ATZEKOZ AURRERA. Pello Alberdi eta Jon Rodriguez. Biziz proiektuaren sortzaileak

«Oihartzuna eman nahi diogu zenbait GKEk egiten duten lanari»

Biziz proiektuak oihartzuna eman nahi dio Afrikako eta Asiako zenbait GKE gobernuz kanpoko erakundek egiten duten lanari. Horretarako, sortzaileek zenbait herrialde bizikletaz zeharkatuko dituzte.

GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun

Afrikako eta Asiako zenbait gobernuz kanpoko erakundek egiten duten lanari oihartzuna eman. Horixe da Biziz proiektuaren helburua. Pello Alberdi (Hernani, Gipuzkoa, 1997) eta Jon Rodriguez (Ordizia, Gipuzkoa, 1997) dira proiektuaren sortzaileak, eta irailaren 15ean hasiko dute bizikleta gaineko abentura. Munduko hainbat txoko zeharkatuko dituzte, beraz, pedalei gogor eraginez. Instagramen emango dute euren berri bidaian, eta BERRIAren webgunean ere txoko bat izango dute bidean egiten dutena azaltzeko: Biziz bloga.

Afrika eta Asia ezagutuko dituzue bidaia honetan.

RODRIGUEZ: Bai. Bi bloketan banatu dugu bidaia. Lehendabizi, irailaren 15ean hartuko dugu hegazkina Bartzelonan, eta Johannesburgora [Hegoafrika] abiatuko gara. Bertatik Kenyarako bidaia herriz herri egingo dugu bizikleta gainean; Zimbabwe, Mozambike, Malawi eta Tanzania zeharkatuko ditugu.

Bigarren blokea Thailandiatik abiatuko dugu, eta Kirgizistanen amaitu; Myanmar, India, Nepal, Pakistan eta Tajikistanetik igaroko ditugu. Bi blokeen arteko trantsizioa hegazkinez egitea da asmoa.

Zer helbururekin antolatu duzue bidaia?

RODRIGUEZ: Gure helburua da herrialde horietako gobernuz kanpoko erakunde batzuek egiten duten lana ezagutaraztea eta oihartzuna ematea. Horretarako, lehenengo blokeko herrialde bakoitzeko pare bat GKErekin jarri gara harremanetan, eta esan digute gu jasotzeko prest daudela. Bigarren blokeko GKEekin beranduago jarriko gara harremanetan; horrelako bidaia batean ezinezkoa baita zehaztea noiz egongo garen non.

ALBERDI: Horretaz gain, gozatzeko helburuarekin ere antolatu dugu bidaia. Nire kasuan, esaterako, txikitatik gustatu izan zaizkit horrelako abenturak. Beraz, aukera ona dela iruditzen zait.

Zergatik bizikletaz?

ALBERDI: Biok gara kirolariak eta gogoko dugu bizikletan ibiltzea. Eta, behin abentura abiatuta, zer hoberik bizikletaz egitea baino!

Bizikletak aukera ematen du bidaia lasai egiteko. Izan ere, ohituta gaude gauzak azkar eta denbora jakin baten barruan egitera. Eta, hain justu, hori saihestu nahi dugu; bidaiaz gozatzea baita asmoa.

RODRIGUEZ: Askatasun handia ematen du bizikletak; nahikoa da beharrezko diren gauzak zakutoan sartu eta bidaiaz gozatzearekin.

Egin duzue halakorik lehenago?

RODRIGUEZ: Nik bai. Ez dira izan egingo dugunaren dimentsio berekoak, baina pare bat zikloturismo ibilbide egin ditut: Donejakue bidea eta Pirinioetan zeharrekoa.

Irailean egingo duzuen bidaia zerk desberdintzen du gainerakoetatik?

RODRIGUEZ: Orain arte egin ditudanak beti izan dira etxetik gertu. Eta, horrelakoetan, bertako bizimodua eta kultura ezagutzen dituzu. Oraingoan, ordea, etxetik urrun egongo gara, ezagutzen ez dugun toki eta bizimodu batean; baina, era berean, horrek badu bere xarma.

Zer esan dizuete etxekoek?

ALBERDI: Gure adinean aukera paregabea dela. Beraz, esan digute, batez ere, bidaiaz gozatzeko.

Eta ez dizuete esan ea zoratuta zaudeten?

RODRIGUEZ: Hori bazekiten lehendik ere!

Jaso duzue laguntzarik bidaia egiteko?

ALBERDI: Mondragon Unibertsitatean ikasitakoak gara biok. Eta bertako irakasle batzuei aurkeztu genien proiektua. Pozarren hartu zuten ideia, eta gurekin elkarlanean aritzeko asmoa dute.

Zer sartuko duzue motxilan?

ALBERDI: Ez pentsa horrelako bidaia batek motxilan gauza asko sartzea eskatzen duenik. Urtebeterako edo astebeterako bidaia baterako gauza berberak sartu behar izaten dira motxilan.

RODRIGUEZ: Gauzarik oinarrizkoenak eramango ditugu hemendik, eta bidaian behar ditugun gauzak bisitatuko ditugun herrialde horietan lortzen saiatuko gara.

Non egingo duzue lo?

ALBERDI: Kanpin dendan. Esan digutenez, bertako jendeari bertan lo egin dezakegun galdetuz gero, ez omen dute inongo trabarik jartzen. RODRIGUEZ: Bidaia hau antolatzeko, aurretik bidaia hau egin dutenekin jarri ginen harremanetan, eta esan ziguten beti besoak zabalik hartu ohi dutela jendea. Beraz, gu ideia horrekin goaz, baina, betiere, bertan lo egin ote dezakegun galdetuko dugu.

Bidaian nola jarraitu ahal izango da zuen arrastoa?

ALBERDI: Batetik, BERRIAren webgunean blog bat egingo dugu, eta bertan idatziz emango dugu gure berri. Bestetik, Instagramen ere gauza bera egingo dugu, baina bideoen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.