ATZEKOZ AURRERA. Haizea Ziarrusta. Kimikaria

«Arrainak arriskuan jartzen ari garela frogatu nahi dugu»

Botika eta eguzki iragazki batzuek ura kutsatzen dutela frogatu du Ziarrustak bere doktore tesian. Are gehiago, ondorioztatu du osagai horiek arrainen ehunetan eta jariakinetan metatzen direla.
MAIALEN ANDRES / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko maiatzak 7
Haizea Ziarrusta EHUko Kimika Analitiko saileko zientzialariak (Dima, Bizkaia, 1990) botikak uretan eta arrainen ehunetan neurtzeko metodologiak garatu ditu doktoretza tesian. Uste du egun ez dagoela arriskurik gizakientzat, nahiz eta kutsadura handia izan: «Arrainak ohi bezala jaten jarrai dezakegu».

Gero eta ohikoagoa da botikak eta zaintza pertsonaleko produktuak aurkitzea uretan. Nola heltzen dira horra?

Botikak kontsumitzen ditugunean, gorputzak horien parte bat erabiltzen du sendatzeko, baina beste zati bat gorputzak berak kanporatu egiten du. Gernuaren bidez kanporatzen ditugu batik bat, eta ur lohietan araztegietara iristen dira. Araztegietan urak garbitu arren, ez dira erabat ezabatzen botiken hondarrak, eta bertatik erreketara, eta gero itsasora joaten dira.

Nola saihestu daiteke hori?

Ur lohiak gutxitzea da kontua; hau da, ura ez kutsatzea. Alde batetik, botiken kontsumoa neurtu behar da; bestetik, araztegi berriak diseinatu eta eguneratzeak ere arazoa konpon dezake. Egun, zenbait konposatu %70ean ezabatzen dira, baina %90ean ezabatuko lituzketen araztegiak behar ditugu. Horrez gain, ospitaleen irteeretan dauden urak ere beste modu batera tratatu beharko lirateke.

Eta posible da bestelako botikak diseinatzea?

%100ean aprobetxatzeko botikak diseina daitezke, baina gorputz bakoitzak modu batera funtzionatzen du, eta ez da hain erraza.

Frogatu duzue botikak uretan daudenean arrainetara iristen direla.

Biologoekin egindako lanean, ikusi dugu kutsatutako uretan bizi diren korrokoien gibeletara heldu direla antibiotiko, antidepresibo eta eguzkitako kremaren hondarrak. Hori ikusitakoan, erabaki genuen aztertu beharra zegoela nola metatzen diren kutsatzaileak arrainetan; hau da, kutsatzaile hori zelan banatzen den haien gorputzean ur horretan bizitzearen ondorioz.

Zer ikusi zenuten?

Konposatu bakoitza modu desberdinean metatzen da. Antidepresiboa, adibidez, asko metatzen da burmuinean, bere polaritateagatik; antibiotikoa, berriz, ez denez hain polarra, ez da hainbeste metatzen, eta bilisak jarraian kanporatzen du. Horretarako, lanean funtsezkoa izan zen arrainen ahalik eta parte gehien aztertzea, eta, horretarako, metodo espezifikoak garatu genituen jariakin bakoitzerako.

Zein arrain erabili dituzue ikerketan?

Frantziako arrain haztegi bateko urraburuak, ur gaziko espezieak.

Zer lortu nahi zenuten?

Frogatu nahi dugu arrainek osagai kutsagarriak metatzen dituztela, eta ura kutsatzen jarraituz gero arrainak arriskuan jartzen ari garela. Horrez gain, kutsatutako arrainen profil metabolikoa nola aldatzen den ikusi nahi genuen. Metabolitoen kontzentrazio mailak zelan aldatu diren aztertzean oinarritu da gure ikerketa, eta baditugu frogak esateko kutsatzaile horien ondorioz arrainen metabolismoak aldatu direla.

Zer eragin dute arrainen osasunean?

Antidepresiboekin, arrainak zurbildu egiten dira, eta jateko gogoa aldatzen zaie; kutsatutako arrainek astiroago jaten zuten. Baina oraindik ez dugu erlazio zuzenik antzeman ikusi dugun horren eta metabolito mailan ikusitakoaren artean.

Arrainetan metatzen diren kutsatzaile horiek gizakiengana iristeko arriskua dago?

Gizakiok arrainen giharra jaten dugu, eta zaila da osagai kutsatua arrainen giharretara iristea. Baina gu ez gara sartu gizakiengan duen eraginean, ingurumeneko eragina aztertu dugu. Dakiguna da konposatu horiek arriskutsuak direla gizakietan eragin bat izateko, konposatuta baitaude, eta litekeena da beste bizidun batean ere bestelako eragina izatea.

Hortaz, gizakia ezin daiteke kutsatu?

Mezu alarmistak zabaldu dira komunikabideetan, eta ez da hainbesterako. Badago arrisku bat kutsatutako giharra jateko, baina nik Euskal Herrian ikusitako kutsadura bakarra Gernika-Lumoko [Bizkaia] inguruetako korrokoien gibeletan ikusi dut, eta guk ez ditugu jaten, ez gibelak, ez korrokoiak.

Aztertutakoaren arabera, kutsatzaile horien eragina kezkatzekoa da?

Kontua da konposatu horiek ez daudela erregistratuta; beste kutsatzaile batzuen kasuan, muga definitua dago, baina hauek ez dira hainbeste neurtzen eta kontrolatzen. Kontrola egoteko, baina, aurretik ziurtatu behar da txarrak direla, edo ingurumenean eragin negatiboa dutela. Eta horretan ari gara.
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria