ATZEKOZ AURRERA. Thomas Boothe. Zinemagilea

«Kooperatibistek denda eurena dela sentitu behar dute»

Boothe sinetsita dago janari kooperatiben eredua dela egokiena, eta zabaldu egin nahi du. Bazkideak eta ekoizleak harremanetan jarrita, produktu osasuntsu eta jasangarriak merke lor daitezke.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
17.000 bazkidetik gora ditu New Yorkeko (AEB) Park Solpe janari kooperatibak. Denen artean lan eginda, tokian tokiko produktu jasangarriak merke lortzen dituzte. Thomas Boothe (Indiana, AEB, 1969) zinemagileari ideia gustatu zitzaion, eta Food Coop dokumentalean jaso zuen. Orain, hara eta hona dabil dokumentala, eta egunotan Gasteizen izan da.

Zer eskaintzen du janari kooperatiba batek beste denda batek ez duena?

Kooperatiba hauen helburua da elikagai osasuntsuak era jasangarri batean eskuratzea da, tokian tokiko produktuen aldeko apustua eginez. Kooperatiba bakoitzak ezaugarri propioak ditu, baina, orokorrean, kooperatibako bazkideak eta inguruko ekoizleak harremanetan jartzen gara produktuak merke eskuratzeko.

Food Coop dokumentalean jaso duzu hori guztia.

Janari kooperatiben ideia zabaltzeko grabatu nuen dokumentala. Park Solpe Food Coop kooperatiba lagun baten bidez ezagutu nuen, eta hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan ideia. Munduko beste txoko batzuetara eraman nahi nuen ideia, eta horretarako grabatu nuen Food Coop. Egia esan, ez zuten nire laguntzaren beharrik, kooperatibista asko biltzen zirelako bestela ere, baina balio izan dujanari kooperatiben ideia eramateko Frantziara, Belgikara, Herbeheeretara, Italiara...

Beraz, posible da janari kooperatibak edonon martxan jartzea.

Bai, noski. Dokumentala grabatzen ibili ginen lagun batzuk elkartu, eta Parisen zabaldu genuen janari kooperatiba bat: La Louve. Baditu zailtasunak, baina guztion lanarekin gainditzen dira. Gasteizko BioAlai elkartearen dendak 25 urte daramatza zabalik.

Zeintzuk dira kooperatibak aurrera egiteko gakoak?

Kooperatibistek denda eurena dela sentitu behar dute. Iraganean, egin ziren saiakerak kapitalaren arabera antolatzeko, baina ez zuten fruiturik eman. Orain, dirua eskatu beharrean, denbora eskatzen diegu. Hau da, dendan lan egiten dute. Soldatapeko zortzi langile ditu Park Solpek, baina gainerako langileak borondatezkoak dira. Denbora librean dendan lan egiten duen kazetari, aktore edo psikoanalista batekin topo egin dezakezu. Hori da bigarren gakoa: denak gara ongietorriak. Hasieratik produktu batzuk ez saltzea erabakitzen badugu, gizartearen zati bat ez da gerturatuko kooperatibara. Eta jende asko behar izaten da. Hobe da denetarik saltzea jendea erakartzeko, eta gero denon artean erabakitzea ea produktuek betetzen dituzten janari kooperatiba batean egoteko gutxienekoak.

Zeintzuk izaten dira zailtasunik handienak ?

Kooperatiba bakoitzak bere gorabeherak ditu. Esaterako, asko eragiten du herrialdeko arautegiak. Gertutik ezagutzen ditut New Yorkeko eta Parisko kooperatibak, eta bien egoera oso desberdina da: Frantzian, gobernuaren diru laguntzak jasotzen ditugu aurrera egiteko, baina Ameriketako Estatu Batuetan ez dago halakorik. Atzean mezenas handi bat izan ezean, oso zaila da denda handiak zabaltzea. Horregatik, Park Solperen etsai nagusiena Naturalia etxea da, produktu organikoen multinazional bat baita. Janari organikoaren merkatua ere oso lehiakorra da, eta zailtasunak izaten ditugu tokia egiteko.

Nolakoa da kooperatibisten gogobetetze maila?

Orokorrean oso ona. Gertatu izan dira haserreak, azken finean taldean lan egitean talkak gerta daitezkeelako. Baina azken balorazioa oso ona izaten da. Tokian tokiko, kalitatezko eta jasangarria den janaria duzu eskura, eta merke; asko eskertzen da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.