ATZEKOZ AURRERA. Jose Mari Esparza Zabalegi. Idazlea

«Euskaldunak non, 'Gernikako arbola' han»

'Gernikako Arbolaren biografia' liburua ondu du Esparzak. Bertan, kantuaren nondik norakoak azaldu ditu, eta argudiatu du Euskal Herriko ereserkia izan beharko litzatekeela.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Herri orok du ereserki bat, hizkuntza, izen, lurralde eta sinboloak dituen bezala. Euskaldunek ere izan zuten haiena, XIX. mendean: Jose Mari Iparragirreren Gernikako arbola. Baina denborarekin protagonismoa galdu zuen kantuak, eta egun, ez dago euskaldun guztiak batuko dituen ereserki ofizialik. Hori horrela, Jose Mari Esparza Zabalegi (Tafalla, Nafarroa, 1951) idazleak Gernikako Arbolaren biografia. Euskal Herriko ereserkia liburua ondu du. Egilearen esanetan, Euskal Herri osoa berriro ordezkatuko duen ereserki bat berreskuratzea da helburu nagusia. Konfinamendu garaia aprobetxatu zuen liburua idazteko, eta bertan batu ditu kantuaren bitxikeriak eta ereserki nazional izateko dituen arrazoiak.

Urteetan luzatu den eztabaida da Euskal Herriko ereserkiarena. Hainbat izan dira proposamenak. Zergatik Gernikako arbola?

Hastapenetik, Gernikako arbola izan da euskal ereserki nazional gisa onartu den bakarra, gure mugen barnean eta mugetatik kanpo ere bai. Lur jota zegoen herri baten suhartasuna piztu zuen. Erreibindikazio nazional guzietan egon zen. Hain zuzen ere, ereserkiak eman zion ospe handiena Gernika-Lumo [Bizkaia] herriari. Ez dago gibelean hainbeste historia eta onarpen duen euskal ereserkirik.

Zer berezitasun ditu?

Zortziko zinez ederra da, betidanik hunkitzeko eta sentimendu arras desberdinak sorrarazteko gaitasuna izan duena, eta baduena. Laburra, itsaskorra, solemnea; mundu guziak kantatzen zuena. Bake eta bizikidetza kantua zen, baina baita gerra kantua ere. Poeta bezala, Iparragirre ameslaria izan zen. Aitzindaria. Nolabait, Gernikako arbolak diskurtso hori islatzen du.

Zer garrantzia izan du Euskal Herriaren historian?

Saihetsezina izan da azken 150 urteetako euskal historian. Egunkari eta aldizkari handiek haren letra eta musika hedatzen zituzten. Literatura unibertsalean presentzia handiena duen euskarazko testua da. Eta munduan zehar grabatu eta zabaldu zen lehen euskal musika izan zen, operetan, zarzueletan zein antzerkietan. Madrilen eta Parisen operak estreinatu ziren ereserkia kantatuz, eta, aldi berean, kaleko edozein txistularik ere interpretatzen zuen.

150 urteko abestia izanik ere, egun ereserki egokia litzateke?

Bere antzinatasuna plus bat da, sustraitu egiten du, eta sustraidun herria gara. Horrez gain, bere edukia gaurkotasun amorratukoa da: euskaldunon askatasunari, elkartasun internazionalistari kantatzen dio euskaraz, eta, areago, munduko ereserki bakarra da zuhaitz bat, natura, adoratzen duena.

Zazpi Euskal Herriak batzen ditu ereserki horrek?

Ez dago Ebrotik Aturriraino hain dokumentaturik dagoen abestirik. Erriberako makil dantzetatik Zuberoako pastoraletara. Milagroko zubiaren inaugurazioan abestu zena, baita Urepeleko Xalbadorren hiletan ere. Tuterako gaztelaniazko letrarekin edo Jon Mirandek ezarri zion letra paganoarekin. Zazpiak-Bat batasuna berreskuratzea egungo premia da, eta ereserkia beste tresna on bat izan daiteke horretarako.

Zerbaitek harritu al zaitu liburua sortzeko prozesuan?

Hunkitu egin naiz gauza bitxiak aurkituz: Baionan kantatzea erbestera abiatzen ziren milaka soldadu karlistek; Sanrokadan Guardia Zibilaren balen aurrean kantatzea; Manilako setioan edo Kubako Maniguan; mundu osoko frontoietan; sanferminetako zezenketa bakoitzean; Prusian, Iparraldeko presoek; euskal diputatuek Espainiako Gorteetan; Frantziako kontzentrazio esparruetan... Euskaldunak non, Gernikako arbola han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.