ATZEKOZ AURRERA. Juan Carlos Flores, Samantha Cesar eta Teresa Castellanos. Morelosko proiektuaren aurkako eragileak

«Morelosko proiektua indarrez inposatu da: erailketa, torturak...»

Morelosko energia proiektua bertan behera uzten saiatu dira Flores, Cesar eta Castellanos, argudiatuta ingurumenean eta herritarren osasunean eragin «larria» izan dezakeela. Espainiaren jarrera salatu dute.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Mexikoko Morelos estatuko proiektuak bi zentral termoelektriko, 160 kilometroko gas hodi bat eta hamabi kilometroko akueduktua biltzen ditu. Zentraletako bat eta gas hodia eginak daude, eta akueduktuari 200 metro baino ez zaizkio falta. Proiektuak abian behar luke dagoeneko, baina tokikoen oposizioak gelditu egin du. Haren ondorioak jakitera emateko, Europako bira abiatu dute Juan Carlos Floresek (Puebla, Mexiko, 1979), Teresa Castellanosek (Yecapixtla, Mexiko, 1976) eta Samantha Cesarrek (Mexiko Hiria, 1978).

Zer ondorio ditu Morelosko proiektuak?

JUAN CARLOS FLORES: Gas hodia Popocatepetl sumendiaren magalean dago, munduko bost sumendi rik arriskutsuenetako batean. Instituzioek gomendatu zuten gas hodia sumendiaren arriskugunetik mugitzeko, baina hor segitzen du. Akueduktuak, gainera, ureztatzeko ura kenduko lieke nekazariei, baita zentral termoelektrikoak ere, 580 litro behar baititu segundoko.

SAMANTHA CESAR: Gainera, Cuautla ibaia kutsatzen du proiektuak, eta gas hodiak sumendiaren inguruan bizi garenen bizitzak arriskuak jartzen ditu, larrialdi sismiko edo bolkaniko batean ebakuazioa oztopatzen duelako. Ihes egiteko bideak ixten dizkigu.

Zer ondorio izan dituzte haren aurkako protestek?

J.C.F.: Morelosko proiektua indarrez inposatu digute: erailketak, torturak.... Armada erabili dute, hainbat espetxeratu egin gaituzte —ni, hamar hilabetez—, biztanleak mehatxatu dituzte, estatuko Poliziak torturatu egin ditu batzuk, gure lagun Samir Flores erail egin zuten, hamabost prozesu judizial daude abiatuta, eta auzitegi federalen epaiak daude haren kontra.

Espainiako estatuak erantzukizunik ba al du?

S.C.: Elecnoren eta Enagasen proiektuak Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren parte den Espainiako Enpresen Nazioartekotze Funtsaren finantzabideaizan du; alegia, diru publikoa. Uste dugu estatua erantzule dela, milaka pertsonaren bizitza arriskuan jartzen dituen eta giza eskubideak urratzen dituen proiektu honi laguntza eman diolako.

Instituzioekin harremanetan jarri zarete. Zer erantzun dizuete?

J.C.F.: Espainiako Enpresen Nazioartekotze Funtsarekin hitz egin dugu. Erakundearen argibideek jasotzen dutenaren arabera, haiek lagundutako proiektuek ezin dituzte urratu giza eskubideak. Haiengana joan ginen Morelosko proiektuak zer ondorio eragin dituen azaltzera, eta esan ziguten ez dagoela mekanismorik giza eskubideen urraketak kontrolatzeko, eta, gure kexa aintzat hartuz gero, heltzen zaizkien beste kexa guztiak kontuan hartzera derrigortuta leudekeela. Gero, Atzerri Ministerioko Giza Eskubideen eta Inbertsioaren zuzendariordetzarekin bildu ginen, eta lege hutsune egon daitekeela ondorioztatu genuen haien hitzetatik, hots, mekanismo faltarena egia zela. Alderdi politikoei dagokienez, Ezker Batuarekin, EH Bildurekin eta Podemosekin hitz egin dugu, baita Zaragozako eta Bartzelonako Udalekin ere.

Europako Parlamentura ere joango zarete.

TERESA CASTELLANOS: Bruselara bisita programatua genuen, baina koronabirusaren kontuarekin, bertan behera geratu da. Dena korapilatu zaigu. Espero dugu mugak itxi baino lehen irten ahal izatea.

Enpresekin hitz egin duzue?

S.C.: Enagasi gutun bat bidali genion bilera bat eskatzeko, baina erantzunik jaso ez genuenez, haien Madrilgo egoitzara joan ginen. Gurekin hitz egin zuenak ez zuen proiektuaren berri, eta ez zigun jakinarazi nahi izan bere izena eta kargua. Esan zigun kontatzen genuena hala izanez gero Mexikoko egoitzara joan behar genuela.

Energia eskaerei aurre egiteko,zer beste aukera daude?

S.C.: Energia erreserba edukitzeko, estatu askok behar dutena baino gehiago ekoizten dute, Energia trantsizioa eta erregai fosilen krisia dela eta. Mexikon, behar dena baino %50 gehiago ekoizten da. Hobe da energia hori eguzkiaren argiarekin lortzea,eta ez zentral termoelektrikoekin. Ez dugu hainbeste energia behar. Behar duguna zera da: bidezko merkataritza, landa eremuarentzako babesa eta osasun baldintza hobeak.

Beste borroka batzuekin ere bat egiteko etorri zarete.

T.C.: Hemengoei elkartasuna adieraztera etorri gara, haiek ere gurekin beste horrenbeste egin dezaten, guztion senidetasuna ezinbestekoa baita enpresa horiei aurre egiteko. Ez ditugu batu behar herri jakin batzuk soilik, mundu guztia baizik, enpresa gutxi batzuek —hau da, kapitalismoa— duten guztiarekin ari baitira erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.