ATZEKOZ AURRERA. Ekain Albite. Dokumentalgilea

«Oso harro nago lortutako emaitzarekin»

Profesionalki, lehenengo film laburra egin du Ekain Albitek: 'Haizearen egia'. Euskal Herrian bizi den gazte saharar baten bizipenak kontatzen ditu filmean. Herriz herri ari dira aurkezpen bira egiten.

EKAIN ALBITE.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Haizearen egia lehenengo lan profesionala osatu du Ekain Albitek (Zumaia, Gipuzkoa, 1999). Tahar gazte sahararraren istorioa kontatu du: aita gaixo dago, eta Euskal Herritik jaioterrira itzuli beharko du. Kontraesanak dira filmaren oinarri, baina Saharako herriaren erbestealdia eta borroka ere erakutsi nahi izan ditu Maluta Filmsek ekoitzi duen filmean. Zinema zuzendaritzako ikasketak amaitzen ari da Bartzelonan, baina, dagoeneko, Euskal Herriko hainbat txokotan ari dira film laburra aurkezten.

Zure lehendabiziko film labur profesionala estreinatu duzu. Jauzi handia da zure ibilbidean?

Bai, hala da. Duela urte batzuk Bartzelonara etorri nintzen zinema ikasketak egitera, eta han nengoela sortu zen film labur hau egiteko aukera. Esperientzia ikaragarria izan da. Oso istorio indartsua da, eta, zenbait gorabehera izan baditugu ere, oso harro nago lortutako emaitzarekin.

Protagonistak hainbat kontraesani aurre egin beharko die. Zergatik ditu kontraesan horiek?

Saharara joan ginenean, konturatu ginen ikasketak atzerrian egiten zituen jende asko kontraesanez beteta itzultzen zela etxera. Horrenbeste urte kanpoan igaro ondoren, arrotz sentitzen zirela. Halere, gatazka unibertsal bat da, edozeini gerta dakioke atzerrira joan eta bueltatzean ez jakitea zer den benetan espero duzuna. Sarritan, talkak eta kontraesanak sortzen dira, eta interesgarria iruditu zitzaigun hari horri jarraitzea.

2015ean joan zinen lehen aldiz Tindufeko kanpalekuetara. Zer ikasi zenuen esperientzia hartatik?

Darahli elkartearen asmoa 15 urteko gazteak sentsibilizatzea da. Hortaz, adin horretan sortzen den talka ikaragarria da, ez ditugulako beste errealitateak gertutik ezagutzen. Bat-batean, beste herri batekin, beste jende batekin, beste pentsatzeko modu batekin topo egiten duzu, eta horren egoera bidegabean bizi den herriaren egoerak harrapatu egiten zaitu.

Zer islatu nahi izan duzu filmaren bitartez?

Film laburra sortu genuenean, oraindik ere azken gerra deklarazioa egin gabe zegoen. Hortaz, saharar herria oso egoera gogorrean bizi zen; gizartean neke sentsazio ikaragarria zegoen. Alde batetik, neke hori islatu nahi genuen, baina, horrez gain, derrigortuta kanpora joan behar izan direnen mina erreibindikatu nahi izan dugu, zein sentsazio kontrajarriekin bueltatzen diren.

Euskal Herriaren eta Sahararen arteko lotura ere erakutsi nahi izan duzu, ez?

Hori da, bai. Bakelekuen bitartez, Euskal Herrira etortzen zen gazteetako bat hartu genuen protagonistatzat, eta, horrela, beste ikuspegi bat emateko aukera sortu zitzaigun. Bi herrien arteko harremanari zor zaion dokumentala da, harreman hori existitzen delako eta existitu izan delako.

Nolako esperientzia izan da?

Alde batetik, oso gogorra, mina sentiarazten duten istorioak ezagutzen dituzulako eta jendearekin oso modu bortitzean konektatzen duzulako; baina, bestetik, oso polita izan da. Min hori sentitzea eta kontraesanak antolatzen saiatzea, edo jende berria ezagutzea beti da positiboa, dimentsio pertsonal eta humano ikaragarria ematen dizulako.

Aurretik ere hainbat proiektu egin dituzu. Nondik datorkizu zinemarekiko zaletasuna?

Nahiko bitxia da. Txikitatik beti gustatu izan zait antzerkia egitea, eta pentsatzen nuen horretan arituko nintzela. Halere, osabak telebistan lan egiten zuenez, antzerkiak grabatzeko proposamena egin zidan, eta, horrela, pixkanaka, nire zaletasuna handituz joan zen. Lehen, ez neukan lotsarik pantaila aurrean jartzeko, baina, orain, denbora osoan kamera behar duen lotsatia bihurtu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.