ATZEKOZ AURRERA. Laura Latorre. Gizarte hezitzailea eta idazlea

«Testuek maitasunaren eta erlazioen diskurtso nagusia irauli nahi dute»

Ikuspuntu feministatik maitasunari buruzko diskurtso nagusiak, aginduak eta dogmak zalantzan jartzen dituen argitalpen bat ondu du Latorrek, hainbat egileren 11 testuk osatua. Gasteizen aurkeztuko du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Maitasun «hurbila eta posiblea, singularra eta politikoa» uztartzeko asmoz ekin zion Laura Latorre (Madril, 1975) gizarte hezitzaileak Conjugar el amor. Escritos alternativos al discurso amoroso liburuari (Maitasuna jokatu. Maitasun diskurtsoaren ordezko idazkiak), maitasunaren inguruan eraikita dauden diskurtsoak iraultzeko. Hainbat egilek parte hartu dute liburuan, eta Gasteizen aurkeztuko du ostiralean, Zapateneon, 19:00etan.

Zer jasotzen du liburuak?

Hainbat egilek idatzitako 11 testuk osatzen dute liburua; maitasunaren eraikuntza patriarkal eta kapitalista zalantzan jartzen ari den jendea da. Asmoa zen horietako bakoitzak bere ahotsetik eta ulermenetik aztertzea zalantzan jartzen den hori, eta istorio horiei bide ematea, maitasunari eta harremanei lotutako diskurtso nagusia apur bat irauli nahi dutelako. Askotarikoa da liburua, eta planteamendu askotatik abiatzen da.

Zergatik otu zitzaizun hori egitea?

Nire lanaren jarraipena izan zen, hala nola tailerrak ematen ere aritzen bainaiz maitasuna eta harremanak birpentsatzeko. Are, aurrez beste liburu bat ere idatzitakoa naiz: Polifonia amorosa. Testuek egia handia dute, zintzotasunez jasotakoak dira, eta, iruditu zitzaidan horien bidez posible zela beste pertsona batzuen bizitzari laguntzea, mundu berriak eraikitzea eta maitasunari buruzko bestelako kontakizunak sortzea.

Zer kontatzen da testuetan?

Komunean duguna da pertsona guztiok maitasunari buruzko diskurtso nagusiak, aginduak eta dogmak begirada feministatik jartzen ditugula zalantzan, baina bakoitzak ezberdin planteatzen ditu egoerak. Testuetako batean, esate baterako, amatasunetik abiatuz hitz egiten da, posizio horretan egonda nola arakatu daitekeen maitasuna; beste batean, itsua ez den maitasunaz hitz egiten da, hezten gaituzten gehiegizko betebehar horiek ikusteko aukera ematen digunaz. Nik, berriz, maitasunarekin lotzen dugun askatasunaren ideiari buruz hausnartu dut.

Eta ba al dago askatasunik?

Askatasunaz hitz egin nahi nuen, baina eraikuntza patriarkal eta kapitalista moduan, askatasun indibidualistaren ideia nabarmenduta eta horrek gure bizitzan eta harremanetan dituen ondorioez hausnartuta. Harreman prekarioen eta askatasun indibidualistaren ideiak gure mugak bortxatzera garamatza, eta, beraz, askatasunaren ideia monolitiko hori zalantzan jarri nahi nuen. Pentsatu nahi nuen nola esplora dezakegun aske izateko dugun gaitasuna horrenbeste agindu, dogma eta betebeharrik gabe. Hor asko hitz egiten dut askatasunaz, baina eraldatzeko gaitasun gisa, askatasun indibidualaren ideia hori iraultzeko.

Egun, zein da maitasunari buruzko diskurtso menderatzailea?

Nagusi diren diskurtso asko daude, baina niri oso interesgarria iruditzen zait bizi garen sistemak diskurtso nagusi horiek gizartean sartzeko dituen kontrol tresnak zalantzan jartzea. Maitasunari dagokionez, badira hiru beti berrekartzen ditudanak, baina oso arriskutsuak iruditzen zaizkidanak. Uste dut liburu honetan horiek iraultzeko aukera ematen dela.

Zeintzuk dira?

Kontrol sistema horietako bat da sinetsaraztea maitasuna giza izaeraren parte dela, eta naturala. Tresna hori eraginkorra da, naturala den guztia ezin delako aldatu. Kontrolerako erabiltzen den beste tresna oso neoliberal bat da gertatzen zaigun guztia arazo indibidual bihurtzea, eta horrek immobilizatu eta atomizatu egiten gaitu, baina, batez ere elkarrekin ez egotera bultzatzen gaitu. Hirugarren puntua bizitzaren normalizazio androzentriko eta neoliberala da. Esaten digu zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta hori maitasunaren esparrura eramanda ikaragarria da. Horiek irauli nahi ditut.

Kolektiboki jarduteko?

Oso interesgarria iruditzen zait termino kolektiboetan hitz egitea, aipatzea nola ari garen kolektiboki migratzen azken batean indarkeriaren erretorika besterik ez diren diskurtso dominatzaile horietatik.

Beraz, hausnarketarako liburu bat al da?

Uste dut argitalpen honetan egia bakar horietatik urruntzen garela, eta ez garela saiatzen inolako diskurtso monolitikorik ematen. Liburuan badago hari komun bat, baina interesgarria da ikustea testuen artean badirela kontraesanak ere: denok ez dugu gai berbera jorratzen, ez dugu modu berean egiten, eta ez gaude ados gauza guztietan. Hori irabazia da, baloratu beharreko zerbait. Izan ere, gure kulturan homogeneizaziorako joera handia dago, eta badirudi denok berdin pentsatu behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.