Bi hilabete iraungo du 3. Jazzinemak

'Some Like It Hot' filmak irekiko du zikloa hilaren 7an; beste hamar lan emango dituzte Donostian

Some Like It Hot filmaren fotograma bat. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Jazzinema zikloa antolatu du, hirugarren urtez, Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiarekin eta Donostiako Jazzaldiarekin elkarlanean. Hilabete baten ordez, bi iraungo du aurten, eta, hortaz, beste aldietan baino film gehiago izango dira ikusgai. Hilaren 7an hasiko da, Billy Wilderren Some Like It Hot (1959) filmarekin, eta beste hamar lan emango dituzte ekainean eta uztailean. Donostiako Tabakaleran izango dira proiekzio guztiak.

Wilderrenaren ondotik, Otto Premingerren bi lan emango dituzte: The Man With The Golden Arm (1955) hilaren 14an, eta Anatomy of a Murder (1959) hilaren 21ean. Uztaileko egitarauari Blue Note Records: Beyond The Notes (2018) dokumentalarekin ekingo diote —Sophie Huber zuzendaria izango da aurkezpenean—, eta latin-jazzari begiratuko diote uztailaren 4an, Playing Lecuona (Pavel Giroud, Juanma Villar Betancort) lanarekin. Hurrengo egunean, Shirley Clarkeren Ornette: Made in America (1985) izango da ikusgai, eta uztailaren 11n, Steve Klovesen The Fabulous Baker Boys (1989). Andrew L. Stoneren Stormy Weather (1943) lanarekin jarraituko du egitarauak hilaren 18an, eta hurrengo egunean, Clint Eastwoodek 1988an zuzendutako Bird emango dute. Charlotte Zwerinek 1988an ondutako Thelonious Monk: Straight, No Chaser (uztailak 25) eta Liz Garbusek 2015ean sortutako What Happened, Miss Simone? (uztailak 26) izango dira azken bi lanak.

Zikloa ixteko, mahai inguru bat egingo dute uztailaren 27an; Ruth Perez de Anucitak gidatuta, Fernando Trueba zinema zuzendaria eta Carlos Boyero zinema kritikaria ariko dira hizlari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.