ATZEKOZ AURRERA. Saioa Alkaiza. Egile berriendako lehiaketako irabazlea

«Eguneroko gauza txikiek eginak gara»

Saioa Alkaizaren izena bi aldiz ageri da Iruñeko egile berriendako euskarazko literatur lehiaketako sarituen zerrendan. Lehenbiziko saria lortu du narrazio modalitatean; bigarrena, berriz, poesiakoan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Sariketei dagokienez, azken hilabeteak biziki gozoak izan dira Saioa Alkaizarentzat (Iruñea, 1991).Iruñeko Udalak hogeita hamargarrenez antolatu du egile berriendako euskarazko literatur lehiaketa, eta bi sari jaso ditu Alkaizak: narrazioan bata, poesian bestea. Gainera, horiek ez ezik, bertso paper lehiaketa ere irabazi zuen 2020an.

Bertsolari gisa zara ezaguna askorentzat, baina lan idatziengatik jaso berri duzu aitortza orain. Zerk erakarrita egin duzu salto hori?

Bertsolaritza da nire alderdietako bat, baina, askotan, gustatzen zait mundua idazkeraren bitartez ulertzen saiatzea, kazetaritzaren mundutik natorrelako, besteak beste. Ahozkoa eta idatzizkoa, bi adierazpideak maite ditut, eta uste dut bakoitzak gauza bat eskatzen duela. Gainera, nire ustez, ez dute zerikusirik, adibidez, narrazioak, poesiak eta bertso idatziak; bakoitzak bere moldeak eta kodeak ditu.

Ez dago hondoratzerik lanarengatik izan zara garaile narrazio modalitatean. Zeri buruz da lana?

Ama-alaba batzuen arteko harremana du oinarri, eta egunerokotasunean dauden gatazka txikiak kontatzen dira, uste baitut horietan dagoela handitasuna: gertatu zirenean betiko markatuko zintuztela imajinatuko ez zenituen horietan, nolabait esanda. Gainera, esanen nuke istorioko pertsonaiak aldi berean direla maitagarriak eta desatseginak; hartzen ahal diezu kariñoa, baina ez dira jatorrak. Sentsazio hori eragin nahi nuen, gauzak ez baitira zuri edo beltz. Gris hori ahalegindu naiz biltzen.

Olerki modalitatean, epaileek bigarren saria eman diote zuk idatzitako Helduaroaren bezperan lanari. Nolakoa da zure poesia?

Kostatzen zait sakontasun sinbolikoa aurkitzea; esanen nuke nirea zuzenagoa dela, artifizio handirik gabea. Errespetu handia diot poesiari; asko gustatzen zait, eta askotan pentsatu dut ez dela niretzako eremua. Ordea, lehiaketaren aurretik irakurtzen ari nintzen bi libururi esker ohartu nintzen estilo desberdin asko daudela, eta, beraz, nirea ere sar daitekeela aukeren artean.

Batik bat denboraren joana izan duzu hizpide olerkietan. Zergatik?

«Helduaroaren bezperan» esaldia lagun batek bota zuen behin, gure bizimodua nolakoa den azaltzeko. Ematen du 30 urteren bueltan gaudenoi ailegatuko zaigula une hori non heldu bihurtuko garen. Beti dugu gerora zerbait egonen delako sentsazioa. Gero, ordea, zure 40 urteko lagunek esaten dizute ez dela horrelakorik pasatzen, eta zu zeu ere ohartzen zara hala dela; hau dela bizitza, bere sinplean. Hain justu, lanean bildurik dauden poesietako askok lagunartean izandako solasaldiak dituzte abiapuntu.

Narrazioan eta olerkietan, bietan erreparatu diezu, beraz, itxuraz txikiak diren gauzei, egunerokoei.

Bai. Izan ere, iruditzen zait egia handien garaian bizi garela. Batzuetan ematen du dena dela A edo B, eta nik erreparatu nahi izan diet egunerokotasuna bere txikian eraikitzen duten puzzle zati horiei. Gauza txiki horiek eginak gara.

Iruñeko Udaleko zenbait kide izan ziren sari banaketako ekitaldian. Euskarazko egile berriendako sariketa da berez, baina gaztelaniaz egin ziren hitz gehienak.

Udalak pertsona bat eraman zuen gure lanei buruzko aipamen batzuk euskaraz egiteko, baina oso motza izan zen. Gainerakoan, udalekoek guri esandako hitz guzti-guztiak gaztelaniaz izan ziren; euskaraz,ezta «zorionak» bat ere. Gainera, Enrique Maia Iruñeko alkatearen mezua amorragarria izan zen.

Zer esan zuen, zehazki?

Udalak euskarazko ekoizpen artistikoa laguntzeko eta bizirik mantentzeko lanean segituko zuela, besteak beste; gaztelania hutsean, jakina. Lotsagarria da UPNko kide batek hori esatea. Papur batzuk eman eta haien aurpegiak zuritzeko aitzakia bat da, argiki. Sariketa honek izan behar luke euskararen inguruko ekitaldi bat; ezin da izan propagandarako instrumentua.

Berriki jasotako bi sariez gainera, bertso paperen lehiaketa ere irabazi duzu 2020an. Zer zaizu erakargarri lehiaketa mota hauetan?

Sorkuntza prozesuekin lotua dagoela uste dut. Askotan, erromantizatu egiten ditugu prozesu horiek. Ematen du musak daudela, inspirazioa eta argia ikusten dituzun egunak, senak agintzen duela, edo bokazioak; kontzeptu esentzialista tranposoak erabiltzen dira, eta, finean, sorkuntzarako beharrezko dituzu baliabide materialak eta denbora. Ez da erraza horiek lortzea, are gutxiago beste jardun batzuetan ibiltzen zarenean, eta, orduan, lehiaketak izan daitezke aitzakia bat zerbait sortzeko.

Zer alde dago lehiaketa horien eta oholtza gainekoen artean?

Nire iritziz, bertso txapelketa gerora plazetan kantatzeko pasatu beharreko tramite bat da, zoritxarrez. Hainbat funtzio betetzen ditu, baina ni ez nau asebetetzen; askoz gehiago gozatzen dut plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.