara.
Patriarkatuarekin umorea egin behar da?
Bai, noski. Patriarkatuaz irri eginbehar dugu.
Zer dago emakumeen zinema etiketaren atzean?
Emakumeen zinema existitzen da. Baina gizarte patriarkalean zerbait emakumeena dela esaten denean, mespretxuarekin esaten da. Baina Barbie industria bihurtu da; beste urrats bat da. Publikoaren zati bat, gehienak gizonezkoak, film horrekin haserretu da, eta horrek esan nahi du zerbait ondo egiten ari direla. Ezkontzetan haurren mahaian utzi nahi gaituzte, alde batera, ez oztopatzeko.
Haurren mahaian esertzera behartuta sentitu zara?
Bai. Zinemako aditu gisa nator, eta askotan umeen mahaian esertzen naute. Nik ezin dut aztertu The Quiet Man [John Ford] esan gabe John Waynek Maureen O'Hara iletik arrastaka eramaten zuela. Filmak beste ikuspuntu batetik aztertu behar dira.
Iraganeko obra bat gaur egungo begiekin aztertu behar da?
Gaur egungo jakinduria arrastaka eramaten dugu beti, baina pelikulak urteetan lortu ditugun tresnekin aztertu behar ditugu. Debekatu, inoiz ez; ez dut sinesten feminismo zentsore batean.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Oso itxaropentsua, beti. Lan handia dugu egiteko, eta horretaz jabetzen gara.
Estetika politikoa da?
Hori da nire liburuaren oinarria. Feminitatea ere artifizio bat da. Estetika politikoa da estetikoaren atzean dagoena ezagutzen duzunean; edukirik gabeko estetika ezin da inoiz politikoa izan. Pentsatu eta borrokatu behar da, noski, baina hemen gauden bitartean, barre egin dezagun.
ATZEKOZ AURRERA. Maria Castejon. Ikus-entzunezko lanetan aditua
«Patriarkatuaz irri egin behar dugu»
Zineman emakumeen irudikapenak izan duen eboluzioa aztertu du Castejonek, eta «arriskutsuak» diren pertsonaiak umorearekin tratatzea gomendatzen du: «Gaiztakeria geure egin behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu