ATZEKOZ AURRERA. Jose Antonio Aranda. Euskalmeteko arduraduna

«Arabako Lautada leku interesgarria da meteorologia aldetik»

Arandak azaldu du Euskal Herriko beste eremu batzuekin alderatuta Arabako Lautadako klima «hotzagoa» dela: izozteak eta elurteak dira nagusi. Hala ere, ezin da jakin zer gertatuko den datozen urteetan.

EUSKALMET.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Euskalmet agentziako arduraduna da Jose Antonio Aranda (Durango, Bizkaia, 1961), eta Arabako Lautadako meteorologia «gogorraz» hitz egingo du gaur Gasteizko Vital Fundazioan, 19:00etan. Haren arabera, meteorologia zientziarik «ederrenetariko bat» da, eta lotura du gainontzeko guztiekin.

Zeintzuk dira meteorologia gogor horren ezaugarriak?

Klima atlantikoaren eta klima mediterraneoaren artean dago Arabako Lautada, eta biek dute eragina; trantsizioko klima. Baina, horrez gain, gogoan izan behar da altitudea ere: 500 eta 600 metro arteko garaieran dago, eta, gainera, mendiz inguratuta. Horrek klima berezi samarra izatea dakar, eta baita meteorologiaren portaera ere. Eremu freskoa da, eta meteorologiaren ondorioak ez dira beste leku batzuetan bezala gertatzen; ugariagoak ere izan daitezke. Lautadaren barruan ere portaera ezberdinak daude kokapenaren arabera. Ikuspuntu meteorologikotik, beraz, oso leku interesgarria da.

Eta zeintzuk dira ondorioak?

Beste leku batzuekin alderatuta, hotzagoa da Arabako Lautada, eta izozteak eta elurteak dira ondorioetako bat. Oso ohikoak izaten dira, eta badira beste toki batzuetan ez dauden portaerak ere: euri izoztua, kasurako. Haizeari dagokionez, ez ditu arazo asko sortzen, leku irekia delako, baina, egoera jakin batzuetan, eta, batez ere, hego ekialdetik datorrenean, haizeak gogor jotzen du Lautadako zenbait eremutan: Eginon eta Agurainen, adibidez. Mendiari itsatsita daude, eta haizeak azkar bizkortzen dira. Ekaitzak ere deigarriak izaten dira: txingor jasa handiak botatzen ditu azken garaietan, baina esango nuke tornadoa dela deigarriena.

Legaireko basoan gertatutakoa, adibidez, 2018ko uztailean.

Hain zuzen ere. Ikusi dugun handienetariko bat da, Europan egoteko, bederen.

Zer eragin dute egoera horiek beste arloetan? Nekazaritzan, esate baterako.

Hemen, nekazaritza neguko klimara egokitu da. Lautadan, batez ere zerealak daude, eta patatak. Zerealak udazkenaren amaieran ereiten dira, eta neguan ia belarra balitz bezala daude; oso txikia denez, ondo jasaten du hotza. Udan, berriz, askoz ere lehorragoa da gune hau, ez hain berdea, eta horregatik ekoizten da zereala. Pixka bat hezeagoa balitz, ez legoke zerealik, belarra baizik.

Klima aldaketa ere hemen dago. Zer eragin du horrek?

Ezin dugu esan klima aldaketa dagoenik meteorologia honen atzean, baina esan daitekeena da nekazariek lehen baino ur gehiagorekin ureztatu behar dutela. Eta ez euri gutxiago edo gehiago egin duelako, baizik eta tenperatura pixka bat igo delako, eta, horren ondorioz, lurrunketa handiagoa izaten ari delako. Hor zerbait ondoriozta daiteke.

Beraz, zaila izango da hurrengo urteetan zer gertatuko den aurreikustea.

Denetarik gertatuko da. Beti gertatu da, eta gertatuko da aurrerantzean ere, baina ez dakigu zer eragin izango duen.

Eta zer gertatzen da gainontzeko eskualdeetan?

Klima nahiko ezberdina da, eta Lautadakoa ezin da gainerako eskualdeetakoekin alderatu. Klima bakoitzak bere meteorologia portaera du. Hein batean, atmosferak leku jakin batean dituen batez besteko baldintzek osatzen dute klima, eta, normalean, horrek markatzen du zer landaretza mota egongo den. Arabako Lautadako landarediak, beraz, ez du zerikusirik Arabako Errioxakoarekin, ez eta isurialde atlantikoko beste eremuetakoarekin ere.

Euskalmeten halako ikerketak egiten al dituzue?

Garrantzi handia ematen diegu halako egoerei, batez ere batzuetan gizartearentzako kostu handia izaten direlako. Halako zerbait gerta daitekeela sumatzean, beraz, informazioa eman ohi diogu jendeari, beren burua babestu dezaten, eta, beraz, horregatik saiatzen gara aurreikuspenekin jokatzen, etorkizuneko errealitatetik ahalik eta hurbilen egoten saiatzen.

30 urte baino gehiago egin dituzu Euskalmeteko arduradun gisa. Zer ikasi duzu?

Meteorologia munduan dagoen zientziarik politenetako bat dela, eta oinarrizko abantaila bat ere baduela: natur zientzia guztiekin erabat lotuta dago, eta baita giza zientziekin ere. Izan ere, horizontala da, eta lotura du hidrologiarekin, ingurumenarekin, kutsadurarekin, ekonomiarekin, hilkortasunarekin eta osasunarekin, besteak beste. Uste dut arazo natural eta gizatiar guztien perspektiba oso polita eman dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.