ATZEKOZ AURRERA. Wendy Flores. Nikaraguako abokatua

«Protesta eginez gero, erbestea, kartzela edo heriotza dira aukerak»

Nikaraguarren giza eskubideen alde buru-belarri ari da lanean Flores, 2018ko apirilean hasi zen «basakeriaren» osteko jazarpenak salatzen. Horri buruz aritzeko hitzaldi bat emango du Gasteizen.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Nikaraguak duen egoera izango du hizpide Wendy Flores abokatuak eta giza eskubideen defendatzaileak (Santo Domingo, Nikaragua, 1981) urriaren 26an Gasteizen emango duen hitzaldian, Estrategias de resistencia, justicia y reparación en Nicaragua (Erresistentzia, justizia eta erreparazio estrategiak Nikaraguan) izenpean. Internet bidez izango da, eta, besteak beste, bertako herritarrek jasaten duten errepresioan jarriko du arreta.

Nikaraguaz hitz egingo duzu, baina Costa Rican zaude. Zergatik?

Giza eskubideen defendatzailea naiz, eta Cenidh Nikaraguako Giza Eskubideen Zentroan egon nintzen urte luzez. 2018ko abenduan, baina, ezeztatu egin zuten, eta zentro horretako legezko taldea osatzen zuen gehiengoa herrialdetik atera zen; areagotu egin zen defendatzaileen aurkako jazarpena. Kriminalizazioaren mehatxua ere hor zegoen.

Zu ere horren parte izan zinen?

2019ko urtarrilean Costa Rican geunden; gure herrialdea utzi genuen, eta min handia genuen gertatutako guztiarengatik, baina baita erresistentziarako eta borrokarako gogoa ere, giza eskubideen alde egitekoa. Nikaraguatik at egonda ere lanean jarraitu genuen, biktimekin kontaktuan eta jazarpenak salatzen. Orduan sortu genuen Nicaragua Nunca+ taldea ere. 400 kasu baino gehiago jaso ditugu, eta horietatik 117 zentro klandestinoetan, polizia etxeetan edo espetxeetan egondako preso politikoenak dira.

Zer salatzen dute preso politiko horiek?

Torturak eta tratu krudelak, ankerrak eta umiliagarriak jasan zituzten, protestetan parte hartzeagatik eta gobernua kritikatzeagatik, besteak beste. Tortura horiek gizatasunik gabeko pertsonek eginikoak dira, gobernua arduratu da herrialdeko funtzionarioak deshumanizatzeaz preso politikoak torturatzeko.

Ez dira nolanahiko kontakizunak.

Horregatik salatu behar da basakeria hau. 2018ko apirilean hasi zen, eta badakigu ordutik irailera arte 328 pertsona hil zituztela gutxienez, baina kopurua handituz joan da; hilketak ez dira gelditu. Halere, ez dugu hildako gehiagorik nahi; beraz, horregatik daude batzuk etxean sartuta eta beste batzuk erbestean. Protesta eginez gero, erbestea, kartzela edo heriotza dira aukerak. Hori utzi digu gobernuak.

Aliantzak ere badituzue beste kolektibo batzuekin.

Bai, hala nola herrialde barruan dauden erakundeekin, eskari eta laguntza prozesuetan indar eta kohesio handiagoa izateko. Pertsonalki, Erdialdeko Amerikako defendatzaileen ekinbideko kidea ere banaiz; Nikaragua ere horren parte da, eta herrialdeko defendatzaileen aurkako erasoak erregistratzea eta laguntza ematea da asmoetako bat.

Eta nolakoa da andreen egoera?

Nikaraguako andreen giza eskubideetan atzerakada egon da. Herrialdeko emakumeen mugimendu zabalak urteetan egin ditu ahaleginak andreak indarkeriaren aurka babestuko zituen lege bat onar zedin; lege integral bat onartu zen, baina azkar eraldatu zuten, legeari indarra kenduz. Biktimak babesgabe daude, eta, gainera, errepresioaren, diktaduraren eta pandemiaren eraginpean. Estatuak utzi egin dio kasuak erregistratzeari; ikusezin bihurtu du indarkeria. Halere, barne erresistentzia dago; feminista asko borrokan ari dira.

Memorian ongi iltzatu behar al da gertaturikoa?

Erbestean dugun giza eskubideen kolektiboarekin, urraketa horiek dokumentatu nahi ditugu, gertatutakoa ahaztuta gera ez dadin, gure memoriaren parte izan dadin, eta, denborarekin, egun nikaraguarrok herrialdean bizitzen ari garen historia errepika ez dadin. Iraganean, giza eskubideen urraketa handiak egon ziren, Somozaren diktadura, adibidez. Urraketa handiak izan ziren, baina prozesu horiek zigorrik gabe gelditu ziren, eta, ondorioz, egun jasaten ditugu justiziaren bidean irtenbiderik izan ez zuten prozesu horien ondorioak.

Historia ezin da errepikatu?

Hori da nikaraguarron eskaria, eta 2018an gertatutakoa zigorrik gabe ez gelditzea. Nikaraguako diktadura ez da amaitu, boterean dago, eta nikaraguarrok ez dugu askatasunik. Herrialdetik irteten saiatu diren defendatzaile askori pasaporteak kendu dizkiete, inolako azalpenik gabe; herrialde barruan dauden pertsonak, nolabait, kartzelatzat dute Nikaragua.

Zer gertatuko da etorkizunean?

Espero dugu diktadura amaitu ondoren abusuak eta bidegabekeriak jasan dituzten biktimak justiziaren bidean jartzea. Gu hor egongo gara haiei laguntzeko, eta batez ere nikaraguarren giza eskubideak urratu dituzten erasotzaileak, hari nagusiak eta jarduteko erak aurkitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.