ATZEKOZ AURRERA. Fernando Arnaiz. Idazlea

«Tximeletek puzkerrak botatzen dituzte, bai»

Galderarik xaloenei emandako erantzunik zientifikoenekin ondu du Arnaizek '¿Se tiran pedos las mariposas?' liburua. Gidari boluntarioa da Madrilgo Natur Zientzien Museoan, eta uzta ezin oparoagoa jaso du han.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Haurren xalotasunetik datoz galderak, eta helduen ezustekoetatik erantzunak. Horixe da Fernando Arnaizek (Bilbo, 1961) idatzitako liburuaren proposamena: baliatzea batzuen jakin-mina, asetzeko besteen erakutsi nahia. Umorez, ironiaz, eta titulu «ganberro samar» batekin: ¿Se tiran pedos las mariposas? [Tximeletek puzkerrak botatzen dituzte?].

Ez da komeni hasieratik galderari erantzutea, ezta?

Nahiago duzuna.

Amaierarako uztea hobe?

Ados.

Baina galdera nork egin zuen esan dezakezu?

8 bat urteko neskatila bat izan zen, museora egindako bisita batean. Guadarramako mendilerroari eskainitako areto bat dago, intsektu mordo bat dituena. Tximeletak dira horietako batzuk, eta deskubritu zen lehenengoa 1849koa da. Oso famatua egin zen. Europako politena zela zioten. Taldeak aurrera egin zuen, baina neska atzean gelditu zen, tximeletari begira. Gidariak uste zuen sexuari begira ari zela, adin horretan oso ohikoak baitira animalien sexuari buruzko galderak, baina ezustekoa hartu zuen neskak galdetu zionean: «Botatzen dute puzkerrik tximeletek?».

Erantzunik gabe gelditu zen?

Xalotasunetik egindako galderak dira, baina euren logika dute. Umearen tokian jartzen zara, eta auskalo nola iritsi den galdera horretara. Heldu bati ez zaio halakorik bururatzen. Umeek ez dute halako filtrorik; kuriositatea dute sekulakoa, eta halako galderak egiten dituzte. Helduak mediatizatutago gaude.

Eta nola bururatu zitzaizun hori liburu batera eramatea?

Ideia bera horrelako beste bisita batean sortu zen. Orduan mutiko batena izan zen galdera, eta niri egin zidan: «Non daukate ipurdia iktiosauroek?». Izurdeen antzeko uretako dinosauro batzuk dira iktiosauroak. Tokiz kanpo harrapatu ninduen galderak. Amaitu zen bisita, eta beste gidariekin hitz egin nuen —bisiten amaieran beti gelditzen gara egunari buruzko errepasoa egiteko—. Komentatu nuen zer gertatu zitzaidan, eta konturatu nintzen guztiok genuela halako galderen inguruko anekdotaren bat. Orduan bururatu zitzaidan liburua idaztea. Baneuzkan pare bat nobela idatzita aurretik, baina zientziaren dibulgazioan sekula aritu gabekoa nintzen, nahiz eta dibulgatzaile askoren liburuak irakurritakoa naizen eta irakurtzen ditudan.

Eta bilketa bat egin zenuen?

Bai, beste gidari boluntarioekin egon nintzen, eta ideia ezin hobea iruditu zitzaien. Museoko zuzendaritzakoei ere bai, eta ate guztiak zabaldu zizkidaten, baita museoko hezitzaileekin egoteko aukera ere.

Nola antolatu zenuen liburua?

Gaika. Nire asmoa ez zen anekdotak biltzea bakarrik, baizik eta han egiten ziren galderei erantzun zientifikoak ematea. Anekdota horiek erabiltzea hari gisa, liburua eta erantzunak josteko.

Gidari horiei egindako omenaldi bat ere bada? Ederrak entzun beharko dituzue...

Egia da gu boluntarioak garela, eta dakiguna irakastea gustatzen zaigulako egiten dugula, baina oso lan atsegina da. Asko gara, eta bada haiek omentzeko liburu bat ere.

Eta nolatan zara zu gidaria? Kimikan lizentziaduna, petrolio eta gas naturalaren nazioarteko merkataritzan aditua...

Zeinen arraroa, ezta? [barrez].

Apur bat bai...

Bada, kasu arraroagoak badaude!

Zein da zurea?

Erretiroa hartu aurreko egunetan, lanera bidean, elkarrizketa bat entzun nuen irratsaio batean. Museoko boluntario bat elkarrizketatu zuten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan; ez nekien museoetan boluntarioak existitzen zirenik ere. Baina kuriosoena zen gizon hura banketxe batean zuzendari izandakoa zela. Pentsatu nuen nire baitan: «Banketxe bateko zuzendaria natur zientzien museo batean gidari? Ni, gutxienez, kimika ikasitakoa naiz!». Astrologia, biologia, eboluzioa... gai horiek asko gustatu izan zaizkit beti, asko irakurritakoa naiz horien inguruan, eta erretiroa hartu nuen egunean bertan erabaki nuen boluntario gisa aurkeztea.

Zientziaren dibulgazioa modu egokian egiten da?

Motz gelditzen gara; ez da behar beste egiten. Geroz eta gehiago dago, baina oraindik ere bazterrekoa da. Beste informazio mota batek du lehentasuna, eta zientzia, askorentzat, zerbait iluna eta zaila da. Jendeari asko kostatzen zaio dibulgazio liburu bati aurre egitea, nahiz eta oso didaktikoa izan. Badago hor hesi moduko bat.

Iritsi da galderari erantzuna emateko garaia.

Bilbon jaiotakoa naiz, baina Coruñan hezitakoa. Erantzungo dizut galiziarrek Padrongo piperrei buruz erantzuten duten bezala: «Uns pican e outros non». Alegia: tximeleta batzuek puzkerrak botatzen dituzte; beste batzuek, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.