ATZEKOZ AURRERA. Karlos Zurutuza. Kazetaria

«Hizkuntza guztiek balio bera daukate»

Amazigera eta kurduera izango ditu mintzagai Zurutuzak Gasteizko Euskararen Etxean gaur emango duen hitzaldian. Hizkuntza horien egoerak euskararenarekin daukan antzekotasuna azaleratu du.

JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ingeles filologian lizentziaduna den arren, badira urteak Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) Ekialde Hurbilean kazetari gisa lanean dabilela; hain zuzen, hamar urtez aztertu ditu kurduek eta amazigek bizi izan dituzten gatazkak. Herri horien hizkuntzei buruz hitz egingo du gaur, Oihaneder Gasteizko Euskararen Etxeak antolatu duen Hitz Adina Mintzo zikloan, Gasteizen.

Zer egoeratan daude amazigera eta kurduera?

Haien hizkuntza debekatuta eta jazarrita zegoen, eta nahiko antzeko egoera zegoen bietan, bai Libian bai Sirian. Antzeko agintariak zeuzkaten: arabiar nazionalistak. Orduan, jende orok ez zeukan ez nazio, ez hizkuntza eskubiderik, ezta eskubide kulturalik ere. Beraz, 2011n, gaizki izendatutako Udaberri Arabiar hori lehertu zenean, bakoitzak bere aldetik ekin zion hizkuntzaren biziberritze eta normalizazio prozesu bati.

Gaur egun aitorpenik badaukate?

Euren kontrolpeko eskualdeetan, bai kurduen bai amazigen kasuan, hizkuntza ofiziala da, eta normaltasun osoz erabiltzen da. Baina jakina, hortik kanpo oraingoz ez daukate inolako aitorpenik. Hau da, Siriako konstituzioan ez da ofizialtzat jotzen kurmanjiera, eta Tripolik ez du inoiz onartuko Libian arabieraz gain beste hizkuntza batzuk ere badirela: hala nola tamashek-a, hau da, tuaregen hizkuntza (tuaregak, azken finean, amazigak ere badira) edo tubuera (tubu herriaren hizkuntza).

Noiztik dago aukera hizkuntza horiek unibertsitatean ikasteko?

2016aren bukaeran eraiki zen Rojavako [Siria] unibertsitatea, eta han kurdueraz ikasten da. Afrinen ere bazeukaten beste campus bat, baina Afrin turkiarrek okupatu zutenez, 2018an hori deuseztatu egin zen. Libian, 2017tik hona, unibertsitatean ikas daiteke Amazig Filologia, historian lehen aldiz.

Eta eskoletan?

Libian, eskoletan amazigera erabili izan da hasieratik. Gaddafi oraindik bizirik zegoela, gerrak zirauenean, eskolak jada euren hizkuntzan ematen ziren herri amazig gehienetan.

Zer lotura dago gatazka politikoaren eta hizkuntzaren egoeraren artean?

Ez amazigek ez kurduek ez dute apusturik egin zatiketaren alde. Haien helburua ez da izan, oraingoz, estatu berri bat sortzea, baizik eta herrialdea demokratizatzea, eta demokratizazio prozesu horren barruan euren nazio eskubideak, kultur eskubideak eta hizkuntz eskubideak onartzea. Baina gobernuek ez dizkiete eskubide horiek onartu.

Zer garrantzi dauka hizkuntzak herri horien identitatea eraikitzeko?

Euskarri bat da, eta, horrez gain, nortasun ikur handi bat da. Jazarpena handia izan da: Libiaren kasuan, 40 urte iraun du, baina amazigentzat hizkuntza da ardatza oraindik. Eta kurduentzat ere hala dela esango nuke.

Zer eragin izan dute hedabideek hizkuntza horiek berpizterakoan?

Amazigek eta, batez ere, kurduek komunikabide propioak sortu dituzte, eta horrek balio handia dauka. Libian, gerra oraindik indarrean zegoela ateratzen ziren amazig hizkuntzan idatzitako testuen lehenbiziko fotokopiak, lehen aldiz Libiaren historian. Eta saiakera amateur horretatik pasatu da saiakera profesionalago batera, batez ere kurduen kasuan.

Zer urrats egiten ari dira hizkuntza horiek biziberritzeko bidean?

Arlo ezberdinetan haien hizkuntza txertatzen ari dira: hezkuntzan, komunikabideetan eta administrazioan. Azken horretan, haien kontrolpeko lurraldeetan, barneko dokumentazio guztia hizkuntza horietan dago.

Alfabeto ezberdinak izatea ez da arazo izan hizkuntzaren normalizaziorako?

Libiaren kasuan, eta baita Siriaren kasuan ere, zera gertatzen zen, jende gehienak bazekiela hitz egiten, baina ez zekiela idazten; hau da, bai Sirian eta bai Libian, arabiar alfabetoa baino ez zuten menderatzen. Sirian, azken urteetan ikasi dute kurmanjieraz idazten, eta hori alfabeto latindarrez idazten da. Amazigera, aldiz, tifinagh izena duen haien jatorrizko alfabetoan. Horrek eragin handia izan du. Askok esaten zidaten alfabetoa Interneten ikasi zutela, gerra piztu aurretik. Internet pisuzko faktore bat izan zen alfabetoak ikasi eta haien hizkuntzan idatzi ahal izateko.

Hizkuntzak ikasi dituzu. Zer interes edo ezaugarri berezi daukate bi hizkuntza horiek?

Nik esango nuke hizkuntza guztiek balio bera daukatela, milioika hiztun eduki edo bizpahiru hiztun besterik ez eduki. Munduan dauden hizkuntza guztiak gai dira errealitatea eta ingurua artikulatzeko. Bai kurduerak bai amazigerak euskarak edo gaztelerak izan dezaketen balio bera daukate, eta, niretzako, interes bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.