TXAPELA BURUAN. Maeva Kurutxet. Kaledonia Berrian bizi den hoztarra

«Kanak zaharrak lurretik hurbil bizi dira»

Erroen xerka abitu da sorterritik urrun, lurrean eta bere baitan barnatuz. Lurrarengandik hurbil bizi direnei esker atzematen ari da bilatzen zuena: bere burua. Etxeko Kurutxet bera du ediren han.

BERRIA.
Ainize Madariaga
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bere buruaren bila planetaren bertze puntaraino joateak sakonerat barnatzera eraman du Maeva Kurutxet (Hozta, Nafarroa Beherea, 1982). Bidaiari esker, bi aldiz laguntzen ari da: beharretan direnak eta bere burua.

Zerk eraman zintuen Kaledonia Berrirat?

2016an abiatu nintzen, nire buruaren bila. Ostalaritzan aritu nintzen, dirua baztertu eta jiteko.

Dena lotuta joan zinen?

Ez. Bertan nuen lagun batek aterpetu ninduen zortzi hilabetez. Jakin behar da hemen hiru edo lau aldiz garestiagoa dela bizia Euskal Herrian baino. Lana biziki fite atzeman nuen, pertsona ahulduekin, Kaledoniako elbarrituen elkartean. Bertan, Garapenaren Nahasmendu Orokortua (GNO) eta hainbat elbarritasun pairatzen dituzten haurrekin aritu nintzen. Eta adineko jendeekin ere bai, zeina etxean egoten baita egitura zinez guti delako. Etxeetara joaten nintzen, Noumea hiriburu bikaina eta bide txikiak ezagutu nituelako.

Orain, Mont-Doren naiz, hiriburutik oren erdira, nahasmendurik ez bada; bestela, bi orenera! Jean-Yves bikotekidea ezagutuz geroztik, haren etxean naiz.

Eta, Maeva atzeman duzu?

Irrigarria da, zeren eta 22.000 kilometrora joan bainaiz Euskal Herriko ber jarrera hartzeko! Jean Yves ezagutu izanak zinezko introspekzioan sartzeko parada eman dit. Horri esker, gauza franko aurkitzen ari naiz. Saiatzen naiz ene sinesmenen ahal bezainbat sustraitzen.

Nolakoak, adibidez?

Aski zoroa da, baina magnetismoa garatu dut, eta meditazio asko praktikatzen dut, zeinak zinez urrunerat bainarama.

Zer ekartzen dizu?

Gibeltasuna ekartzen dit, gizartea ahanztea, eta nigan eta ene senean baizik ez sinestea.

Zergatik duzu gizartea ahantzi nahi?

Xehatu egiten gaituelako, eta gure boterea izorratzen digulako. Supermerkatuetara erostera joateak, adibidez. Denok zentzu bila goaz, baina, norbera berriz ere baratzea lantzen hasiko balitz, eta elikadura zainduko bagenu, norberak bere biziaren zentzua atzemanen luke.

Erlijioak ere uste dugun baino askoz ere errotuagoak dira gure baitan. Haiek eragozten didate sakonean ni naizen hori izaten.

Hasieran ez nuen magnetismoan sinesten, baina emeki-emeki eskanerrak egitea lortzen dut esku eta gorputzari esker. Luxu bat da, zeren eta denbora galdegiten baitu horretara heltzeak.

Zerekin egin duzu topo han?

Kanak zaharrak lurretik hurbil bizi dira; badute ikuspegi holistikoa. Badakite naturarekiko lotura hori ez dutela hautsi behar, bestela galdu egingo liratekeela.

Erreferendumean parte hartu zenuen?

Ez, 1988tik goiti hemen egon behar zelako.

Ahal izan bazenu...

Ez nukeen bozkatuko, uste baitut borroka hori ez dela enea. Haien etxea da hau, ez enea.

Zer giro dago kanaken eta kanpotarren artean?

Ez dut uste bizikidetza posible denik. Ez, ez dut ikusten.

Zer diozu paisaiaz?

Badu antzekotasunik Euskal Herriko funtzionamenduarekin, Ipar eta Hegoko probintziak baitira.

Aisialdian, zer?

Ostatura joaten naiz, marraztera. Abstraktuak dira ene marrazkiak, psikodelikoak, zabaldu nahi dudan egitura bezainbeste.

Kontatu proiektua.

Larzabaleko [Nafarroan Beherea] autisten zentroan ezagutu nuen Herbehereetako snoezelen kontzeptua garatu nahi dut, zeinak sentsoriala dena lantzen baitu, psikodelikoa. Helburua da jendea lasaitzea eta introspekziora bultzatzea.

Meditazioa ontsa da, baina kontzentrazioa galdegiten du, zeina gure gizarteetan galbidean baita.

Nori zuzenduko diozu?

Nahiko nuke ari izan GNOa duten haurrekin, baina uste dut ororentzat balio duela, medikuntza klasikoak sendatu ezin duenari begira.

Emozionalki laguntzean datza.

Eperik baduzu?

Ez, beti hola nabil: jin arau. Hemen ongi dena da diplomarik gabe ere, kalitateak badituzu, badirela aukerak. Parada ukan dut ikus-entzunezkoetan aritzeko, sekula eginen ez nukeena Euskal Herrian. Bizia erraza da hemen; hala diote: «Ez arrangura». Kokondoen erritmoa da hemengoa; goizean goiz ari zaitezke lanean, eta gero arratsalde apalean, epeltzean. Alferra izatearen sentsazioa dut hemen.

Zer eramanen zenuke etxera?

Bakarrik egotearen indarra. Hurbilekoak ditut ments, ordea.

Koronabirusa nola bizi duzu hor?

Martxoaren 23az geroztik, itxialdian gaude, lehen bi lagunek positibo eman zutenetik. Jendea zinez diziplinatua da. Lanean segitzen dut, eta sentitzen da herria pausa moduan dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.