Noiz sortua: 2019-11-20 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Oscar Bizarraga. Erromintxelan aditua

«Laguntzarik gabe, akabo erromintxela»

Erromintxela hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko, instituzioen babesa beharrezkoa da, Bizarragak dioenez. Haren ustez, hizkuntza gutxitua ez ezik, hizkuntza «gutxietsia» ere izan da.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Satrustegi -

2019ko azaroak 20

Gasteizen izango da gaur Oscar Bizarraga Kale dor Kayiko ijito elkartearen zuzendariordea (Barakaldo, Bizkaia, 1965) , Erromintxela, fenomeno soziolinguistiko mestizo bat izenburuko hitzaldia emateko. Hilabete honetako Hitz Adina Mintzo zikloaren harira gonbidatu dute, eta erromintxela hizkuntza izango du hizpide. Hain zuzen ere, 1995ean hizkuntza horren azterketa soziolinguistikoa zuzendu zuen Bizarragak.

Erromintxelaz arituko zara gaur. Nolakoa da hizkuntza hori?

Lehenik eta behin, esan beharra daukat ez dela hizkuntza bat bere horretan. Pogadolekto moduan definitu izan da: hau da, hizkera baten antzeko zerbait, spanglish-a izan daitekeen moduan. Kasu horretan, ijitoen erromani hizkuntza da oinarrian dagoena, baina euskararekin nahasten da; alderdi lexikalean, gramatikalean eta fonologikoan.

Zer ezaugarri ditu?

Erromania eta euskara elkarrekin bizi izandako bi hizkuntza dira. Antz ugari dituzte: esaterako, monosilaboak erabiltzen dituzte biek, sistema postposizionala dute biek, zortzi deklinabide ditu erromaniak... Horrek guztiak nolabaiteko gertutasuna adierazten du bi hizkuntzen artean; beraz, pentsatzekoa da erromintxela ezaugarri komun horiek izatearen ondorioz sortu zela. Argi ikus daitezke erromintxelan euskararen ezaugarri batzuk, atzizki batzuk edota hitz antzekoak erabiltzen direla gauzak izendatzeko.

Zein da erromintxelaren historia?

Ijito talde bat XV. mendean iritsi zen Euskal Herrira, Egipto Txikitik. Hortik dator «ijito» hain zuzen ere. Euskal Herrian geratzeko hainbat arrazoi izan ziren: babes leku ona zelako, ez baita ahaztu behar jazarpena sufritzen zutela; eta hizkuntzagatik. Kontuan hartu behar da, bestalde, ijitook familia handiak osatzen ditugula; beraz, talde inportantea osatzen zuten. Orokorrean oso ongi moldatu ziren hemengo jendearekin, eta horrela garatu zen erromintxela. Gaur arte mantendu da, sei mendez.

Eta zein da gaurko egoera?

Egia esan, ez dago jakiterik. 1995ean, erromintxelaren azterketa soziolinguistikoan parte hartu nuen, baina kualitatiboagoa izan zen kuantitatiboa baino. Hala ere, guk uste genuen hildako hizkuntza bat ikertuko genuela, eta hilzorian zegoela deskubritu genuen. Orokorrean, adineko jendeak hitz egiten du; ijito gazteek, berriz, zuzenean euskaraz egiten dute, eta horregatik diogu hilzorian dagoela.

Alfabetatu gabeko hizkuntza da?

Bai. Ez da gertatu euskararen kasuan bezala. Ahozko kultura bat dela esan daiteke. Aldiz, erromani hizkuntzak orain dela hamabost urte prozesu hori abiatu zuen: estandarra sortu zen, eta ikasteko metodoa diseinatu. Erakundeen babesa behar da orain, hezkuntza maila desberdinetara eramateko. Egun, hogei milioi hiztun ditu erromaniak, eta, oraindik ere, bada gure hizkuntzari jargoia esaten dionik. Gainera, soziologiak lortu ez duena, hau da, gure herriaren jatorria ezagutzea, hizkuntzalaritzaren bitartez ezagutu dugu. Erromaniari esker, mapa bat sortu ahal izan da. Ikerketa, beraz, beharrezkoa da. Euskaldunek ulertuko dute esaten dugunean hizkuntza beharrezkoa dela identitatea izateko.

Baztertu izan den hizkuntza bat da?

Erromania hizkuntza gutxitua da, baina gutxietsi ere egin dute. Garai batean, mingaina moztu egiten zieten hizkuntza hori erabiltzen zutenei. Maiz entzuten da kaloa —ijito gazteleradunen hizkuntza— erabiltzen dela ijitoak ez direnek ulertu ez dezaten. Elkarri laguntzeko beste modu bat zen garai batean, ijitoren bat hiltzera zihoazenerako. Erromintxelarekin gertatzen den moduan, hizkera bat da. Beste gauza bat da ulertu ez gaitzaten ere egiten den. Baina euskaraz ere berdin gertatzen da.

Zer etorkizun du erromintxelak?

Egin genuen ikerketak oso harrera ona izan zuen nazioarteko hizkuntzalaritza konferentzia batzuetan. Baina erakunde publikoen laguntza behar dugu ikertzen jarraitzeko, bigarren partea egiteko. Gainerakoan, hildako hizkuntza gisa azalduko da urte batzuk barru. Laguntzarik gabe, akabo erromintxela.

Erromintxelaz gain, zer beste kontu lantzen duzue Kale Dor Kayiko elkartean?

Elkartearen helburu nagusia ijitoen hezkuntza kultura sustatzea da, goi ikasketetara iritsi nahi edo ahal duenari laguntzea. Hala bada, erreferentziazko ereduak sortzen ditugu, gazteek ikus dezaten posible dela ijitoa izatea eta ikasketak izatea. Beste gai asko ere lantzen ditugu: emakumeen arazoak, gazteen eta familien parte hartzea sustatzea, eta bazterkeriari aurre egiteko planak. Funtsean, ijitoen komunitatea ezagutzeko eta ezagutarazteko aukera ematen dugu. Ijito asko gara, eta oso desberdinak, eta guri buruz dauden ideia okerrak gezurtatzen ditugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 905 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.972 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Diputatuak saioren hasieran, minutu bateko isilunean. / ©Mariscal, EFE

Alarma egoera luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak

Berria

EAJk iragarri du bilera horretan egongo dela. EH Bildu, berriz, ez da joango. Konfinamenduan apirilaren 26ra arte luzatu dute Hegoaldean.

Gasteizko farmazia bat. / ©Endika Portillo, Foku

Egun beltzenetan bigarrena izan da atzokoa, hildako kopuruari dagokionez

Ekhi Erremundegi Beloki - Ane Eslava

Gutxienez 59 pertsona hil dira Euskal Herrian azken 24 orduetan koronabirusak jota. 900 hildakoen langa gainditu da. 462 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean.

350 diputatutik 43 joan dira Espainiako Kogresura ©mariscal / EFE

EAJk atea ireki dio Sanchezek proposatutako itunean parte hartzeari; EH Bildu ez da joango

Irati Urdalleta Lete

Apirilaren 26ra arte luzatu dute alarma egoera, eta Sanchezek aurreratu du uste duela hamabost egun barru berriro alarma dekretua luzatu beharko duela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñigo Satrustegi

Informazio osagarria