ATZEKOZ AURRERA. Nerea Apodaka. Artista

«Lan hau berrespen bat da: gauzarik txikienak izan daitezke bitxienak»

Erabaki arrazional bat hartu ordez, intuizioari jarraitzeko hautua egin zuen Apodakak, eta horrela osatu du bihar Laudion aurkeztuko duen erakusketa: 'Toys'. Harribitxiekin osatutako daga bereziak egin ditu.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Dagak hartu ditu oinarritzat Nerea Apodaka artistak (Laudio, Araba, 1992) sortu duen azken lan sortan. Helburuetako bat objektuei berez ezarritako funtzioei bira bat ematea da; kasu honetan, labana batzuei. Laudioko Lamuza parkeko kultur laborategian aurkeztuko du Toys erakusketa, bihar, eta igandera arte egongo da lan horretaz gozatzeko aukera.

Bihar da inaugurazioa. Zer aurkeztuko duzu?

Laudiorako sortu dudan erakusketak Toys izena du, eta nire ideia printzipioz izan da dagaren figura lantzea. Nik, normalean, oso figura handiak egin ditut, totem itxurakoak, eta gero bestelako batzuk egiten hasi nintzen, txikiagoak; orain, dagaren figura edo ideia hartu dut, eta labana antzeko batzuk egin ditut.

Hala ere, lehen begiradan ez dute labana itxurarik.

Daga bereziak dira; bitxiekin egindakoak, eta harribitxiak dirudite. Beraz, dagaren funtzioa ere bertan behera uzten dut. Izan ere, izatez, dagak erasotzeko edo hiltzeko erabiltzen dira, baina hauekin ezinezkoa da hori egitea, min gutxi egingo luketelako edo apurtu egingo liratekeelako. Baina esandakoa: ia bitxigintza dela dirudi.

Eta nola iritsi zara daga horiek egitera?

Bilbo Arteko beka batean eman nuen izena, eta lortu nuen. Hala ere, prozesuaren erdian, Laudioko aukera hau sortu zen. Ez nengoen ziur erakusketa honetarako pieza hauek egin ala ez; badirudi Euskal Herrian emakume eskulturagilea izateko gauza handiak egin behar direla, hala nola zura eta halako material nobleak erabilita; gauza abstraktuak. Baina azkenean honen aldeko hautua egin nuen.

Zure barruari men egin zenion?

Nik ez nekien zergatik egin nuen dagen aldeko hautua; erabakia ez zen arrazionala izan, intuitiboa baizik, baina neure buruari kasu egin nion, kanpotik inork esan gabe zer egin behar nuen. Lan hau berrespen bat ere badela esan dezaket: gauzarik txikienak izan daitezke bitxienak, eta gauza monumentalak egiteko ez da bakarrik tamaina behar. Hau da, handiak ez du zertan monumentala izan, eta teknika ez horren puristekin, akademikoekin eta lehen mailakoekin ere egin daitezke maila bereko gauza interesgarriak. Hori da nire ustea.

Eta egindako lan horiek kontainer batzuetan jarriko dituzu.

Bai, eta zaila egiten zait nola erakutsi erabakitzea, egindako lanak oso txikiak direlako. Beste kasuetan, normalean, figurekin eta hondoekin jokatzen dut, baina, orain, besteak beste, adreiluekin eta liburuekin egin ditut mahai antzeko batzuk. Lanak era horretara antolatu ditut parkeko kontainerretan.

Lana ere eremu horietan gauzatu al duzu?

Nire kasuan, ez. Interesgarria izango litzateke, baina ez dago instalazio nahikoa nik behar nuenerako. Eskultura tailer batean egin behar ditut lan hauek, eta batez ere lehen partea: gereziondo batetik ateratako materiala da, nik inausi eta landua, eta, horretarako, makina bereziak behar dira. Horren gainean gehitu dizkiot gerora bitxiak. Baina ondo legoke Laudion ere horretarako espazio bat egotea; ez soilik artistentzat, baita herritarrentzat ere. Bilbo Arten, adibidez, badago horretarako aukera, erabiltzaile izanez gero.

Toys jarri diozu izena erakusketari; alegia, jolasak. Zergatik?

Ez nengoen ziur zer izenburu jarri erakusketari, prozesu baten erdian harrapatu nauelako ere, baina galeristak esan zidan Toys gustatzen zitzaiola, lanak baduelako osagai ludiko bat ere. Izan ere, uste dut lanak osatzeko prozesua oso ludikoa izan dela; hein batean, jokoan aritu naiz piezekin osotasun bat lortzeko. Gainera, asmoa da berriro ere testuinguruan jartzea ideiak, irudiak eta kontzeptuak.

Nola?

Normalean, gizarte kapitalistak, sardexka bat eman, eta esaten dizu ziztatzeko dela; era horretan, objektu bakoitzaren funtzioa zehazten du. Beraz, horri eginiko kritika bat ere bada lan hau; jada egunerokoan zehaztuta dauden funtzio horietatik bereizteko beharra islatu nahi izan dut.

Zer egingo duzu gerora begira?

Orain pieza handiagoak ari naiz lantzen, ez direnak horren zurrunak, baizik eta naturalagoak. Artgia galerian aurkeztuko ditut azaroan, Gasteizen, eta asmoa da piezei haragi gehiago ematea, ohi baino gehiago gorpuztea, eta horren detailetxodunak ez izatea.

Nola ulertu behar da artea?

Artea ez da nola pentsatu behar den esatea norbaiti; kezkak eta eztabaidak sortzeko balio behar du, etairitziak trukatzeko. Oso gizatiarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.