ATZEKOZ AURRERA. Jordi Calvo. Ikerlaria

«'Kontrol' hitzak adiera ezberdinak ditu armen merkatuaz hitz egitean»

Urteak daramatza Calvok armen salerosketa ikertzen, Delas zentroan. Industria hori kontrolatzea posible den ala ez: galdera hori izango du hizpide Gasteizen bihar emango duen hitzaldian.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Industria militarraren eta arma salerosketaren inguruan hitz egingo du Jordi Calvo ikerlariak (Castello, Herrialde Katalanak, 1975) bihar, Gasteizko Europa biltzar etxean emango duen hitzaldian, 19:30ean. Zehazki, arma trafikoa kontrolatzea posible ote den, galdera horri erantzuten saiatuko da, Bartzelonako Delas Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroan egindako ikerketen ondorioak hizpide hartuta.

Posible al da arma trafikoa kontrolatzea?

Nire erantzuna azken urteetako lanaren emaitzaren ondorioa da. Orain ditugun mekanismoekin, itxuraz, badirudi kontrol bat badagoela arma horiek gatazka armatuak dauden tokietara edo giza eskubideak urratzen diren lekuetara iristeko. Baina armen kontrolari buruzko legediak erakutsi du armen esportazioa ez dela murriztu, eta arma horiek aipaturiko eremuetara iritsi, iristen direla.

Beraz, ezetz da erantzuna?

Orain arte ez dugu lortu, baina aurkitu daiteke era bat gerran dauden herrialdeei armak emateko eta araua betetzen ari dela esateko. Espainiako eta Europako Batasuneko kasuak aztertu ditugu armen helmuga zein den jakiteko. Legeek jasotzen dituzten irizpideen arabera, armak ezin dira esportatu leku batzuetara bertako egoerarengatik, baina ausartzen naiz esatera bost armatatik bat legeak propio jasotako tokietara iristen dela, eta hori ondoriorik gabe gertatzen da. Halere, eragile ezberdinak daude sartuta nazioarteko armen salerosketaren logikan, eta, horientzat, kontrol hitzak adiera ezberdinak ditu armen merkatuaz hitz egitean.

Nola ulertu behar dira adiera horiek?

Gizarte mugimenduentzat eta bakearen eta giza eskubideen ikuspegitik lan egiten dugunontzat, kontrolak murrizketa edo ezabaketa esan nahi du, baina adiera ezberdina da enpresa horiek dauden lurraldeko gobernuentzat. Haiek kontrola sustapenarekin uztartzen dute, negozio bati segurtasuna ematearekin eta laguntzearekin. Legeak eta araudiak egon arren, ikusi dugu armen komertzioa era basati batean handitu dela; esate baterako, Espainian hamar aldiz handitu da hamarkada batean. Beraz, kontrola egon badago, baina ez arma horiek leku horietara ez iristeko, baizik eta enpresek etekinak ateratzeko.

Beraz, iristen dira armak. Baina nola?

Itsasoz, airez edo lurrez, inolako arazorik gabe, legezko salmenta bat delako eta estatuak babesten duelako. Enpresa batek salmenta bat adosten du eroslearekin, adibidez Saudi Arabiako Gobernuarekin, eta, horren ostean, enpresa horrek gobernura jotzen du arma horien esportazioa baimentzeko. Gobernuak erabakiko du lizentzia hori eman ala ez, lehen aipaturiko irizpideak aplikatuta, baina, hala ere, jarraitzen dute armak saltzen giza eskubideak urratzen diren edo gatazka armatuak dauden lurraldeetan.

Zerk egiten du hor huts?

Irizpide horiek erabat subjektiboak dira. Ez dago zerrenda bat; gobernu bakoitzak bere txostenekin erabakitzen du ea urraketa bat dagoen ala ez. Baina sarritan ez da azaltzen ea enpresari lizentzia hori nola eman zaion; informazioa erabat sekretua da. Espainiaren kasuan ere horrela da.

Ez dago gardentasunik…

Ez dakigu nola hartu duten erabaki hori, eta hartua dutenek badakite ez dugula inoiz jakingo. Gizarte zibila kritika ugari egiten ari da, batik bat Yemengo gerrara doazen esportazioen inguruan, baina Espainiako Gobernuaren erreakzioa da esatea legeak ez duela funtzionatzen eta ex-post kontrolerako araudi bat ezarriko duela.

Zertan datza?

Esportazioa egin ondorengo kontrol bat da. Erosleek ziurtatzen dute ez dutela urratuko saltzailearen arauan jarritakoa. Hori paperean ondo gelditzen da, baina errealitatean ez da horrela, eta, beraz, orain planteatzen dena da lurraldeetara joatea eta bertatik bertara ikustea ea zertan erabiltzen den armamentua. Halere, hori izugarrikeria bat da, eta ez da bideragarria. Fartsa bat dela jakinda sortzen den kontrol bat da, porrotera bideratuta dagoena.

Enpresa eta gobernu horiek ere gatazka eta urraketa guneetako parte hartzaileak al dira?

Bai, noski. Negozioa egiteko interesa duten enpresak ditugu, eta enpresek negozioa egiteko interesa duten gobernuak, arrazoiak legitimoak ez badira ere. Azken batean, industria militarra sustatu nahi da, hala nola diru sarrera eta enplegu gehiago izateko. Are, armen salmenta kanpo politiketarako tresna bat ere bada, eta eragina du herrialde batek dituen nazioarteko harremanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.