ATZEKOZ AURRERA. Amets Ormaetxea. Neomak taldeko kidea

«Konexio berezi bat dago gure artean»

Doinu tradizionalak gaur egungo ukitu batekin jotzen dituzte Neomak taldeko zazpi emakumeek. Abestiak sortzeko prozesuan ari dira orain, eta «poliki-poliki» egin nahi dute bidea.

Neomak taldeko kideak; behean, ezkerrean, Amets Ormaetxea. NEOMAK TALDEA.
ane insausti barandiaran
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Trikiti txapelketetan ezagutu zuten elkar Amets Ormaetxeak (Arrasate, Gipuzkoa, 1997) eta Neomak taldeko beste sei kideek, baina Kepa Junkera eta sorginak proiektuak batu zituen. Bi urte pasatu dira proiektu hori amaitu zenetik, eta, orain, Neomak taldea sortu dute. Hiru kontzertu eman dituzte oraingoz, eta ekaineko agenda beteta daukate. Abesti batean dioten bezala, «ilargi berriak lagun zaharren ondoan» bizitzeko.

Neomak hitzak Ilargi berriak esan nahi du, grezieraz. Zergatik aukeratu duzue izen hori?

Izena aukeratzeko zerrenda bat egin genuen, 30 bat aukerarekin, eta garbi geneukan esanahi bat izatea nahi genuela guretzat. Neomak izenarekin topo egin genuen, eta hasieratik gustatu zitzaigun. Gero konturatu ginen esanahia bat zetorrela gure proiektuarekin: betiko lagunak elkartu gara berriro ere, zerbait berria sortzeko; Ilargi berriak zen ondoen deskribatzen gintuen izena.

Nolakoa izan zen Kepa Junkerarekin bizitako esperientzia hori?

Hasieran oso handi geratzen zitzaigun; Iratik, gazteenak, 13-14 urte zeuzkan. Egia esan, itsu-itsuan joan ginen; lehen aldiz geratu ginenean ez genekien zein gindoazen ere. Sei urte luze izan dira, eta gauza asko ikasi ditugu. Esperientzia oso aberasgarria izan da, eta esango nuke gaur egun orduan baino presenteago daukagula; orain konturatzen garelako zer geneukan garai hartan.

Bi urte geldirik egon ondoren batu zarete berriz. Zerk bultzatuta?

Bakoitzak bere bidea hartu zuen, eta, harremana mantendu dugun arren, ez geneukan talde bat sortzeko asmorik. Baina Arrasatetik deitu ziguten, ordu eta erdi inguruko erromeria bat jotzeko. Hor proposatu ziguten zazpiok batera jotzea, eta animatu ginen. Azkenean, hainbeste urte egin ditugunez batera, ezagutzen dugu elkar, eta zerbait bizkor prestatzeko moduan geunden. Entseatzen hasi ginen, eta konturatu ginen faltan botatzen genuela, oso gustura egiten genuelako.

Baina Arrasatekoa ez zen dei bakarra izan.

Arrasateko erromeria egin ondoren, Nafarroako Trikitixa Jaialditik deitu ziguten, parte hartzeko. Baietz esan genuen, motibatuta eta pozik geundelako. Hiru abesti horiek apur bat gehiago landu genituen, eta izena aldatu genuen jaialdira joateko. Telebistan eman zutenez, gertuko udaletxeetatik hasi ziren deika. Lehenengo kontzertua Eskoriatzan [Gipuzkoa] izan zen, eta beste bi kontzertu eman ditugu.

Nola definituko zenuke zuen musika estiloa?

Folk garaikidea dela esan daiteke. Oinarri tradizional batetik hasi gara, eta gure kutsua eman diogu. Gehienak euskal kopla tradizionalak dira, betiko kopla eta doinuak, baina beste buelta bat emanda. Bertsio batzuk ere jotzen ditugu, eta orain hasi gara poliki-poliki gure kantuak sortzen; sortze prozesu horretan gaude oraintxe bertan.

Lehiatik ezagutzen duzue elkar, baina kolektibora egin duzue jauzi.

Txapelketetan ibili gara, baina gure artean ez da egon lehiakortasunik; lagunak ginen. Gero, Kepak elkartu gintuen momentutik, gure artean sekulako konplizitatea egon da. Ordutik, konexio berezi bat dago gure artean, eta familia txiki bat osatu dugu.

Zazpiok zarete emakumeak, eta gazteak.

Garaiak aldatu egin dira, nik uste, eta gaur egungo egoera ez da duela 50 urteko egoera bera. Jende askok esan digu, eta egia da, bistara oso indartsua dela zazpi emakume taularatzea, gainera trikitiaren munduan urteetan ibili ondoren. Baina guretzat kasualitatez sortutako zerbait izan denez, berez atera zaigu; zerbait naturala izan da.

Nola eragin du pandemiak zuen proiektuan?

Gure kasuan positiboki eragin du. Pandemia egongo ez balitz, agian ez genukeen aukerarik edukiko lehen kontzertu hori egiteko. Izan ere, talderen batek, kanpokoa zelako-edo, huts egin zuen Arrasateko kontzertuan, eta gu herrikoak ginelako deitu ziguten. Oraintxe hasi gara kontzertuak ematen, eta asteburuero daukagu kontzertu bat; ezin gara kexatu. Guretzat hau zaletasun bat da, eta ahalik eta gehien disfrutatzen dugu. Publikoan igartzen da: giroa ez da lehengo bera, jendea musukoarekin dago... Baina proiektu gisa ez digu kalterik egin.

Nolako harrera izan duzue lehen kontzertuetan?

Oso ona. Eskoriatzako kontzertua oso familiarra izan zen: denak ziren ezagunak. Hainbeste denboraren ondoren berriro elkartzea eta publikoan jende ezaguna ikustea polita izan zen. Giro ona sortzen da, eta pozik gaude; gu, oraingoz behintzat, disfrutatzen ari gara. Aurrera begira, kontzertuak jotzen jarraitzea da asmoa, eta ikusiko dugu nora iristen garen. Zazpion artean egiten dugu dena; hortaz, pixkanaka goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.